Badator Zaldibiara, nazioarteko sorkuntza burujabeaz ARKITEKTURA LANTEGIA

Datorren astelehenetik aurrera, uztailak 11, nazioarteko eta bertako arkitektura ikasle talde handi batek hartuko du gure herria. Xotil Natke Miguez eta Koldo Telleria Andueza arkitektura irakasleen eskutik, EHUko eta Innsbruck-eko (Austria) fakultateak lagun, “Gizartea bere espazio publikoen antolakuntza eta eraldaketan” udako ikastaroa hasi da gaurtik uztailaren 15era arte.

 

Gaur hasi da “Gizartea bere espazio publikoen antolakuntza eta eraldaketan” udako ikastaroa Donostian eta Zaldibian izango du jarraipena ondoren, uztailaren 15era arte.

 

              

 

Uztailaren 8an, jardunaldia burutzen ari dira Donostiako Miramar jauregian, “Gizartea bere espazio publikoen antolakuntza eta eraldaketan” nola inplikatu mahai-inguruak osatuz eta hainbat hizlariren laguntzaz.

Ondoren, ikastaroak Zaldibian izango du jarraipena, nazioarteko ikasleen akanpada eta guzti. Uztailaren 11tik 15era bitarte luzatuko da arkitektura lantegia eta aste betez herriko gune ezberdinak eta batez ere plaza, ikasleen lantegi bilakatuko dira. Hiri-altzarien diseinu eta eraikuntza, talde-lana, hausnarketa eta ekintza,... guztia uztartuko da 5 egunez.

Herritarrak ere aktibo izango dira esperientzia honetan eta egitaraua osatu da herriko Xirika Kultur Elkartearekin elkarlanean, lanaz gain bestelako eskaintza ere izateko.

UZTAILAK 11, ASTELEHENA: 19:00etan topaketen irekiera eta ikasleei ongietorria plazan

UZTAILAK 12, ASTEARTEA: 22:00etan bideo-emanaldia plazan

UZTAILAK 14, OSTEGUNA: 20:00etatik aurrera patata-tortila lehiaketa plazan

UZTAILAK 15, OSTIRALA: AMAIERA EGUNA

  • 17:00etan Udalbiltzaren eskutik: “Zaintzen gaituzten herriak” mahai-ingurua, Hernani, Usurbil, Segura eta Zaldibiako alkateekin eta Irati Mogollon soziologoak gidatua.
  • 19:00etan Arkitektura interbentzioen irekiera
  • 20:00etan Zo-zongo perkusio ikuskizuna
  • 21:30ean Sagardoa txotxetik eta afaria norberaren kontu plazan
  • 23:00etan Rukula taldearen kontzertua

Jardunaldi eta lantegi honekin, jarraipena ematen diogu aurtengo otsailean hasi eta datorren urteko ekainera arte iraungo duen proiektu esperimentalari, {Ertzetik erdira, espazioen sorkuntza auzolanean} proiektuari, alegia.

Udako ikastaroaren egitasmoak hainbat erakunderen sustengua du, tartean, EHU, Innsbruck-eko unibertsitatea, Udalbiltza, Zaldibia eta Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. 

Egunotan, beraz, dei egiten diegu herritarrei plazara eta ekintzetara gerturatu eta parte hartzeko!