Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria prest, haur eta gazteentzako ehunka produktu berrirekin

Katalogoa.eus webguneak 8.000 produkturen erreferentziak jasotzen ditu dagoeneko. Paperezko liburuxka etxez etxe banatu berri da.

Urteko garai hau seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten da. Horregatik, Euskal Herriko udal eta mankomunitatetako 100 Euskara Zerbitzuk baino gehiagok Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez, tartean Zaldibiako Udalak. Aurtengoa 25. edizioa da.

Bai etengabe eguneratzen den web-orriak zein paperezko edizioak, biek ere itxura berriak estreinatu dituzte, eta jasota dituzten produktuak bi ataletan dituzte sailkatuak: atal bat 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua dago, eta bestea 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin.

Paperezko edizioak 64.000 ale

Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 64.000 aleak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Azkeneko urteotan egin den modu berean, paperean editatzen den katalogoak aurten ere bi azal izango ditu: azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta beste aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei.

Aurkezpen honi esker produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari. Jakina, paperezko edizioak ez ditu jasotzen KATALOGOA.EUS web-orrian jasota dauden produktu berri guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.

Webgunea maiz eguneratzen da, dagoeneko milaka produktu ditu eta bat erosi nahi izanez gero, produktuan klik eginez argitaletxeen denda birtualetara sartzeko aukera ematen du.

Nobedadeen segimendua urte osoan egin daiteke buletin elektronikora harpidetuta

Azken nobedadeen berri izan nahi dutenei, KATALOGOA.EUS web-orriak buletin elektronikora harpidetzeko bidea ere ematen die. Hartara, harpidedunek urtearen buruan 10 buletin jasoko dituzte, argitaratu berri diren produktuen erreferentziekin. Izan ere, horixe baita KATALOGOA.EUSen helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko azken nobedadeak ere erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.

Aurten ere aukeratu euskarazko produktuak!