ZALDIBIAKO
udala

Ikasturte berria: Udalaren gutuna Hezkuntza Sailari

Ikasturte ezberdina izango da aurtengoa Covid-19a dela eta. Honen aurrean, eta azken ikasturte amaierako esperientzia zein egun dagoen egoera aintzat harturik, Hezkuntza Sailari gutuna bidali dio Zaldibiako Udalak. Bertan, Udalaren konpromiso eta eskaintzak zehazteaz gainera, giza-baliabideak indartu eta egoera suertatuz gero arrakala digitalari erantzuteko neurriak hartzea eskatzen zaio horren ardura duen sailari. Jarraian gutuna osorik.

 

Gutun honen bidez adierazi dizkio Zaldibiako Udalak bere konpromiso eta eskaerak Cristina Uriarte Toledo, jarduneko Hezkuntza sailburuari eta Hezkuntza Sailari:

 

Cristina Uriarte Toledo, jarduneko Hezkuntza Sailburu agurgarria,

2020-2021 ikaskurtsoa laster hasiko dela eta, gutun honen bidez zuregana eta Hezkuntza Sailarengana zuzentzen gara Zaldibiako Udaletik honakoa adierazteko:

Eskola modu presentzialean hasteko helburuarekin bat etorriz, erronka handia dugu begi-bistan. Hezkuntza komunitate eta gizarte osoaren inplikazioa beharko da horretarako, elkarlanean eta koordinatuta.

Herritar ugariren elkargunea dugu Eskola. Zaldibian 1600 biztanle izanik, 191 herritarrek ikasten dute bertan, eta horri familia-sareak gehitu behar zaizkio. Covid-19aren zabalpenerako, beraz, oso gune sentsiblea dugu Lardizabal Herri Eskola, herrian dugun sentsibleena seguruenik.

Horregatik, gure aldetik ahal dugun guztian lagunduko diogu Lardizabal Ikastetxeari  eskola presentzialki eta modu seguruan eman dadin. Beraz:

  • Zaldibiako Udalak, bere esku dauden azpiegitura eta lokalak eskaintzen dizkio Hezkuntza Sailari eta Lardizabal Eskolari, orain artekoez gain: Karreane Kultur Etxea, Kimuene Kulturgunea, Luberri Gimnasioa eta behar balitz Goizane eraikineko gelak erabili ahal izateko gestioak ere egingo genituzke.
  • Zaldibiako Udalak, aire zabaleko espazio publikoak ere eskaintzen dizkio Hezkuntza Sailari eta Lardizabal Eskolari, kutsadura arriskua murriztu eta klaseak eremu irekietan emateko gomendioari jarraiki.
  • Zaldibiako Udalak, Eskolaren garbiketa egiteko ardura berea izanik, garbiketa eta desinfekziorako prestaketa lanak egiten dihardu. Hala ere, hainbat zehaztapen falta zaizkigu, batez ere Hezkuntza Sailetik iritsiko den edo ez den baliabide materialei buruzkoa.
  • Zaldibiako Udala hartu-eman etengabean dago Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolako Zuzendaritzarekin eta hala jarraituko du kurtso osoan zehar ere. Gutunean adierazitako gure eskaintza eta disposizioa azaldu diogu Zuzendaritzari.

Irailaren 8an hasiko da ikasturtea eta oraindik informazio eta xehetasun asko falta dira berau nola burutuko den planifikatu ahal izateko. Atzo jakin genuen ostiralean emango dela horren berri. Ea lanketan jarraitu ahal izateko esku artean ditugun zalantzak argitzen zaizkigun orduan.

Lanketa horren baitan, ordea, jakitun gara espazio fisiko eta azpiegiturez gain, giza-baliabideak direla funtsezkoenak eta hori jartzea Hezkuntza Sailari dagokio, horri erantzutea eskatzen dizuegu Udaletik. Izan ere, espazioak izatea alferrik da behar adina irakaslerik ez badago.

Berdina gertatzen da pandemiaren bilakaera dela eta eredu misto edo telematiko batera pasa behar bada, baliabide teknologikoekin. Aurreko ikasturtean bistan geratu zen arrakala digitala, eta horri ere erantzun beharko dio Hezkuntza Sailak.

Azkenik, jangela zerbitzuak ere kezkatzen gaitu, normalean baino giza-baliabide gehiago beharrezkoa izango baita zerbitzua baldintzek eskatzen duten eran eman ahal izateko.

Erronka handia da, haurren eskubidea eta osasuna daude jokoan, baita gure herriaren etorkizun eta osasuna ere. Gure aldetik ahal duguna egiteko konpromisoa hartzen dugu, berdina eskatzen dizuegu zuen ardura eta erantzukizunetik.

 

 

Zaldibian, 2020ko abuztuaren 26an

 

 

           EZTITXU MUJIKA MARIEZKURRENA

           ZALDIBIAKO ALKATEA

 

Bitartean, Zaldibiako Udalak lanean jarraitzen du bere ardupekoak diren gaiak lantzen, garbiketa eta desinfekzio lanak antolatzen, eta Lardizabal Herri Eskolako hezkuntza komunitatearekin elkarlanean. Uda honetan, esaterako, ikasleek eskuak gelan bertan garbitu ahal izateko konketa edo lababoak jarri dira, Haur Hezkuntzako gela guztietan konketa bana dagoelarik gaur egun.