Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan neurri berriak sartu dira indarrean

Atzo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lehendakariak iragarri eta gaur plazaratu dira ofizialki indarrean diren neurri berriak. Aldaketa nabarmenenak aforoei eragiten die , ostalaritzan mahaietan 4 egotetik 6ra igaroko gara, barruan zein kanpoan zutik kontsumitzea debekatua egoten jarraituko du. Elkarte gastronomikoak ireki ahal izango dute baina ostalaritzako baldintza berdinekin.

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA

3514

30/2021 DEKRETUA, ekainaren 18koa, lehendakariarena, zeinaren bidez bigarren aldiz aldatzen baita honako dekretu hau: maiatzaren 7ko 23/2021 Dekretua, lehendakariarena, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriei buruzkoa.

Dekretu honen bidez, berrikusi eta, hala badagokio, eguneratu egiten dira lehendakariaren maiatzaren 7ko 23/2021 Dekretuan jasotako neurriak, dekretu horren azken xedapenetako lehenengoak ezarritako aginduaren arabera, eta, berriz ere, COVID-19aren hedapenari aurre egiteko askotariko neurriei helduko zaie, gure inguruko herrialdeek ere modu sistematikoan neurri horietara jo eta baliagarriak izan baitira, bat etorriz Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin.

Giza portaerarako tresnak eta konponbideak dira, banakakoak eta kolektiboak, eta agintarien kontrola eta esku-hartzea behar dute. Tradizionalki, ordenamendu juridikoak esplizituki gaitu izan ditu agintariak, alderdi guztietan, osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan egindako hasierako aurreikuspenetik abiatuta.

Bestalde, lege arruntek, Estatukoek edo autonomikoek, eskaintzen duen arau-euskarriaz gain, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluan kudeatu diren osasun publikoaren arloko erabakiak eta jarduketa koordinatuak ere biltzen dira.

Euskadiko lehendakariari dagokio dekretu hau onartzea, bai babes zibilaren arloko plangintzaren zuzendaritzaz arduratzen den organoa den aldetik –hala eratortzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen larrialdi sanitarioaren eta osasun publikoaren deklaraziotik–, bai ordenamenduak osasun-agintariei esleitzen dizkien ahalmenak hertsiki bereganatzearen ondoriozko ikuspegi juridikotik.

Hori dela eta, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoari jarraituz, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Neurri orokorrak eta prebentzio-neurriak.

Luzatu egiten da segurtasunari eta higieneari, pertsonen arteko gutxieneko distantziari eta maskaren erabilerari buruzko neurri orokorren eta prebentzio-neurrien indarraldia –neurri horiek SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriei buruzko lehendakariaren maiatzaren 7ko 23/2021 Dekretuaren 1. artikuluan daude adierazita–.

Bigarrena.– Osasun publikoaren arloko neurri espezifikoak.

SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriei buruzko lehendakariaren maiatzaren 7ko 23/2021 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluak aldatzen dira; izan ere, oro har, neurri batzuk daude zehaztuta, eta gainerakoen indarraldia luzatuko da, honela:

  1. Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztietarako ezarrita dagoen ixteko muga-ordutegia 02:00ak arte luzatuko da, hargatik eragotzi gabe bakoitzari dagokion ordutegira doitzea, goizago bada, hala agintzen duen ordutegi-arau arrunten bat badago.
  2. Jardueretan baimendutako gehieneko edukiera ehuneko 60koa izango da lokal eta instalazio guztietarako, muga espezifikoren bat aplikatu behar duten lokal eta instalazioetarako izan ezik.
  3. Oro har, edozein gizarte- edo kultura-ekitalditan, gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barrualdean, eta 800 pertsona kanpoan. 1.600 eta 5.000 lagun arteko edukiera duten esparruetan, gehienez 800 pertsona egon daitezke barruan, eta 1.200 kanpoan. 5.000 lagun arteko edukiera duten esparruetan, ez da gehieneko edukieraren % 30 gaindituko. Ahal den guztietan, 1.000 pertsona baino gutxiagoko eremu independenteak ezarriko dira, sarbide eta pasabide independenteko guneekin. Aire zabalean egiten diren ekitaldietan, hiri-inguruneetan nahiz ingurune naturalean izan, jendea jarduera horietara joan ahal izateko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak errespetatu beharko dituzte antolatzaileek.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio protokoloak ezar ditzan, beste edukiera batzuk dituzten instalazioak erabili ahal izateko, osasun publikoko helburuetarako proba pilotuak egiteko.

