• Hemen dituzue gure herriko kontu txikiak

    BIKUINA ZENA

    Bikuina zena apaizak famatua izan behar zuen. Oraindik ere asko dira gure artean hartaz oroitzen diren zaharrak, baita hari buruzko esamesak ere. Adibidez, ez dira gutxi gotzaiari basurdea erregalatuta egin zela apaiz esaten dutenak. "R"ak ez omen zituen ondo ahoskatzen eta zenbaitek, haren gauzak kontatzerakoan, berak bexale hitz egiten du.

    Bolada batean jende dexente ari omen zen hiltzen. Badakizue, garai hartan entierroko horrebeste kobratzen omen zuten eta bazkaria, gainera. Hori ikusita hala esaten dio batek:

    - Ñeo, bolada honetan apaizok ez zabiltzate gaizki.

    - Beti hogrela, beti hogrela -erantzun omen zion, bere barruari libre utzirik.

    Konfesenarioan txintxoa omen zen. Igande goizero han egongo zitzaizun estraineko mezaren aurretik. Izena azaltzea komeniko ez den emakume bat (konfesioko sekretuekin baikabiltza) igandero joaten omen zitzaion aitortza egitera, eta igandero bekatu bera konfesatzen zuen:

    - Ave Maria, Purisima!
    - Sin pecado concebida. Esan!
    - Hara, jauna, ...
    - Besterik?
    - Bai, ba, jauna. Labe-sua egiteko egurrik ez neukan etxean eta, auzoko sorotik bi tomate-esola hartu nituen herenegun.

    Bekatu bera hainbeste aldiz barkatzen edo aditzen aspertuta, eta hala esan zion:

    - Begira, andrea; edo ez ezazu gehiago esolarik lapugrtu, edo ez ezazu gehiago konfesatu.

    IDIA ERNAI

    Albaiteroek teknika aldetik gaur adinako laguntzarik ez zuten garaiak ziren haiek. Baina baserritarrek, ganaduari etekina aterako bazioten, jakin beharra zeukaten ernai ala antzu eta zer osasun egoeratan zeukaten abere-jendea. Hori dela eta, sarritan deitzen zioten albaiteroari. Behin batean (auskalo zenbat urte diren), oso entenditua zela eta, ekarri du gure herriko baserritar batek ( izena isilean gorde dezagun) albaiteroa, behia ernai ote dagoen begiratzeko. Albaiteroak begiratu eta aztertu du behia, bere eskuak beste medio teknikorik gabe, noski. Amaieran hasi omen zen:

    - No sé, no sé... Ésta sí, ésta sí está preñada -egiten omen zuen, behiaren aldamenean zegoenari sabeletik eskua pasatuz, eta bienbitartean idia izaki.
    Baserritarrak haserre-betean eraso omen zion:
    3.- Nañarritik arrupera

    Ez dago zaldibitarrik Nañarri eta Arrupe non dauden ez dakienik, beraz erdi lanak eginak dauzkagu. Pello da gaurko protagonista. Kasu honetan izena ere ipini egin dugu, ez baitu besteek bezalako transzendentziarik kontu honek. Pello Beasaingo Fabrika Haundian ibilia zen, nahiz eta gero baserrian geratu. Inoiz bezala, albarka, mahonezko praka eta blusa, Ordizian zegoen txerriak saltzen. Erostunik ageri ez zen tarte batean non pasatzen den gaztetako lagun-zahar bat, trajea eta gorbata jantzita, hau ere Beasaingo Fabrika Haundian ibilia. Fabrikan ibili ziren sasoi horretan elkar ezagutu eta adiskide egin ziren, gainera.

    Esan bezala, Pello atera egin zen; besteak bertan segitu. Segitu ezezik uste baino azkarrago goi karguetara iritsi ere bai gure Ignazio (horrelatxe zeritzan). Askoren ustetan, bere poltsikorako ere dezente egin zuen Pelloren adiskideak.

    Kaixoka hartu zuten elkar. Diosolaren ondotik beste zerbait gogoratu zitzaion Pellori:

    -Bazegok alde ederra, toki batean edo bestean jaio; leku batean edo beste batean egokitu. Hi hemen, trajea eta gorbata, "veinticinco" baino dotoreago eta gu, berriz, praka zahar eta zarpa-jario.

    -Egia esango diat, Pello! Gizonak berezkoa ere behar dik. Begira, ni Nañarri puntan larrugorrian bota eta beheko errekara ailegatzerako jantziko nindukek.

    -Bai, bai... Beasaingo Fabrika Haundia Arrupen balego, bai.

    Hiru pasarte hauek Rufino Iraolak prestatu ditu.

    PRIMO ZAHARRA

    Orain dela hirurogeita hamar urte ingurukoak-edo dira gaur berritzen ari naizen kontu hauek. Zaldibitar askok aditzera duten moduan, bazen Prantses Txikia zeritzan bertsolari bat, aldi batean Beasaingo Fabrika Haundian lan egina. Zaldibian askotan izaten omen zen. Albitxerriko Joxe Ramon Sukia, Primo Zaharra deitzen ziotena, lagun handia zuen eta elkarrekin parranda batzuk eta zenbait bertso-saio egin ohi zituzten.

