Udaran, udaletxea eta energia berriztagarrien azpiegitura berria martxan

Aurreko urte ekonomikoaren itxierak eman dituen soberakinekin, pauso garrantzitsuak eman asmo dira aurten, udaran zehar. Abuztuan, udal eraikin zaharra bota eta eguzki energian oinarrituriko azpiegitura berria eraikiko da Lardizabal eskolako teilatuan. Noski, hori burutzeko udal eraikin berria martxan izango da ordurako.

Atzo buruturiko osoko bilkuran hainbat konpromiso hartu zituen Zaldibiako udalbatzak aho batez, abian diren hainbat diru-laguntzetan, proiektuak aurkeztu eta diruz lagunduak izateko aukeran sakontzeko helburuz. Honakoak dira hartutako konpromisoak:

 

ZALDIBIAKO LARDIZABAL HERRI ESKOLAN AUTOKONTSUMORAKO 30 kW-eko EGUZKI-INSTALAZIO FOTOVOLTAIKO BAT JARTZEKO PROIEKTUA

Zaldibiako Udalak garatuko duen proiektu honen helburua herriaren ahalik eta auto-hornidura mailarik altuena bilatzea da, kanpoko energia kontsumoa murrizteaz gainera, igorpen kutsatzaileak saihestu eta ingurumena eta gizartea zainduaz. Eguzki-energia sortzeko plaka fotovoltaikoak jarriko dira eskolako teilatuan, udal jabetzakoak diren eta herritarren erabilerara zuzenduta dauden 10 puntu auto-hornitu ahal izateko. Hornidura hauek guztiak, 500m-ko erradio baten barruan kokatzen direnez gero, sorkuntza puntu bakar bati loturiko autokontsumorako instalazio fotovoltaiko partekatu baten parte izango dira.

Zaldibian, lehen urrats gisa udal eraikinen auto-hornidura bidea garatuko da, ondorengo urteetan etorkizunerako estrategikoa dugun energia berriztagarrien erronkari bide berrietatik helduz. Atzoko udalbatzan, 2020ko diru-gerakinetik, 62.898,16€ bideratzea onartu zen aho batez, proiektua idatzi, deialdia egin, lanak gidatu eta gauzatu, eta instalakuntza martxan eta legeztatuta jartzeko, aurreikuspenen arabera,  aurtengo irailerako. Proiektua elkarbanatzeko bidean, Lardizabal Eskolako ikasleekin eta herritarrekin azalpenerako saioak ere egingo dira. 

 

ZALDIBIAKO HERRI PLAZAN ESKU-HARTZEA

Plazako Udal Eraikin berria martxan jarri eta plazaren eraldaketari ekiteko, egungo udaletxea bota eta zoru zati hori herritartuko da, funtzionamendurako gutxieneko lanak egin eta hainbat elementu kokatuz: argiteria, euri uren bideraketa eta altzari batzuk. Udal eraikin berriko lanak apirilaren amaierarako bukatuta egotea aurreikusten da eta Udalak jada esleituta ditu eraikin berria hornitzeko altzari eta osagarriak. Beraz, maiatza-ekaina aldera udal zerbitzuak lekualdatzea da Udalaren aurreikuspena. Beti Gazte ostatua, berriz, egungo udaletxea botatzeko lanak hasi arte egungo lekuan mantenduko da. Eraiste lanak abuztuan egitea da Udalaren nahia, ahalik eta eragin txikiena izan dezaten herri-bizitzan. Ondoren, ahalik eta era jarraienean herritartze lanak hasi nahi dira. 

 

Hau hala izanik, atzoko udalbatzan proiektu honekiko konpromisoak ere hartu ziren, aho batez hauek ere. Hala, 2020ko aurrekontuko udaletxe berriaren eraikuntza partidan geratu diren 112.270,42€ eta aurtengo aurrekontuan jarri diren 40.366,91€ kontuan izanda, proiektua osatzeko falta diren beste 62.898,16€ 2020ko kreditu gerakinetik zuzentzeko konpromisoa hartu zen. Plazako egokitze lan hauek eginda, bere diseinu berrirako eta honen garapenerako, proiektu berritzaile bat garatu nahi da, eragile mota ezberdinen uztarketa bilatuz eta Zaldibi plazara! prozesuan ateratako ondorio nagusiak oinarri hartuz. Prozesu hau 2021eko udazkenean hastea da asmoa.