Euskararen egunaren harira eta euskararen gaia ardatz hartuta, hainbat zaldibitarri eginiko elkarrizketa motzak argitaratuko ditugu astean zehar. Gaurkoan, bigarrena, Karmen Irastorza Armendarizena. Jarraian duzue irakurgai.
KARMEN IRASTORZA ARMENDARIZ
Zer da zuretzat euskara?
Nire hizkuntza da eta gure herriaren hizkuntza. Galdera hori entzundakoan gogoratu naiz Oskorrik abesten zuen kantu batez, eta horrela zioen: "Ez al dakizu, euskara dela euskaldun egiten gaituena". Gainera, euskara nire ibilbide profesionalean oso garrantzitsua izan da. Frankismoaren azken urteetan, Ikastolen mugimendua martxan zenean, aukera izan nuen irakaskuntzan lanean hasteko, eta horretan aritu naiz bizitza osoan zehar.
Nola ikusten duzu Zaldibiako euskararen egoera?
Euskararen aldeko kontzientzia berpizteko garaia da, oso garbi daukat. Baina ez naiz katastrofista gure herriko egoerarekin. Askotan euskarak egindako ibilbidea aipatzen da, eta gogoan dut nire belaunaldiko Zaldibiko neskak, umetan, eta baita geroxeaago ere, ez genuela euskaraz hitz egiten geure artean, kontzientzia hartzen hasi ginen arte. 60. hamarkadan oraindik, nesken eta mutilen eskolak bereizita zeuden. Eskola bertan ez, baina handik kanpora, jolasean, mutilek beraien artean euskaraz hitz egiten zuten. Neskon artean, ordea, gazteleraz hitz egiteko ohitura genuen. Horregatik gure garaiko emakume askok, oraindik euren artean gaztelaniaz hitz egiten dute, euskeraz ari direlakoan, baita hamarkadetan zehar fabrika berean lan egindako herritar askok ere. Ohiturak aldatzea kostatu egiten da…
Gaur, berriz, Zaldibian bizi diren neska-mutil guztiek dakite euskaraz. Herritar asko kezkatuta daude Zaldibiako gaztetxoak euren artean gaztelaniaz entzuten ditugulako, baina adin kontua ere badela iruditzen zait. Bada adin tarte bat, Ordiziara joatearekin batera iristen dena, gazteek gazteleniaz gehiago aritzeko joera izaten dutena. Lehen ere gertatzen zen, baina uste dut urte horiek pasatakoan berriz ere euskarara bueltatzen direla.
Batzuetan kanpotik etorri direnengan jartzen al da fokua?
Hala da. Ez da fenomeno berria. 60. hamardaren bueltan, Euskal Herrira migrazio olatu handia iritsi zen, eta herri askotan 70. hamarkadan, inork ez zuen euskaraz hitz egiten, ezta abertzalerik abertzaleenek ere. Nik urte luzez egin nuen lan Hernanin, eta gaur egungo hango egoera eta ordukoa konparatzen baditugu, adibidez, aurrera pausu handiak egin direla uste dut.
Hori horrela izan arren, Euskal Herrian oraindik ez dugu euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuta. Gaztelania da derrigorrezko hizkuntza; euskara, aldiz, legezkoa eta borondatezkoa da. Horregatik, azken hamarkadetan kanpotik gure artera etorri direnek lehenengo gaztelania ikasi behar izan dute espainiar nazionalitatea lortzeko edo lan merkatuan sartzeko. Askotan entzun dut euskaraz ez dela hitz egiten kanpotik datozenak ez dutelako ikasten. Niri hori uste okerra iruditzen zait, euskaldun askok gure artean ez dugulako euskaraz hitz egiten. Artzek esaten zuen bezala, euskara ez da galduko ez dakitenek ez dutelako hitz egiten, dakigunok ez dugulako erabiltzen baizik. Horren kontzientzia hartzea behar-beharrezkoa da, eta uste dut 60-70. hamarkadetan euskararen alde sortu zen mugimenduaren neurriko apustu sendo bat egin beharrean gaudela berriro ere.
Aurreko ahalegin horretik ikasi al dezakegu?
Bai. Nik Hernaniko kasua ezagutzen dut gertutik. Ikastola sortu zuten gurasoen %80ak ez zekien euskaraz, baina euren seme-alabek euskaraz ikastea eta hitz egitea nahi zuten, eta euskaraz eskolaratzeko apustua egin zuten, ikastolak legez kanpokoak ziren garaian, “Eskola nazionaletan” (gaur publikoak) euskara debekatuta zegoenean. Erabaki oso garrantzitsua da hori guraso batentzat. Belaunaldi horrek ez zuen euskara ikasi (gutxi batzuk kenduta), baina egin zuten ahaleginari esker, euren seme-alabak euskaldunak dira orain eta euskal gizartea euskaldunagoa da. Horregatik, nik ez dut eskatzen kanpotik etorri diren horiek guztiek euskaraz ikastea derrigorrez. Agian batzuk, edo askok, lortuko dute ikastea eta ahalegin horretan bidelagun izateko prest izango naute. Hala ere, nik nahi dudana da lehen belaunaldi horren seme-alabek euskaraz hitz egitea, herrian parte hartzea, partaide sentitzea, eta gure seme-alaben kuadrilletan egotea, horrela lortuko dugulako euskaldunak izatea.
Are gehiago esango dut. Hori lortzeko, batzuetan zapoak jan beharko ditugu, eta haur eta gazte horien gurasoekin gaztelaniaz hitz egin beharko dugu, guregana erakartzeko, lehenengo migrazio olatuan iritsi zirenekin egin genuen bezala. Izan ere, guk nahi badugu belaunaldi berri horiek euskaldunak izatea eta euskal kulturan murgiltzea, beren gurasoak onartu beharra daukagu. Norbaitek pentsa dezake hori esateagatik ez naizela benetako euskalduna. Esperientziak erakutsi dit, ordea, iritsi berriak bakartuta eta gutxietsita ez dugula euskaldun berririk izango.
Hala ere ni baikorra naiz, eta ziur nago gure ondorengo belaunaldiek asmatuko dutela euskarari bidea egiten.
Zein da gehien gustatzen zaizun euskarazko hitza?
Azken aldian gehien erabiltzen duguna da Elkarbizitza, eta inoiz baino garrantzitsuagoa dela iruditzen zait.