    Prantses Txikia orduko bertsolaririk onentsuena jotzen zuen jendeak. Baina Primo Zaharra ere, ikusten denez, bertsotan dexente egiten zuena zen. Gau batean, tabernatik azkeneko atera arren, artean ere kantatzeko gogoa, nonbait. Prantses Txikiak kantatu omen zuen lehenengo, honela galde eginez: "Gaur arratsean non izango da neretzako gau-ostatu?". Ez zuen luzaro itxoin beharrik izan erantzuna jasotzeko, Primo Zaharrak berehala eman zion. Primo Zaharrak, nekazaria izaki, hiru-lau behi eta zezena edukitzen zituen. Prantsesaren bertsoari eman zion bere moduko erantzuna:

    Gau-ostatua non dadukazun
    nik esango dizut xuxen:
    hainbeste toki badegu eta
    gure etxeraino goazen.
    Etzanlekua jarriko dizut
    orbel-pila, behien atzen.
    Gaur gauetikan izango dira
    gure etxean bi zezen.

    Oraingo hau Ordiziako igeltsero batekin ari zela gertatu omen zitzaion. Igeltseroak, azkarkeria eta aztikeriaz, isipu beltzarekin horma berdin zuritzen zuela esan omen zion, eta Primo Zaharrak, ez bat eta ez bi, honela erantzun hitzetik hortzera:

    Igeltsero honek izan behar du
    abildadez ugaria,
    zer milagroak egiten ditun
    emana du agiria:
    isipu beltzez hormak zuritu,
    hori da jakinduria,
    baina nik ere jetzi ohi diot
    behi beltxai esne txuria.


    ARTXANBERRI

    Urte hori bera zen. Santafetan, nire kidetsuko kuadrila bat elkarrengana bildurik han geundela non datorren gure amona, Ermentariko amona, Meza Nagusia entzun eta eskuetan makila bana dituela. Buru-makur, lurrari begira, aldizka burua pixka bat altxatuz eta geu geunden alderdira begiratuz nonbait ikusi eta ezagutu egin ninduen. Aurpegia parrez parre duela non inguratzen zaidan, makila biak esku batetan harturik eta ahal duen tenterena jarririk. Eskua luzatuz:

    - Kaixo Patxi. Zer moduz zera?
    - Ni ondo amona, eta zu?
    - Ikusten duzu, Patxi, urteak pilatu zaizkigu eta horiek ez dute barkatzen. Dugunarekin konformatu behar, Patxi. Adizu, Patxi, zuk bertsoetan ere oso ondo egiten duzu.

    - Ba... pixka bat aritzen gara.
    - Pixka bat ez-ezik, bai ondotxo ere. Lehengoan Milmainean ari zinela entzuten egon nintzen. Haiek bertso ederrak kantatu zintuenak! Nahiago nuke oraintxe ere bat kantatuko bazenida.
    Orduan nire lagunek eraso zidaten:

    - Kanta eiok, amona honek merezi dik eta.

    Eta honako bi bertso hauek kantatu nizkion:

    Denborarekin ajea leike
    naiz eta pertsonik sanona,
    baldin gazterik iltzen ez bada
    zartu behar hau dadona,
    urtean karga jaso ezina
    ez da izango lan ona,
    neronek ez dut ikusi baina
    jakingo dezu amona.
    Amonatxo hau ikusitzen det
    bi makilatxo hartuta,
    baldin pausorik aldako badu
    anparoak behartuta,
    buruak ia lurra jo dio
    bizkar dena konkortuta,
    gazteak hortik kontsideratu
    zer datorkigun zartuta.


    BIANDATXE

    Biandatxe gizon hiztuna zen, ateraldi dotoreak eta egokiak zituena. Oso txistosoa zen. Hargintzako lanetan eta baserriko lanetan aritzen zen. Baserriko lanetatik aparte urtean zehar hargintza lanetan saioak egiten zituen, askotan, etxetik urrutik xamar.

    Behin batean, urruti xamarrera joan zen eta etxera etorri gabe aste pare bat pasa zituen. Herrira etorri zenean, herriko ostatuan sartu zen. Basoerdi bat eskatu ondoren garai hartan ostatuko nagusia zen Eugeniori galdetu zion;

    - Hi Eugenio, hamabostaldi hontan entierrorik izan al da Zaldibin?

    Eugeniok pixka bat pentsatu ondoren…

    - Ez, ez duk izan
    - Orduan gure etxean denak bizi izango dituk.

    *********************

    Behin Eugenioren ostatu berean, Txato eta Biandatxe gertatu dira basoerdi bat edanez. Garai hartan tabernan ardoa bakarrik ez zen saltzen, alpargatak eta gauza gehiago ere bai. Biandatxek alpargatak erosi nahi zituen

    Biandatxe alpargatak probatzen ari zela, Txatok galdetu omen zion

    - Hik ze numero ibiltzen duk?
    - Ba... nik 26 ibiltzen diat.
    - Nik 27 ibiltzen diat baino 26koa sartuko niake hankan.
    - Jokatuko diat ezetz.
    - Nahi duan guztia.

