Euskal Herriko udalerrietan diseinatutako zaintza egitasmoak ezagutzeko mahai ingurua

Euskal Herriko udalerriek zaintzaren inguruan azken urteotan aurrera ateratako egitasmoak ezagutu asmoz, uztailaren 15ean 17:00etan mahai-inguru bat antolatuko da Zaldibiako plazan, EHUko UIK edo udako ikastaroen egitarauaren baitan. “Zaintzen gaituzten herriak” izeneko ekitaldian Zaldibiako, Hernaniko, Usurbilgo eta Segurako ordezkariek hartuko dute parte.

Mahai-inguru hau, halaber, ikastaro zabalago baten azken jarduera izango da: “Gizartea bere espazio publikoen antolakuntza eta eraldaketan”. Berau Xotil Natke Miguez eta Koldo Telleria Andueza arkitektura irakasleek antolatu eta zuzenduko dute, eta herri burujabeak eraikitzeko helburuz, espazioaren diseinuan hartu beharreko neurriak aztertzea izango du ardatz.

Astebete iraungo du ikastaroak, uztailaren 7tik 15era bitarte; arkitektura ikasleentzat egongo da batik bat zuzenduta, eta zati teoriko eta praktikoak izango ditu. Azken egunean, beraz,  “Zaintzen gaituzten herriak” mahai-inguruak; eta interesa duen orok eman ahal izango du bertan izena. Irati Mogollón soziologoa arituko da moderatzaile lanetan, eta Zaldibia, Hernani, Usurbil eta Segurako alkateek hartuko dute hitza.

Partaide bakoitzak bere herrian zaintzaren inguruan diseinatutako egitasmoak aurkeztu eta euren funtzionamendua azalduko dute. Ostera, eztabaidaren bitartez, udalerrietako zaintzaren inguruan hausnarketa kolektibo bat sustatzea izango da asmoa; baita sortzen ari diren egitasmo berriak saretu eta elkarren eraginez leku ezberdinetara eramatea ere.

Herri burujabe eta seguruak eraikitzeko bidean, espazioaren antolamendua haurren, helduenen, beharrak dituztenen eta, oro har, elkarren arteko zaintzara bideratutako proiektuak gero eta ugariagoak dira gurean. Zaldibian ERTZETIK ERDIRA bezala ezagutzen dugun proiektuaren baitan espazio sorkuntza auzolanean lantzeko abiaturiko lanketaren baitan kokatzen dugu mahai-ingurua.