Arruegi auzoko bidean konponketa lanak astelehenetik

Ostiraleko euri jasak eragindako lubiziak hainbat kalte eragin zituen batez ere Arruegi auzoan eta bertara doan bidean. Larunbatean bizilagunentzat behin-behineko pasabidea jarri zen eta bidea konpontzeko lanak astelehenean hasiko dira.

Lubiziarekin batera luzera 12 metro inguruko bide zatia hondoratu zen, autoa juxtu-juxtu pasatzeko moduan. Hori dela eta, larunbatean pasabide hori hobetzeko lanak egin ziren, bizilagunek autoz pasatzeko modua izan zezaten. Astelehenetik aurrera bidea konpontzeko lanak egingo dira, harri-lubeta egin beharko delarik. 

Bideko lanak 10:00ak inguruan hasiko dira eta iluntzera arte luzatuko dira, momentuz ez dakigu zenbat egunez. Bitartean, bizilagunek pasatzeko aukera izango dute, baina Gantxaisko bidegurutzetik gora ahalik eta bidaia gutxien egitea eskatzen da, lanak gehiegi ez eragozteko. 

Bidea ireki arte kamioiek ezingo dute pasa, soilik bizilagunek. Puntu horretatik pasatzean arreta handia izatea eta poliki pasatzea eskatzen da.