Zaldibiako energia komunitatea osatzear da

Urtarrilaren 21ean, 18:00etan pleno aretoan, Energia Berriztagarrien Komunitatearen (EBK) inguruko azalpenak emango dira, eta zaldibitar denei EBK sortu eta kide izateko gonbidapena egiten diegu

 

Zaldibiako Udalak bultzatutako Energia Berriztagarrien Komunitateak Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik dirulaguntza jaso du. Honi esker, Elbarrenako industrialdean egingo den instalakuntza erabili ahal izango dute energia berriztagarrien komunitateko kide egiten diren zaldibitarrek.

Zaldibiako komunitate energetikoa irabazi asmorik gabeko elkarte moduan eratuko da, eta bertan parte hartu ahal izango dute interesa duen edozein pertsona fisiko zein elkartek, ETEk edo toki-erakundeek. Kide izateak aukera emango du, besteak beste, instalazio fotovoltaiko baten autokontsumorako proiektu kolektibo batean parte hartzeko, erabakietan zuzenean eragiteko eta onura ekonomiko, sozial zein ekologikoak jasotzeko.

Energia-komunitateek, gainera, beste jarduera batzuk ere garatu ditzakete, hala nola mugikortasun elektrikoari, energia-aurrezpenari edo faktura elektrikoaren inguruko aholkularitzari lotutakoak. Euskal Herriko hainbat herritan jada badira halako komunitateak martxan, eta Goierri mailan hauek koordinatzeko saiakerak ere martxan dira.

Hurrengo pausuez hitz egiteko eta elkartearen osaketan aurrerapausoak emateko batzarrera gonbidatzen ditugu interesa eduki dezaketen zaldibitar guztiak.