"Gora Haurtzaroa!" aldarrikatu nahi dugu Zaldibian

Gaur, azaroaren 20a, Haurtzaroaren Nazioarteko eguna da, eta Zaldibiako Udalak eta Herri Hezitzailearen Taldeak bat egin dugu Oinherri Elkarteak kaleratu duen “Gora Haurtzaroa” manifestuarekin.

 

Herri Hezitzailearen filosofiarekin bat dator Zaldibiako herria, eta printzipio horiek jarraituz Zaldibiako Herri Hezitzailearen Taldeak hilero antolatzen ditu Jolasa Plazara saioak eta Ipuin Kontaketa herrikoiak. Izan ere, Zaldibian sinesten dugu haurrak gaitasundun eta eskubidedun subjektuak direla, eta uste dugu euren iritzia eta parte-hartzea behar-beharrezkoak direla gure herriaren orain eta etorkizuna elkarlanean eraikitzeko.

Parte-hartze horrek, ordea, haurtzaroaren ezaugarrietara egokitua izan behar du, Oinherriren manifestuak dioen bezala, “haurrek munduan ulertzeko eta bizitzeko modu propioak dituztelako". Helburuak, beraz, ez du izan behar haurrak helduon moduetan parte hartzen jartzea, helduak haurren kulturaz jabetzea baizik. Ildo horretan, lanketa egiten ari gara herrian, eta azaroaren 12an, arratsaldean, egin zen Jolasa Plazara ekimena da adibide garbia. Arrakasta izan zuen haurren artean, eta gurasoak ere pozik sentitu ziren euren seme-alabak jolas kolaboratiboak eginez herriko plazan gozatzen ikusita. Eskerrak eman nahi dizkiegu ekimenean parte hartu zuten haurrei eta gurasoei, eta hori posible izateko boluntario lanetan aritzen diren herritar guztiei. Argi dugu auzolana dela haurren beharrak asetzea bermatuko duen herria sortzeko bidea, eta ahalegin horretan jarraitu nahi dugu aurrerantzean ere.

Datorren hitzordua, azaroaren 27an izango da, eta Ipuin Kontaketa Herrikoiaz gozatzeko aukera izango da Haurren Liburu Txokoan. Herriko agenda kontutan izanda, oraingo honetan ostegunean antolatu da. Animatu parte hartzera!

 

EGUNA: Azaroak 27, OSTEGUNA

ORDUA: 17:00etan

LEKUA: Karreaneko Haurren Liburu Txokoan