Gaurkoa izango da Euskararen egunaren harira astean zehar hainbat zaldibitarri eginiko elkarrizketetan azkena. Bittor eta Lexuri Garcia aita-alabena da hitza.
Zer da zuentzat euskara?
BITTOR: Niretzat (euskaldunberria izanik) euskara izan da, eta bada, komunikatzeko tresna bat baino gehiago, beharbada bizitza beste modu batera ikusteko "zerbait". Horrez gain, eta era orokorrago batean (normalean beste hizkuntza gutxitu batzuk bezala), herri baten biziraupenaren nahiaren ezaugarririk garrantzitsuena da, edo garrantzitsuenetako bat behintzat.
LEXURI: Nire ama hizkuntza da. Txikitatik euskaraz hezi naiz, eta benetan eroso sentitzen naizen hizkuntza bakarra da.
Osasuntsu al dago euskara herrian?
BITTOR: Ez daukat datu zehatzik baietz edo ezetz esateko, edo beste garai batzuekin konparatzeko, baina pertzepzioa bada erdera gehiago entzuten dela herrian, askotan gainera euskaraz ari garelakoan.
LEXURI: Beno, azkenaldian mundu osoko leku ezberdinetatik etorritako jende asko dago herrian, eta hori nabaritu egiten da, batez ere umeen artean.
Kezka sortzen al dizue horrek?
BITTOR: Bai, noski. Zaldibia bezalako arnasguneak zaindu egin behar dira, hori euskaldun guztion eskuetan dago, norbanakoen konpromezuz kontzienteki eta txukun hitz eginez.
Eta beste aldetik Lexurik aipatu duena ere hor dago. Arazoa orokorra da, Euskal Herri mailakoa. Errespetu guztia etorri eta etorriko diren guztiei noski, ni neroni ere migranteen semea naiz, baina hizkuntza gutxituen kasuan ez dut uste globalizazioak mesede handirik egiten dienik. Hor du benetako erronka euskarak, ezagutzan, erabileran... Horretarako goi mailako instituzioetatik baliabide eta tresna integralak eta eraginkorrak beharko dira, ez da batere erreza izango ...
LEXURI: Bai, Zaldibia herri euskalduna izanik gustatuko litzaidake horrela jarraitzea, kalean euskara gehiago entzutea.
Herritarrok zerbait egin al dezakegu euskaren erabilera indartzeko?
BITTOR: Zalantzarik gabe, aurreneko gauza gutako bakoitza eredu izatea da, egunero, etxean, kalean eta behar den toki guztietan. Lehen aipatu dudan bezala, kontzienteki hitz eginez, euskarari lehentasuna emanez, euskaraz ahalik eta txukunen eginez...
LEXURI: Bai, euskaraz hitz egin.
Zein da euskaraz gehien gustatzen zaizuen hitza?
BITTOR: Hitza bera baino gehiago, hitz hori euskaraz nola erabiltzen den asko gustatu zait beti, "GURE": amona, etxea, aita, familia... -ri referentzi egiteko garaian, nik dakidala behintzat, beste hizkuntzatan "nire" erabiltzen da. Hitzaren erabilpenaren atzean dagoen esanahia gustatzen zait.
LEXURI: Ez daukat bereziki gustatzen zaidan hitzik, euskaraz hitz guztiak dira politak niretzat.