Atzo, Euskararen egunean, Mintzodromoa egin zen udaletxe azpiko herri aretoan, zaldibitarrak euskararen egoeraren inguruan gogoeta egitera animatzeko. Hogei lagun inguru bildu ziren saioan, eta talde txikitan banatuta, euskararen orainaz, iraganaz eta etorkizunaz hausnartu zuten.
Ikuspuntu desberdinak partekatzeko balio izan zuen atzo arratsaldeko Mintzodromoak, eta bertaratu zirenek "oso ondo" baloratu zuten ekimena, "errepikatzeko modukoa" dela nabarmenduz. Mintzodromoan parte hartu zuten herriko hainbat euskaltzalek, Zaldibiko zenbait eragiletako ordezkariek, euskara taldeko kideek eta herrian sortu berri den mintzapraktika taldeko lagunek. Izan ere, Etxekonekok elkarteak sustatuta, astean behin euskaraz hitz egiteko biltzen da herritar talde bat, eta Euskararen eguna baliatu zen taldea aurkeztu eta eurekin batera solasaldia egiteko. Mintza-praktika taldearen helburua da, euskara ikasi duten euskaldun-berriek lasai eta lagun artean hitz egiteko bilgune bat izatea, eta hori osatzeko lehen urratsak egin dituzte Zaldibian. Ostegun arratsaldetan biltzen da taldea, eta parte hartu nahi duen orok ateak zabalik dituela azaldu zuten Mintzodromoan.
Aurten, asteazkenean egokitu da Euskararen eguna, eta zaldibitar askok ezin izan dute Mintzodromoan parte hartu, eguneroko eginbeharrak direla-eta. Dena dela, norberak bere etxean ere egin dezake euskararen egoeraren inguruko gogoetatxoa. Honakoak dira Mintzodromoan landu ziren gaiak, eta nahi izanez gero familian edo lagun artean ere landu daitezke. Ez dago gidoia zehatz-mehatz jarraitu beharrik, askotan gaiaren inguruan berriketan hasitakoan bide desberdina hartu dezakeelako elkarrizketak. Garrantzitsuena gogoeta egitea da.
1. EUSKARAREN ORAINA
2. EUSKARAREN IRAGANA
3. EUSKARAREN ETORKIZUNA
