Udalbiltzak ‘Geuretik Sortuak’ sormen bekarako artistentzako deialdia ireki du

Otsailaren 5era bitartean izango dute zinemagileek, antzerki konpainiek eta idazleek proposamenak aurkezteko epea. Euskal artisten sormena eta euskal herrietako historia eta idiosinkrasia uztartzea du helburu proiektuak, euskarazko artea sortu eta hedatu dadin.

Udalbiltza Partzuergoak Geuretik Sortuak sormen bekarako artistentzako deialdia ireki du: otsailaren 5era arte izango da proposamenak aurkezteko epea. Euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko proiektua da Geuretik Sortuak: literatura, antzerkia eta zinema lanak sortzeko bekak banatuko dituzte, zehazki. Udalbiltzako kide diren 22-25 herrik parte hartuko dute proiektuan (tartean, Zaldibiak), eta beste hainbeste proposamen hautatuko dituzte guztien artean, bakoitzak berea ez den herrian egonaldia egiteko. Parte hartu duten herri guztiak saretuko dituen aurkezpen zirkuitu bat osatuko dute sortutako lanekin.

Sormen bekarako deialdiaren oinarriak Udalbiltzaren webgunean bertan kontsulta daitezke. Beken bidez, tokian tokiko istorio baten oinarritutako kontakizun artelana sortuko dituzte artistek, beti ere, euskaraz. Horretarako, kulturgileek hiru asteko egonaldiak egingo dituzte esleitutako herrietan, herriko istorioak eta pertsonak ezagutu eta proiektua landu ahal izateko. Egonaldiaren dietak, ostatua, garraioa eta otorduak ere ordainduko zaizkie, bekaren kopurutik at.

Dirulaguntzak lehiaketa bidez emango dira, eskabideak alderatuz haien arteko hurrenkera bat ezartzeko. Aurkeztutako proposamenek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte beka eskuratu ahal izateko. Arte diziplina bakoitzeko, lanak amaitzeko epe bat jarri dute: eleberri motza edo ipuina 2021eko irailaren 17a, antzezlana 2022ko urtarrilaren 28a eta film laburra (postprodukzioa barne) 2021eko azaroaren 26a.

Parte-hartzaileek eskabideak aurkezteko bi bide izango dituzte. Batetik, Udalbiltzaren erregistroan*, eta, bestetik, posta elektronikoz, udalbiltza@udalbiltza.eus helbidera idatzita.

* Oiartzungo Udala

Doneztebe plaza, 1,

Oiartzun (20180), Gipuzkoa