  1. Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduen barrualdeetan, edukieraren ehuneko 50eko mugari eutsiko zaio, baita barran edo zutik kontsumitzeko debekuari ere. Zerbitzua antolatzeko, barrualdeetan eta terrazetan, gehienez sei pertsona izan daitezke mahai edo mahai-talde bakoitzeko, bizikideen kasuan izan ezik. Ezin izango dira bezero gehiago elkartu ez lau lagunentzako mahaietan, ez sei lagunentzako mahaietan ere.
  2. Joko- eta apustu-establezimenduen barruko edukierak ehuneko 50ekoari eutsiko dio. Ostalaritza- edo jatetxe-zerbitzua badute, sektore horretarako aurreikusitako baldintzak beteko dituzte.
  3. Txokoek eta elkarte gastronomikoek berriro ireki ahal izango dituzte lokalak, ostalaritza-sektoreko arau hauen arabera:
  • Edukieraren ehuneko 50eko muga eta barran edo zutik kontsumitzeko debekua dago xedatuta, bai eta maskara nahitaez erabiltzea ere, irensteko unean izan ezik.
  • Erabiltzaileak mahai bakoitzeko sei pertsona baino gehiago ez esertzeko moduan antolatu beharko dira, bizikideen kasuan izan ezik. Ezin izango da lau edo sei lagunentzako mahaietan jende gehiago jarri. Nolanahi ere, ziurtatu behar da inguruko mahaietan eserita dauden pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantziari eusten zaiola.
  • Irekita egoteko ordutegia 09:00etatik 02:00etara bitartekoa izango da.
  • Eguneko erregistroa egin behar da, egunean zenbat mahai erreserbatu diren adierazita.
  • Nahitaezkoa da lokalak etengabe aireztatzea.
  1. Hezkuntza-aisialdiko jarduerak. Pabiloi motako kanpin-dendak erabili ahal izango dira gaua igarotzeko, baldin eta sei pertsona edo gehiagoko edukiera badute eta aireztapen gurutzatua ahalbidetzen duten leihoak edo irekidurak badituzte. Gehieneko edukieraren ehuneko 50ean erabili ahal izango dira, betiere pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantziari eusten bazaio eta etengabe aireztatuta badaude.
  2. Kultu-aretoen gehieneko edukiera-muga ehuneko 60raino handituko da.Leku itxietan egiten diren ehorzketa-beilatoki eta -segizioetan edo errausketarako agurretan, parte-hartzaileek ezin izango dute baimendutako edukieraren ehuneko 40 gainditu. Leku irekian egiten badira, pertsona kopurua mugatu gabe egin ahal izango dira. Edonola ere, bermatu egin beharko da pertsonen arteko gutxieneko 1,5 metroko distantziari eutsiko zaiola eta maskara erabiliko dela.
  3. Museoetan, erakusketa-aretoetan, natura-turismoan eta aisialdi- eta turismo-zentroetan, barrualdean egiten diren bisitetan, taldeak gehienez ere 10 pertsonakoak izango dira; aire zabalean egiten diren bisitetan, berriz, 20 pertsona artekoak.
  4. Barruko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsonako taldeetan antolatu ahal izango da.
  5. Eskola-kiroleko entrenamenduak eta lehiaketak egin ahal izango dira.
  6. Gehieneko edukieraren ehuneko 50ean erabili ahal izango dira aldagelak, bai eta dutxak ere, banaka edo pertsonen arteko bi metroko distantzian.
  7. Baimentzen da kirol-ekitaldietara ehuneko 60ko edukiera gainditu gabe joatea, muga hauen arabera:
  • 1.600 pertsonatik beherako edukiera duten esparruetan, barrualdean 600 pertsonakoa izango da maximoa, eta kanpoan 800 pertsonakoa.
  • 1.600 eta 5.000 lagun arteko edukiera duten esparruetan, barrualdean 800 pertsonako maximoa izango da, eta kanpoan 1.200 pertsonakoa.
  • 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera ezin izango da ehuneko 30 baino handiagoa izan. Ahal denean, 1.000 pertsonatik beherako sektore independenteak ezarriko dira, sarbideekin eta igarobide independenteekin.
  • Aire zabalean egiten diren kirol-probetan, bai hiri-inguruneetan, bai ingurune naturalean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak kirol-proba horietara jendea joan dadin ezarritako jarraibideak errespetatu beharko dituzte antolatzaileek.
  1. Garraio publiko guztietan, azken irteera ordua 03:00etan izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, 20 eguneko epean, neurrien indarraldia luzatu, neurriak aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe data hori baino lehen egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Dekretu honetan xedatutakoaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

 

Vitoria-Gasteizen, 2021eko ekainaren 18an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.