ZALDIBIAKO
udala

Herriko azpiegiturak ikasleen zerbitzura

Zaldibiako Udalak, herriko azpiegitura ezberdinak Lardizabal herri eskolaren eskura jarri ditu haur eta irakasleen jarduna osasun eta segurtasun irizpideen baitan gauzatzen laguntzeko. Bitartean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatutako baliabide materialen eta giza baliabideen zain jarraitzen du herriko hezkuntza komunitateak.

Gaur goizean montatu da Lardizabal Herri Eskola aurreko atarian auzoko jaietarako eraili ohi den udal karpa txikia, udal langile zein gurasoen elkarlanarekin. Horrela, eguraldia lagun ez den garairako eremu estali berri bat eskainiko zaie haur eta irakasleei, aire librean klaseak emateko balia dezaten. 

Horrez gain herriko hainbat eremu publiko eta lokal eskolaren erabilerarako prestatu dira. Lardizabal eskolako zuzendaritzarekin elkarlanean ikasgela bakoitzak herriko eremu ireki bat eta inguruan lokal bat izango du ikas jarduera gauzatzeko. Eremu hauen erabilera asteka elkartrukatuko dutela jakinarazi digute eskolatik. Hauek dira eremuak:

  • LUBERRIKO GIMNASIOArekin TXAROneko plaza edo IBAI-ONDO etxeazpiko karrapea.
  • HERRI ANTZOKIArekin ARGARBI etxe aurreko plaza.
  • KARREANE kultur etxearekin, plaza eta saloietako aterpea.
  • KIMUENE kulturgunearekin ARTXANBERRIko plarkea.
  • OLALDEKO PARKEA (parke botanikoa) hiru eremutan banatuko dute.
  • LARDIZABAL herri eskolako eraikinarekin RESTI pilotalekua, eskola atariko plaza, haur eskola ondoko eremua eta belar artifizialeko eremua.

Eskola presentzialari eusteko erronkan garrantzitsua izango da aire zabalaren erabilera sustatu eta pilaketak ekiditea. Eremu guzti hauek eskolaren esku jartzeak horretan lagunduko duelakoan hartu du erabakia Zaldibiako Udalak eta eskura dituen bitarteko guztiak erabili beharko ditu azpiegitura hauen mantenu, garbiketa eta desinfekziorako.

Irailean zehar, beraz, eskolako funtzionamendu berrira egokitzea izango da Udalaren lehentasun nagusia, eta ondoren hasiko da eskola orduez kanpoko eskaintzaren antolaketa, hainbat egokitzapen egongo direla aurreikusiz. 

Gaur jarri den karpa hau eskola orduan eta eskola orduez kanpo erabili ahal izango da. Hala ere, eta gaur egun gertatzen direnak ikusirik, estalpe honen eta gainontzeko espazio publikoen erabiltzaileei honakoa ohartarazi nahi diegu: 

  • Zaindu ditzagun ondo denonak diren azpiegitura hauek: beren iraupena denon esku dago. Karpa eremu bat estaltzeko da, ez txintxilika edo bestelako erabilera okerrik egiteko.  
  • Hondakinak: pipa-azalak, zorroak... Eremu guztietan, baina bereziki haurren eremuak direnetan gehiago (haurreskola, eskola eremua, parkeak...) arrisku eta lan handia sortzen dute. Hondakin-ontziak erabili, mesedez!