Herri Hezitzaileak: 10. urteurren festaren atarian, hitzarmena berrituta

Zaldibia 2020an egin zen Herri Hezitzaileen sareko kide. Oinherriren ibilbidea, ordea, duela 10 urte hasi zen. Urteurrena ospatzeko topaketa eta festa antolatu da Garaion, eta herritarrei deialdia zabaltzeaz gain, hitzarmena berritu eta ikasturte honetako erronkez hitz egiteko elkartu gara Maite Azpiazu hezitzailearekin.

 

Oinherriren mezua:

"Oinherri jende ameslariak sortu elkartea da, 10 urtetan zehar formaz eta energiaz aldatu duena, jendeak eta jendeari asko eman diona, Euskal Herri hezitzailea amesten jarraitzen duena eta horregatik eta beste 11 arrazoiegatik Euskal Herri luze zabaleko kideekin batera ospatu nahi dugu urteurrena. 

Urte hasieran adierazi bezala, 2022an Oinherrik 10 urte bete ditu eta horretarako, ospakizun jaia antolatu dugu. Azken urteak ez dira errazak izan gutako bakoitzarentzako eta bizipen propioak izan ditugun arren, ezegonkortasun garaiak bizi izan ditugu eta bizitzen ari gara guztiak. Horregatik, elkarrekin egindako ibilbidea ospatzea nahi dugu, gaur gaurkoz ospatzeko eta hau elkarrekin egiteko unea dela deritzogu. 

Irailaren 30a, ostirala Garaion (Araba), Oinherri festa!"

EGITARAUA: 
9:30 - Harrera + gosaria 
10:00- Sarrera: Atzera begiratuz aurrera egin 
10:30- Garaion proiektua ezagutuz!
11:30- Esperientzien azoka
12:30- Aurrera begira zein behar ditugu gure herrietan? 
13:30-Oinbermutaz topaldia
14:00- Bazkaria 
 

Familientzat irekitako egitaraua:

16:30- Guztiok jolastera! 
17:00- Naturan jolasean eta auzolana 
19:00 Porrotxekin irri, kantu, dantza eta amets landaketa
Jarraian OINHERRI abestiaren aurkezpena eta kontzertuak...

  • Beira taldea 
  • Olatz Salvador akustikoan
  • Pintxada kolektiboa 

 

Zaldibia ere, beste urtebetez sarean lanean

Urteurrenaren aitzakian eta kurtso berria hasi berri den honetan, Jone Garmendia Alkaiaga Hezkuntza zinegotziak eta Eztitxu Mujika Mariezkurrena alkatea Oinherriko hezitzaile den Maite Azpiazurekin elkartu dira aste honetan.

Beste urte betez Zaldibia geroz eta handiagoa den Herri Hezitzaileen sarera lotu da eta ikasturte berriko erronka eta gaiak izan dituzte hizpide: festak eta haurren partaidetza, gaztetxoen aisialdi aukerak eta Zaldibi, gaztetxoen kabi proiektua, Eskola Kirola eta Oinherrik gaiari buruz hausnarketa kolektiboa bultzatzeko sortu duen euskarria, eskolako batzorde mistoak eta ikasle ordezkarien bilerak…

Saretze honi esker, Euskal Herriko txoko ezberdinetan garatzen ari diren esperientziak jasotzeko eta geureak hedatzeko aukera izaten dugu, baita hain lagungarri izaten den bide-laguntza ere.

 

Herri Hezitzaileen sareari buruzko informazio osoa hemen: http://herrihezitzailea.eus/