Ongi etorri Zaldibira!, etorri berriei herri-harrera

Larunbatean egin zen azken hilabeteetan Zaldibira etorritako herritar berriei ongi etorria emateko saioa. Itsasondotik, Kolonbiatik, Bilbotik edo amaren sabeletik herrira etorri zaizkigun kide berriak ditugu gure artean eta herri-harrera martxan da etorri berriei esku bat bota eta herritarren arteko saretzea bultzatzeko.

 

Geltoki berri bat izan genuen larunbatean herritar berriei harrera egiteko bidean. Ez da maiz erraza izaten herri berri batera etorri edo joatea, jatorriak jatorri, arrazoiak arrazoi. Zaldibiako herriak martxan jarri duen Harrera Integralerako proiektuak pertsona horiei laguntzeko helburua du, batetik; herritarren arteko sareak jostea bestetik.

Ekimenaren kronika:

11:00etan elkartu ginen giro eguzkitsua lagun eta Udaletxeko areto nagusian eman zitzaion hasieta ongi-etorriari. Bertan, norbere buruak aurkeztu ondoren, Eztitxu Mujika Mariezkurrena alkateak proiektuaren berri eman zuen lehenik orain arteko bidea eta gaur egungo jarduna azalduz, baita udaletxeko aukera eta zerbitzuen berri emanez ere. Jarraian Etxekonekok Elkarteak hartu zuten hitza, beraien jarduna azalduz eta etorri berriei bertan eta ekintzetan parte hartzeko deia eginez.

Ondoren, plazara jaitsi eta zain zituzten Txanbolintero taldeko txistulariak eta Iztueta Dantza Taldeko dantzariak aurreskua dantzatzeko. Plazatik bertatik abiatuz, ibilbide txiki bat osatu genuen ondoren herrian barrena udaleko eta herriko eragileetako ordezkarien hitzartze eta azalpenekin: Kultur Etxea, Zubi Zaharra, Mediku-Etxea, herriko komertzioa, hondakin sistema eta Kimuene, Eskola...

Maialen Mendizabal Luluaga eta Jone Garmendia Alkaiaga zinegotziek azaldu zutenez: "azalpen xume eta ahalik eta baliagarriena ematea izan da helburua, baita elkarri aurpegiak jarri eta lehen harremanak erraztea ere". Izan ere, erroldatzerako orduan herrira etorri berriek galdetegi bat betetzeko auketa izaten dute, beraiei buruzko hainbat informazio emanez. "Ezagutzen dituen hizkuntzak, adin-txikikorik baduen berarekin, zein zaletasun dituen... informazio txiki bat eduki nahi izaten dugu ongi-etorria ahalik eta pertsonalizatuena prestatzeko" azaldu zuten zinegotziek. 

Herri-harrera: elkarlana oinarri

Larunbateko saiora iritsi aurretik ibilbide bat egin du proiektuak. Udaletxe barnean aurrena, eta herriko eragile eta norbanakoekin ondoren. Udal barnean protokoloa zehaztuta eta martxan dago eta formakuntza ere jaso dute ordezkari eta langileek. Aurten, berriz, herriko eragileei eman zaie formakuntza eta larunbatean nabaria zen haien presentzia: Etxekonekok Elkartea, Iztueta Dantza Taldea, Txanbolinteroak, Lardizabal Eskola, kirolariak, dendariak...

Gainera, Emun Aholkularitzako teknikariak ere izan ziren gurekin, proiektu honen bide-laguntzan ari baitira.

Etorri berriak adina jatorri

Itsasondo, Kolonbia, Barakaldo, Beasain, Amerikako Estatu Batuak, Bilbo... leku askotatik etorritako herritar berriak bildu ginen larunbatean. Heldu eta haur, guztira 16 lagun ingururi egin genien herri-harrera. Amaierako mokadutxoan jasotako balorazio positiboen harira ekimena baliagarri eta gertukoa egin zitzaien protagonistei. Gainera, saio osoa euskaraz egin zen eta ez zekitenek aldibereko itzulpena jasotzeko aukera izan zuten.

 

ARGAZKI GALERIA

GOIERRI TB

ONGI ETORRI ZALDIBIRA! GIDA

 

 

2023-03 Ongi etorri Zaldibira!