Zaldibian, Udaberria loretan: badator ekaina, ekintza sorta berriarekin

Maiatzeko egitaraua amaierara iristen ari den heinean, lore berriak datoz ekainean. Hala, 3tik 6rako astean emanaldi berriak iragarri dira. Protagonismo handiena herriko talde eta eragileek izango dute, gogorra izan den ikasturtearen amaiera gerturatzen ari dela, kurtso amaierako emanaldiak eskainiko baituzte. Bertso Eskolaren, Musika Eskolaren eta Iztueta Dantza Taldearen emanaldiez gain, Almitza Sega Elkarteak Euskal Herriko nazioarteko erako Sega ekitaldia eskainiko du eta "Hezurbeltzak" taldearen kontzertua ere izango da egitaraua osatuz. Jarraian informazio osoa.  

 

Martxoan bildu zen Zaldibiako Udaleko Kultura, Euskara eta Kirol arloa herriko talde eta eragileekin, eta besteak beste, maiatza eta ekainerako ekitaldi sorta osatzeko asmoa iragarri zen talde bakoitzaren egoeraren baitan. Izan ere, pandemia ez hedatzeko neurriek asko mugatu dute hainbat elkarte eta eragileren lana. Batzuek erabat eten behar izan dute jarduna eta besteek neurri zorrotzekin eta ohi baino esfortzu handiagoz, baina eutsi ahal izan diote ekinari. Hala, azken hauei begira, emanaldia egiteko plaza bat eskaintzea izan da helburua, egindako lana erakutsi eta aitortza jasotzekoa. 

 

Ekainean zehar ekitaldi gehiago izango badira ere, hemen lehen asteari dagokion agenda:

 

EKAINAren 3a, OSTEGUNA:  BERTSO ESKOLAREN EMANALDIA, 18:00etan Plazan

Goierriko Bertsozale Elkarteak bi talde ditu Zaldibiko Bertso Eskolan, guztira 10 kiderekin. Ikasturtean zehar egindako lana erakutsiko dute plazan eskainiko den saioan. Ikusi eta gozatu ahal izateko nahikoa izango da plazara bertaratu eta antolakuntzaren azalpenak jarraitzea. 

 

EKAINAren 4a, OSTIRALA: MUSIKA ESKOLAKO IKASLEEN EMANALDIA, 18:30ean Resti Pilotalekuan

Zaldibiako Musika Eskolan Hizkuntza Musikala eta instrumentuak ikasten diharduten herritarrek, emanaldia eskainiko dute. Resti Pilotalekura bertaratzea nahikoa izango da emanaldia ikusteko. 

EKAINAren 5a, LARUNBATA: SEGA EKITALDIA eta HEZURBELTZAK TALDEAREN KONTZERTUA

  • Arratsaldeko 16:00etan, Euskal Herriko nazioarteko erako Sega Ligako ekitaldia egingo da Irastortza (Iortza) baserriko zelaietan, Almitza Sega Elkartearen eskutik. 

  • Arratsaldeko 18:30ean, Hezurbeltzak taldeak kontzertua eskainiko du Resti Pilotalekuan. 

Hezurbeltzak proiektuak ibilbide luzeko eta nortasun eta izen handiko hiru artista bildu ditu (Jon Maia, Gorka Hermosa eta Pitti) eta bere zuzeneko emanaldietan musika gainditzen duen unibertso propioa sortzen da. Kantu eta testuetan besteak beste emigrazioa, gizarteko pertsonaia baztertuak eta horien inguruko istorioak plazaratzen dira, poetika, kritika, umorea eta edertasuna uztartuz eta atrezzo eta giro bakan baten baitan aurkeztuak. Eszenatokietan ohikoa ez den eskaintza berezia da Hezurbeltzak taldeak dakarrena.

SARRERAK HARTZEKO : MAIATZAK 31 ASTELEHENA, 18:00etatik aurrera KARREANE kultur etxean.

Lehenengo bi egunetan Zaldibian erroldatuek izango dute lehentasuna. Prezioa: 10€ (Pertsonako gehienez 3 sarrera)

EKAINAren 6a, IGANDEA: IZTUETA DANTZA TALDEAren emanaldia 17:30ean Restin 

Iazko urte amaieran ekin ahal izan zion bere entsegu jardunari Iztueta Dantza Taldeak. Ezohiko antolakuntzarekin eta Dantzari Txiki edo festetako plazak galduta, kurtsoan zehar izan duten emanaldi bakarra izango da hau. 

SARRERAK HARTZEKO : 

Dantzarien familiak: Iztueta Dantza taldeko dantzari bakoitzari (senideen kasuan unitate bat bezala ulertuko da), 2 SARRERA godeko zaizkio, betiere ekainaren 1a, azken ordurarte. Kultur Etxean jaso behar dira. 

Gainontzekoak: edukiera bete arte soberan daudenak eta familiek jaso ez dituztenak, EKAINAK 2 ASTEAZKENA 18:00etatik AURRERA, banatuko dira KARREANE kultur etxean. Herritar bakoitzak gehienez 2 jaso ahal izango ditu. Prezioa: dohainik.

Animatu eta parte hartu ekitaldietan!