"Aralar, mundua leku den lurra" liburuaren irakurraldi musikatua ostegunean

Alarma egoerari amaiera eman zaionetik lehen kultur ekitaldia izango da ostegunekoa. Hala ere, nola ez, ekitaldiaren ezaugarriek eta erabiliko diren jarraibideek osasun irizpideak betetzeko bermea emango dute. Hilaren hasieran argitaratu zen Zaldibiako Udalak ere lagundu duen liburua, izen bereko dokumentalean oinarritua. Parke Botanikoan izango da emanaldia, 19:00etan hasita eta testuaren egile diren Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre idazleen parte hartzearekin, Pello Ramirezek musikaz lagundua.

Egoera berrira egokitutako lehen ekitaldia izango da ostegunekoa. Parke Botanikoak eskaintzen digun espazio zabala eta paraje ederra baliaturik, bertan izango da emanaldia.  "Aralar, mundua leku den lurra” dokumentala egiteko sortutako testu eta irudiak bildu eta izen bereko liburua argitaratu du Landarlan Ingurumen Elkarteak.

Idurre Eskisabel eta Lorea Agirrek zuzenean irakurriko dituzte eurek eginiko testuak eta Pello Ramirezek musikaz lagunduko die, gutxi gora-behera ordubeteko iraupena izango duen emanaldia osatuz.

Zaldibiako Udalak liburuaren 100 ale erosiz lagundu du proiektua. 10 ale Udalerako eta Udal Liburutegirako gordeko dira eta gainontzeko 90 liburuak, emanaldira etortzen direnen artean banatuko dira.

Emanaldia behar den bezala ateratzeko eta egoerak eskatzen duen ardura kontuan izanik, honako jarraibideak izango dira kontuan:

  • Emanaldia hasi baino ordu laurden lehenago (18:45) etorri Parke Botanikora, Eskolako aparkalekua eta haur-parkea dagoen aldetik sartuta, eskuak garbituta eta musukoa jantzita. (6 urtetik beherakoek ez dute musukoa jantzi beharrik). Gogoratu, Covid-19aren sintomatologia izanez gero, ez etortzea, guztion onerako.
  • Parke Botanikoko putzuaren ondoan egongo da kokatuta ekitaldirako sarrera-gunea. Bertara gerturatu eta ilaran, 1,5 metroko distantzian itxaron antolatzaileek sarbidea eman arte. Ekitaldia dohainik da.
  • 12 urtetik beherako guztiak heldu baten ardurapean etorriko dira, eta orokorrean kontuan izango da irakurraldi bat dela eta denok gozatu dezagun ezinbestekoa dela isiltasuna eta emanaldiari arreta eskaintzea. Hori betetzea ezinbesteko premisa izango da bertan parte hartzeko.
  • Eserlekuak: bi aukera egongo dira eta antolatzaileen jarraibideei kasu egingo zaie.
  1. Belardian, norberak ekarritako oihala erabiliz. Esertzeko modu hau erabiliko da orokorrean eta belardian distantziak errespetatuz kono txiki batzuk jarrita egongo dira bakoitza non jarri markatuko dutenak.
  2. Aulkietan. Lurrean esertzeko ezintasunak dituztenentzat aulkiak jarriko dira oinezko-bidean.
  • Behin distantziak bermatuta, musukoa kentzeko aukera egongo da eta ekitaldiaz gozatuko dugu.
  • Amaieran, norberak ekarritako oihalak jasoz eta aulkiak dauden lekuan utziz, modu ordenatuan eta jarraibideei kasu eginez aterako gara pixkanaka.

Ea bada, denon artean eta gauzak ondo eginez kultura hauspotzen dugun. Animatu eta parte hartu!