Plazako herritartze lanak amaitzear

Farolen buruak iritsi eta jarritakoan, eta euriak atseden pixka bat ematean egin beharreko azken ukituen faltan, udaletxe zaharra zegoeneko orubea erabilgarri dugu jada. Espazio publiko berri bat dugu orain plazan, datozen aste eta hilabeteetan lantzen eta hornitzen joango garena.

 

Urte hasieran iragarritako epeetan burutu dira plazako lanak: ekainerako martxan zen udaletxe berria eta abuztuan eraitsi zen zaharra. Ondoren, irailetik abendura arte Etxaide enpresa aritu da lurzoruko hiritartze lanak egiten

Lanen lehen fasea izan zen luzeena, lurrak kendu eta ur eta argi-indar kanalizazioak egin artekoa. Ondoren, Ecogranic deituriko hormigoizko lauza deskontaminagarriak kokatu dira. Bukatzeko, azken erremateak egingo dira eguraldiak pixka bat laguntzen duenean, eta farolen buruak jarriko dira.

Espazio zabala irabazi du plazak. Oinezkoentzako leku publikoak indartzeko bidean pauso bat gehiago da hau, herriko plazan gainera. Eremu berri hau gehituta, herritarrek plazari ematen dioten eta eman nahi dioten erabileraren eta beharren baitan garatuko da plaza. Zaldibi, plazara! prozesuan zehaztu ziren hainbat oinarri eta datozen hilabeteetan bide horretan sakonduko da, hausnarketa eta lanketa kolektibo eta partehartzaileak sustatuko direlarik horretarako. Garaia heltzean emango da honen berri. 

Bitartean, azken hilabeteetan obrek eragindako eragozpenak amaituta, herritarron topaketarako, jolaserako zein beste hainbat gaietarako gune garrantzitsua dugun plaza hau indartzen saiatuko gara pixkanaka. Segurtasun arazoak zituen iturria ordezkatuko da epe motzean eta behin-behinean bada ere parkeko txirrista berriro kokatuko da. Gainera, musika jarriko da plaza alaitzeko, momentuz ostiral arratsaldeetan