Klara Mendizabal sopranoa izango da zuzendaria, eta saio dinamiko eta atseginak eskainiko ditu ostiraletan, 16:15etik 17:00etara, Kimuene kultur gunean. Lehen saioa azaroaren 7an egingo dute eta irekia izango da. Beraz, kantu taldea ezagutu nahi duten 8-16 urte arteko haur eta gazteak parte hartzera gonbidatuta daude.
Zaldibian haur eta gazteen artean kulturarako zaletasuna sustatzea garrantzitsua da Udalarentzat, eta bide horretan haurren kantu taldea osatu nahi da herrian, Ordiziako Musika Eskolarekin elkarlanean. Klara Mendizabal sopranoa izango da Zaldibiako Kantu Taldearen zuzendaria. Musika eskolako Zaldibiako koordinatzaile Oneka Garmendiak azaldu duenez, "aukera paregabea da herriko haurrentzat Klara Mendizabal bezalako zuzendari gazte batekin aritzea. Oso dinamikoa da, eta haur eta gazteen artean kanturako zaletasuna sortzen badaki". Gainera, errepertorioari dagokionez, parte-hartzaileen gustuko abestiak lantzea da asmoa. Musika irakasle aritzeaz gain, Mendizabalek kantuarekin lotutako telebistako hainbat saiotan parte hartu izan du, eta bestelako proiektuetan ere badabil.
- Norentzat: 8-16 urte arteko haur eta gazteentzat.
- Noiz eta non: ostiraletan, 16:15etik 17:00etara Kimuenen;
- Lehen saioa: azaroak 7 (saio irekia, haur/gazteek taldearen dinamika ezagutu dezaten).
- Prezioa: musika eskolako ikasleentzat doakoa. Gainontzekoentzat, 27€ hilean.
- Izen-ematea: musika eskolaren bidez.