LGBTI+ pertsonen eskubideen alde

LGBTI+ pertsonen eskubideak aldarrikatzeko, udalak eta herriko hainbat eragilek jarraian duzuen bideoa ondu dute. Bestalde, Zaldibiako Udalak, Hiruki Larroxa kooperatibarekin elkarlanean, herriko LGBTI+ errealitateei buruzko udal-diagnostikoa jarri du martxan. Informazioa, jarraian.


Zaldibian ere sexu-aniztasunak badu lekurik… baina nola bizi dugu hori benetan?

Bideoan agerian gelditu da herriko hainbat eragilek aniztasuna aldarrikatzeko nahia, guztion eskubideak bermatuta egon daitezen eta herri aske bat izan dadin. Horren harira, eskerrak eman nahi genizkieke herriko eragileei eta, bereziki, Alaitz Insaustiri bere laguntzagatik.

Zaldibiako Udalak, politika eraginkorrak egite aldera, LGBTI+ herritarrek beren sexualitatea libreki bizitzeko dituzten aukerak eta oztopoak hobeto ezagutu nahi ditu; bai eta ikusgarritasunari, bizigarritasunari eta askatasunari bide emateko urrats eta neurri posibleak aztertu ere. Horretarako, diagnostikoaren bidez, argazki osatu bat sortu nahi dugu eta Zaldibiako LGBTI+ herritarren testuingurua eta errealitateak hobeto ezagutzea izango da ardatz, etorkizunerako oinarriak eraikiz. Era berean, herritar guztien iritziak, bizipenak eta ikuspegiak jasoko dira.

Horri guztiari erantzuteko, herritar guztien parte hartzea ezinbestekoa izango da. Hori dela eta, bide hauek zabalduko dira guztien ahotsak jasotzeko:

  • Banakako elkarrizketa sakonak LGBTI+ herritarrekin.
  • Talde-eztabaidak herriko eragile eta taldeekin.
  • Eta, noski, galdetegi ireki bat herritar guztientzat (QR bidez edo paperean).

Ekarpen guztien anonimotasuna eta konfidentzialtasuna bermatuko dira.
Galdetegia irailetik aurrera egongo da eskuragarri, eta emango da horren berri ohiko bideetatik.
Prozesuari buruzko edozein galdera edo zalantza, nahiz bertan parte hartzeko gogoa baldin baduzu idatzi lgbtidiagnostikoa@zaldibia.eus helbidera.

Zure parte hartzea funtsezkoa da, zenbat eta ahots gehiago, orduan eta irudi osatuagoa izango dugu, animatu eta parte hartu!