Herriko jostun eta bolondresei deia

Pasa den astean ezarri zen maskararen derrigorrezko erabilera eta sortu den beharrari erantzuteko JOSTUN BOLONDRESEN SAREA osatu nahi du Udalak. Josten jakin eta laguntzeko prest daudenek Udaletxera deitu behar dute. Jarraitu irakurtzen.

Pandemia hartzen ari den zabalpena ikusirik, maskara derrigorrez erabiltzea agindu du Osasun Sailak. Maskara elkar babesteko elementua dugu Covid-19 gaitzari dagokionez, baina gaizki erabiltzeak kalteak ere eragin ditzake. Erabilera bakarrerako diren maskarak behin eta berriz erabiltzea, garbiketa behar bezala ez egitea, tolestuta poltxikoan gorde edo besoan zintzilik eramatea... Denetarik ari gara ikusten. Hainbeste denboraz sudur eta aho aurrean erabili behar dugun oihala ondo zaintzea eta ondo erabiltzen ikastea beharrezkoa dugu gure osasunari kalterik ez egiteko. 

Hori dela eta, herritar asko ari dira maskara berrerabilgarriak eskuratzen handik edo hemendik. Kontuan izan edozerk ez duela balio, egiaztatu eraginkortasuna eta informatu ondo egin beharreko garbiketa eta abarrez. Udaletik, sortu den behar horri erantzun nahi diogu. Horregatik, herriko jostunei eta laguntzeko prest dauden bolondresei dei egiten diegu, zuen laguntza behar dugu. Maskara berrerabilgarriak egiteko beharrezko materiala Udalak eskuratu eta emango dizue, baita maskara nola egin ikasteko patroi eta formakuntza ere

Josten jakin eta laguntzeko prest daudenek Udaletxera deitu behar dute (943 88 03 57). Izen abizenak eta telefonoa eskatuko zaizue bertan. Josten jakin bai, baina makinarik ez baduzu eskura, deitu berdin Udalera eta saiatuko gara eskuratzen. Bihar bertan (uztailak 21, asteartea) lehen juntadizoa egiteko asmoa dugu 17:00etan plazan, prest agertu direnak lanean hasi ahal izateko. Bihar etorri ezin duenarentzat, halere, bilatuko dugu modua egin beharrekoa erakusteko, hori ez dadila oztopo izan. 

Ea bada gure deiak erantzuna izaten duen. Datozen egunetan, maskarei buruzko informazioa, egun ditugun aukera ezberdinak eta erabilera egokirako jarraibideak ematen jarraituko dugu. 

Zukati ta danokati, maskara beti!