• Lardizabal eskolako ikasleak ari dira egitasmoan parte hartzen, dagoeneko 6 talde pasa dira eta falta direnak datozen egunetan igaroko dira. Erakusketa, Ikusi nahi duen ororen esku egongo da ostiral eguerdirarte.

    kontuari kontu, ipuin jolasa kultur etxean gozagarri
    Lardizabal eskolako haurrak erakusketan parte hartzen

    Euskal tradiziozko ipuinak

    “Kontuari Kontu”k Itziar Zubizarretak zuzendu eta moldatu duen euskal tradiziozko ipuin bilduma bati eta hari lotuta sortu den jolas literarioari ematen dio izena. Ipuin bilduma horretan agertzen diren lau ipuinak tradiziotik hartu eta moldatu ditugu. Era berean, tradiziozko ipuin hauen gaia ere eguneratu dugu.

    Ipuingintza unibertsalean ere koka ditzakegu lau ipuin hauek; azken batean, tradiziozko ipuingintza gizakiaren ondarea da eta ez herri bakarrekoa. Herri bakoitzak sortu du ordea ondare berezi horren interpretazioa, bere gizarte propioari egokitu diolako.

    Ipuin jolasa

    Aipatu dugun ipuin bilduma transmititzeko, jolaserako espazio bat sortu dugu beraz. Eta espazio hau magia bereziarekin kutsatu nahi izan dugu. Bi plano gurutzatzen ditugu bertan: ametsaren mundua eta errealitatea, bien arteko mugan sare handi bat jarri dugu estalki moduan. Ipuinek ametsezko mundu batera eramaten gaituzte, eta, aldi berean, haiek ametsezko mundutik datozkigu.

    Espazio erreala eta onirikoa bereizten duen sarearen lau ertzetatik zintzilik ipuin bakoitza sinbolizatzen duten lau objektu ipini ditugu: hauetako bakoitzak ipuin bakoitza gogoan izan eta kontatzeko parada eskaintzen digu. Soinu instalazio bat ere entzun ahal izango dugu, ipuinen ametsezko mundurako sarbide gisa.

    Itziar Zubizarreta izan da ipuin bildumaren diseinua, ipuinen moldaketa eta jolas literarioaren sorreraren arduraduna. Eta jolas literarioaren espazioaren sorrera Zubizarretak berak eta Itsaso Azkaratek burutu dute.

    Ipuin bilduma

    “Kontuari Kontu” ipuin bilduma Aitziber Alonsok sortutako kutxatxo batean jasota agertzen zaigu, non, ipuinez gain, CD bat ere kokatu dugun. CDak tradiziozko 4 ipuin horiek biltzen ditu, Patxi Zubizarretak eta Itziar Zubizarretak ahoz gora kontatuak eta Zuriñe Fernandez de Gerenabarrenaren musika originalak lagunduta.

    Ipuin bakoitza kaxa barruan dauden 4 liburuxketako bakoitzean jasota dago eta maisuki ilustratua 4 euskal ilustratzaile ezberdinen eskutik:

    - “Alaba eta alabaordea”, Eider Eibarrek

    - “Errege zorria”, Jon Zabaletak

    - “Hiru olatuak”, Maite Gurrutxagak

    - “Zazpi lapurrak”, Iñaki Martiarena, Mattinek

    Egitasmo hau, Zaldibiako Udalak antolatu du Galtzagorri elkartearen eskutik eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin.

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /