‘Goierrin indarkeri matxistarik ez!’ sormen lehiaketa abiatu da

Izen ematea azaroan zehar zabalik egongo da eta landu beharreko gaia honakoa da: COVID-19aren pandemia eta emakumeen aurkako indarkeria

Egunerokotasunean emakumeek* indarkeria psikologikoa, sexuala, ekonomikoa nahiz fisikoa pairatzen dute hainbat intentsitatetan. Kasu askotan, egora hori erailketaraino iristen da, gizarte antolamendu patriarkalaren ondorio zuzen gisa. Gipuzkoako Goierri eskualdeko emakumeak ez dira salbuespena.

Indarkeria matxista arazo konplexua da eta hori konpontzeko erantzun integralak behar dira. Urtean zehar hainbat prebentzio programa eta kanpaina garatzen dira, baina morez markatutako eguna azaroaren 25a izaten da, non herritarrak, mugimendu feministak zein administrazio erakundeek bat egiten duten, eta ahotsa altxatzen duten errealitate gordin honen aurka.

Egun horren inguruan zenbait ekitaldi eta ekintza antolatzen dira bereziki herritarren kontzientziazio, sentsibilizazio edo ardura sustatzeko xedez, eta baita salaketa tresna moduan ere.  

Helburu berberarekin Goierriko sei herritako berdintasun teknikarik beraien udalen babes osoarekin, berdintasuna sustatzeko bide berriak eraikitze aldera, lehenengo aldiz Goierri osora zabaldutako sormen lehiaketa bat antolatu dute. Hain zuzen ere, Beasain, Lazkao, Legorreta, Ordizia, Segura eta Zaldibiako udalak dira ekimen honen sustatzaileak, eta dagoeneko lehiaketan parte hartzeko izen ematea zabalik dago. Lehiaketan parte hartzeko azken eguna abenduaren 4a izango da.

Lehiaketaren gaia COVID-19aren pandemia eta emakumeen aurkako indarkeria da. Gaia ardatz hartuta lana bideo formatuan aurkeztu behar da, baina bertan agertuko den grabaketan edozein sorkuntza mota agertu ahal izango da. Adibidez, marrazkiak, eskulturak, argazkiak, bertsoak, idazkiak, irakurketak, dantzak, antzerkiak etab. Bideoak gutxienez 3 segunduko iraupena izan beharko du eta gehienez 300 segundukoa (5 minutu).   eta banaka edo taldeka parte hartu ahal izango dute NAaren arabera Gipuzkoako Goierri eskualdeko herri batean erroldatuta dauden edozein adinetako biztanleek, baina adin txikikoak izatekotan adin nagusiko arduradun bat izan beharko dute.

Sariei dagokienez, puntu gehien lortzen dituen lanetik hasita hurrenez hurren Goierriko saltoki txikietan gastatzeko 200€, 150€ko eta 100€ko bonoak banatuko dira, eta hauez gain udal sustatzaileetako lehengo sailkatuei 50€ko bonoak emango zaizkie.

Lehiaketari buruzko informazio gehiago eta parte hartzeko esteka honako orrian aurki daiteke: labur.eus/goierrinindarkeripe