Errenta-aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute aurten ere UEMAk eta Zaldibiako Udalak

Urtero bezala, Zaldibiako Udalak eta UEMAk kanpaina egingo dute elkarlanean, herritarrek errenta-aitorpena euskaraz egitea bultzatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz abiarazi zuen «100.000 zergadun ogasunarekin euskaraz» egitasmoa eta horri helduko dio aurten ere. Lau urterako egitasmoa aurkeztu zuen iaz eta, horren baitan, «Ogasunarekin euskaraz» leloa gehituko dute aurtengo kanpainari lotutako euskarri guztietan. UEMAk ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat eginez, lelo hori gehitu du Gipuzkoako udaletarako prestatutako euskarri denetan.

Hemendik aurrera Ogasunarekin dauzkazun harremanak euskaraz izatea nahi baduzu, eskatu besterik ez duzu:

  • Aitorpena errenta mekanizatuko bulegoan egiten baduzu: Nahikoa duzu hango langileari esatea eta aldatuko dizu.
  • Interneteko Zergabidea plataforman egiten baduzu: Errenta aitorpena betetzean, hizkuntza-aukera egiten da:
    • >Datu pertsonalak > Administrazioarekin harremana izateko hizkuntza > Euskara.
  • Gestorian egiten baduzu: Nahikoa duzu gestoreari esatea aldatu egin nahi duzula.

Autolikidazioa onartzean, eskatu euskaraz izatea

Herritarren gehiengo handi batek autolikidazio-proposamena jasotzen du gaur egun. Autolikidazioa onartzerakoan (telefonoz deituta edo internet bidez), euskaraz nahi duzula esaten baduzu, hortik aurrera hala etorriko zaizkizu Ogasunarekiko komunikazioak, zuk besterik erabaki arte.

Hona hemen kanpainako data nagusiak:

  • Errenta autolikidazio proposamenak 2021/04/12tik 2021/06/30era bitartean onartu ahal izango dira.
  • Errenta eta ondarearen Internet modalitatearen epea 2021/04/15ean hasi eta 2021/06/30ean amaituko da.
  • Errenta mekanizatua modalitatearen epea 2021/04/19an hasi eta 2021/06/30ean amaituko da.
  • Errenta mekanizatuaren hitzordua eskatzeko epea 2021/04/16tik 2021/06/08ra arte izango da.​​​

Hiru dira errenta aitorpena aurkezteko modalitateak:

  • Proposamena: 2021/03/29tik 2021/04/16ra bitartean, 250.000tik gora proposamen bidaliko ditugu, apurka-apurka, postaz (aitorpen guztien erdia baino gehiago). Departamentuaren webgunean eta gure bulegoetan ere eskuratu ahal izango dira. Proposamenarekin ados izanez gero, onartu egin behar da telefonoz edo internet bidez. Iaz proposamenen %88 onartu ziren.
  • Mekanizatua: telefonoz edo internet bidez hitzordua aurrez eskatuz gero, aitorpena egiten lagunduko dizugu gure bulegoetan.
  • Internet: gure laguntza programaz baliatuta, internet bidez bidali dezakezu aitorpena. Zerorrek egin dezakezu zuzenean, edo, bestela, 800tik gora ordezkari profesionaletako edozeinen bitartez.

Edozein modutan egiten duzula ere, euskaraz egin dezakezu, udalerri euskaldunetan euskaraz bizi garela erakutsiz.

 Informazio guztia: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna