ZALDIBIAKO
udala

Kalean ere, 2 metro eta eskuak garbi

Bizi dugun egoerak utzitako irakaspena da prebentzioaren garrantzia. Pixkanaka egokitzen goaz gure espazioak eta ohiturak horretara eta horren harira, kalean gabiltzanean ere neurri hauek bete ditzagun erraztasunak jartzen jarraitzen dugu.

Etxetik kirola egitera ateratzeko aukera ireki zenean, kaleen desinfekzioa, eta berdegune eta bideen belar-mozketak indartu genituen Udaletik. Ondoren, jendaurreko arreta aukera irekitzeko egokitu ditugu hainbat eraikin publiko.

Beste hainbat eraikin eta zerbitzutan oraindik gaur gaurkoz Udalak ezin ditu legeak ezartzen dituen desinfekzio eta garbiketak bermatu, beraz, momentuz itxita jarraituko dute, komun publikoak, Kimuene edota haur parkeak, besteak beste.

Kalean, berriz, herritarren ohiko erabilerako gune diren hainbat lekutan gel hidro-alkoholikoa isurtzen duten ontziak jarri dira, herritarrek erabil ditzaten. Ontziok honako lekuetan daude:

  • Parke Botanikoko sarreran
  • Leku-Eder etxean erdi aldean dagoen udal ohar-taulan
  • Estanko ondoan, Correos-ko buzoiaren ondoan
  • Udaletxearen fatxadan arkupe ondoan plaza aldera

Bestalde, gogorarazten da jende askok uki ditzakeen gainazak ukitu aurretik eta ondoren (eserlekuak, Parke Botanikoko ariketarako makinak…) eskuak garbitzeko edo gel-ez igurzteko ohitura hartzea prebentzio neurri ona dela. Hori gogorarazten diguten ohartxoak jarri dira halako elementuetan.

Prebentzioa da gakoa. Zukati ta danokati, 2 metro ta eskuk garbi.