Txondorraren egitasmoa ikatza saltzearekin amaituko da

Zaldibiako txondorrak jo du lurra. Orain bertatik ateratako ikatza dugu pilatuta, datozen larunbatetan jarriko dugu salmentan Tejeriko Goizanen.

Txondorra pasa den ostiralean amaitu zen. Inork uste baino lehen amaitu ere, egurraren kalitatea, lekua babesean izatea, herritarren parte hartze zabala, ... hainbat izan dira Xanti Naparrak emandako arrazoiak. Orain ikatza saltzeko txanda iritsi da. Dagoeneko zakuetan pilatuta dago Goizane eraikinean.

Eskuratu nahi duenak jakin dezala, 12 eurotan salduko dela zakua eta Tejeriko Goizanera gerturatu beharko duela ondorengo egun eta orduetan:

Ekainak 30 larunbata 10:00etatik 13:00etara.

Uztailak 7 larunbata, 10:00etatik 13:00etara.

Uztailak 14 larunbata, 10:00etatik 13:00etara.

Amaitu aurretik, jakinarazi ikatzarekin sortzen den diruarekin txondorra egiteak sortu dituen gastuei aurre egingo zaiela . Geratzen denarekin, aurrera begira, auzolanean oinarrituriko egitasmoak sustatuko dira.

Amaitzeko, gure eskerrik beroenak egitasmo honetan parte hartu duzuen guztiei eta aurreratzen dizuegu egitasmoari buruzko irudiekin osaturiko emanaldi bat eskainiko dela San Juan bezperako jaialdian.