    Egin zion apostua, boteila bat ardo edo...

    - Bueno ekarri "apretak" 26koak.

    Ekarri zituen apretak eta sartu zituen.

    - Ikusten al duk nola sartu ditudan.

    Biandatxek erantzun zion.

    - Hik ordea ez dituk apretak sartu hankan, hankak sartu dituk apretan.
    Biandatxek, Zaldibiko baserri batean lanean ari zenean bete omen zituen 58 urte. Hurrengo egunean gosaltzen ari zirela, hala omen zion Biandatxek baserriko jabeari

    - Mutilak ume ahule jaio nintxoan egunen batean
    - Zu ahule, esan omen zion nagusiak
    - Ba... motel
    - Zergatik?
    - Zergatik esaten duk, gizonak urteko kilo bat irabazi nahi like ba, eta nik ez diat egin hori ere.
    - Ez, egingo ez zenuen ba...
    - Horixe ez dudala egin, atzo bete nituan 58 urte eta gaur pixatu nagok Mielmañen, eta 57 kilo pixatzen dizkiat, urteko kilo bat ez diat irabazi eta ni baino ahulago horregatio, nahi nike ba, gizonak urtean kilo bat irabazi.

    ****************************************

    Asteazken batean, Ordiziko peria egunean, izan ere garai hartan Ordizin egun guztiko peria izaten zen, goizetik iluntzera. Udazkena aldera Zaldibin artzaiak eta jende asko izaten zen iluntzean peritik erretiran, Zaldibiko Mielmañen, orain Arrese taberna den hortan. Juntatu zen hala moduzko kuadrila bat; Joxe Handi esaten ziena bat, artzaia zena, Biandatxe...

    Sobra ere Joxe Handi, Biandatxe aspaldin ikusi gabe zegoen eta hala agurtu omen zuen

    - Zer moduz zabiltz Biandatxe?
    - Ba... hemen nago, argalen pijo!

    Joxe handik esan omen zion:

    - Ba orain ere, hire pixuri kenduko nioke 30 kilo
    Joxe Handi gizon ikeragarria omen zen, 130 kilo, eta Biandatxe berriz txikia, 57 kilo.
    - Ba... aixa kenduko diat nik hiri, aixa gainera!
    - Jokatuko diat ezetz
    - Nahi duan guztia

    Ronda bat jokatu zuten. Mielmañen bertan omen zegoen baskulea. Taberna izateaz gain, denda ere bazen eta denetarik egoten zen garai hartan. Biandatxek Migelmari zenari esan omen zion

    - Jarri baskula Migelmari, orain ikusiko diagu honek zenbat kentzen didan.

    Jarri du baskula Migelmarik eta Biandatxek esan omen zuen

    - Ni pixatuko nauk aurrena
    - Pixatu heorri
    Pixatu da eta 57 edo behintzat 60 behetik, artean, gaztea zen baina sekulan 60 kilo pixatu gabea edo hala moduz. Jarri da Joxe Handia, ehun eta ... kilo, hala esan omen zion baskulatik jestekoan,

    - Ba ikusten al duk, toki ederrean gelditu haiz !
    -Egon lasai hi, nik berriz pixa behar diat!
    - Bai berriz ere pixatu arren, lehenagokoak pixatuko dituk
    - Ez ziok inporta, pixa behar diat nik

    Pixatu omen zen eta han jartzen da,

    - Jarri Migelmari nik berriz pixatu behar diat zenbat pixatzen dudan

    Pixatu da eta lehen bezela

    - Ikusten duk, esan omen zion, hik neri nondik kendu didak ba..., nik lehen bezela pixatzen diat, hik neri ez didak ezer kendu

    Jose Handiak apustua galdu egin zuen.

    ************************************

    Beste behin gauean, gaueko 1ak aldera sartu da, zapateri esaten zitzaion tabernan, orain Estanku dena. Sartu da gauean 12etatik aurrera behintzat, eta jende dexente zegoen...

    - Egunon Jainkoak dizuela, esan omen zien.

    Bat altxa zen eta esan omen zion.

    - Baino egunon Jainkoak esaten duzu orain, garai hontan, eguna ez baino gaua da orain.

    Biandatxek galdetu zuen

    - Egunak zenbat ordu ditu?
    - Egunak ba... 24 ordu
    - Ba orduan ez zegok gaurik

    Pasarte hauek, Patxi Iraolarengadik jasoak izan dira.

Zaldibaiko herri ataritik ateratako ekitaldien agenda
<< 2017, uztaila >>
As. As. As. Ost. Ost. Lar. Ig.
     1
 
2
 
3
 
4
 
5
 
6
 
7
8
 
9
 
10
 
11
 
12
13
 
14
 
15
 
16
 
17
 
18
 
19
 
20
 
21
 
22
 
23
 
24
 
25
 
26
 
27
 
28
 
29
 
30
 
31
 
      

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /