Aurten 210 haur eta gaztetxo dabiltza Udako Jardueretan, eta 21 begirale eta bi koordinatzaile ari dira lanean parte-hartzaileei aisialdi hezitzailea eskaintzeko.
Uztailarekin batera, haur eta gaztetxoz bete dira herriko txokoak goiz partean. Ohiturari jarraituz, Udako Jarduerak antolatu ditu Udalak ekainaren 30etik uztailaren 24ra bitartean, eta gogotsu dabiltza parte-hartzaileak ekimen desberdinetan.
Lehen astean haur eta hezitzaileen arteko elkar ezagutza lantzea izan da helburua; horretarako adin tarte bakoitzari egokitutako hainbat ekintza egin dituzte taldeka banatuta: jolas kooperatiboak, ur-jolasak, Zubitara ibilaldia, irteera bizikletan eta eskulanak, besteak beste.
Horrez gain, DBH 2 eta 3. mailako gaztetxoek Karreane Kultur Etxean eskaini den LGBTI+ kolektiboari buruzko ekimenean ere parte hartu dute.
Datozen asteetan ere, dinamika bera jarraituz, aisialdi hezigarrian oinarritutako ekintzak egingo dituzte, herriari ere alaitasuna eta bizia emanez.