Eskola-garraioa bermatzearen aldeko erakunde adierazpena

Atzo iluntzeko udalbatzarrean, eskola-garraioa bermatzearen aldeko adierazpena onartu zen aho-batez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak DBH 3 eta 4ko ikasleak institutura joateko autobusik gabe uzteko erabakiaren aurrean. Gaur arratsaldeko 18:00etan plazan elkartzeko deialdia egin da, sinadura bilketa abiatu eta talde-argazkia ateratzeko. Jarraian irakur dezakezue adierazpena osorik. 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

 

2025/2026 ikasturtea bukatu berri delarik, Oianguren BHIko Zuzendaritzak datorren kurtsoan DBH 3. eta 4. mailetan ikasiko duten ikasleen familiei jakinarazi die Hezkuntza Sailak ez diela datorren ikasturtetik aurrera eskola-garraio zerbitzurik eskainiko. Bizilekutik ikastetxera 4 km baino gutxiago daudela-ta hartu dute erabakia, horrek zaldibiar gazteen eta hauen familien egunerokoan, aukera-berdintasunean, hezkuntzarako eskubidean, jasangarritasunean eta landa-eremuen garapenean duen inpaktu zuzena aintzat hartu gabe, besteak beste.


Erabakia mantenduko balitz, irailetik aurrera egunero institutuko joan-etorria egiteko bide zail eta ikuspegi orotatik kaltegarri eta arriskutsua izango dute Zaldibiako 40tik gora ikaslek: familien auto pribatuaren menpe ibiltzea, garraio publikoan ez kabitzea momenturen baten, edota autoentzat egindako errepidean oinez edo bizikletaz ibiltzea. Argi eta garbi irtenbide desegoki eta kaltegarriak guztiak.


Aldebakarreko erabaki ulertezin eta zerbitzu publikoen murrizketa honen aurrean, Zaldibiako ikasleek eta haien familiek, eta oro har, hezkuntza komunitate eta herri osoak, beren desadostasuna agertu dute eta hartarako antolatzen hasi dira. Egungo ikasleen eskubideen alde eta etorriko direnen alde.


Horregatik, Zaldibiako Udalbatzak honakoa onartu du aho batez:

1-Zaldibiako Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio berraztertu dezala erabakia eta haren ondorioen jabe egin dadila.

2-Zaldibiako Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ireki dezala elkarrizketa inplikatutako familiekin, guztiontzat bidezkoagoa, seguruagoa eta koherenteagoa den konponbide bat bilatzeko. Beharko balitz, Zaldibiako Udala prest dago bitartekaritza lanak egin edota konponbidearen alde lan egiteko.

3-Zaldibiako Udalbatzak adierazten du herrian Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza zentrorik ez izanda, Jaurlaritzaren betebeharra dela haurrei eskola garraioa jartzea. Hezkuntzarako eskubidea eta landa-eremuaren garapena oinarri izanik, zerbitzu publikoen aldeko borroka ekimenetara batuko da Udala ere, Eusko Jaurlaritzak murrizketa erabaki honetan atzera egin ezean.

 

EH Bilduko eta EAJ-PNVko ordezkarien aldeko botoekin aho-batez onartua

Zaldibian, 2026ko uztailaren 2an