Udaletik zuzeneko jarraipena egiten ari gara Zaldibiako egoerari

Zaldibian 100 herritar baino gehiago ditugu une honetan koronabirusarekin kutsatuta. Azken egunetan bezala, Zaldibiako Udalak gaur ere egoera zail hori bizi duten herritarrekin harremanetan jarraitzen du beraien egoeraren berri jakiteko.

Orokorrean ondo daude koronabirus gaitzarekin etxean dauden herritarrak, bai eta beraiekin batera berrogeialdia betetzen ari diren etxekoak ere. Hala ere, badira oraindik Ospitaleratuta daudenak, tartean haur bat ere bai. Etxe guztietan gutxieneko janari eta premiazko produktuen beharrak asebeteta dituztela jakinarazi digute.

Zaldibiako Udaletik bereziki gure kezka plazaratu nahi dugu gaitzak oraingoan haurrei eragin dien guztiak. Hainbat haurrentzat, gainera, isolamendua bikoitza da: kalera atera ezinarena batetik, eta bigarrenik etxean bertan ere haurra bakartzea ekarri badu. Egoera hauek sortu ditzaketen egoera emozionalak gertutik zaindu beharrekoak direla uste dugu.

Azken eguetan azpimarratzen ari gara, kutsatu direnen egoerak aintzat hartuta, gure artean dugun birus aldaera hau bereziki kutsakorra dela. Hau dela eta, bereziki zaindu behar ditugu osasun eta prebentzio neurriak. Gogoan izan indarrean direla neurri hauek:

  • Herriko itxiera perimetrala.
  • Gaueko 22:00etatik goizeko 06:00etara kalean zirkulatzeko debekua.
  • 4 laguneko pertsonen elkartzeak gehienez.
  • Sektorekako neurriak: establezimenduetan, ostalaritzan, kirolean…
  • Apirilaren 9ra bitarteko egunetan, bizikideak direnak soilik elkartu ahal izango dira espazio pribatuetan, adibidez etxeetan.

Amaitzeko, bereziki neurtu egun hauetan harreman kopuruak eta distantziak. Adi egon eta edozein sintomaren aurrean deitu eta eskatu probak egitea.

Zaldibian, 2021eko apirilaren 3an