Bikuina zena apaizak famatua izan behar zuen. Oraindik ere asko dira gure artean hartaz oroitzen diren zaharrak, baita hari buruzko esamesak ere. Adibidez, ez dira gutxi gotzaiari basurdea erregalatuta egin zela apaiz esaten dutenak. "R"ak ez omen zituen ondo ahoskatzen eta zenbaitek, haren gauzak kontatzerakoan, berak bexale hitz egiten du.
Bolada batean jende dexente ari omen zen hiltzen. Badakizue, garai hartan entierroko horrebeste kobratzen omen zuten eta bazkaria, gainera. Hori ikusita hala esaten dio batek:
- Ñeo, bolada honetan apaizok ez zabiltzate gaizki.
- Beti hogrela, beti hogrela -erantzun omen zion, bere barruari libre utzirik.
Konfesenarioan txintxoa omen zen. Igande goizero han egongo zitzaizun estraineko mezaren aurretik. Izena azaltzea komeniko ez den emakume bat (konfesioko sekretuekin baikabiltza) igandero joaten omen zitzaion aitortza egitera, eta igandero bekatu bera konfesatzen zuen:
- Ave Maria, Purisima!
- Sin pecado concebida. Esan!
- Hara, jauna, ...
- Besterik?
- Bai, ba, jauna. Labe-sua egiteko egurrik ez neukan etxean eta, auzoko sorotik
bi tomate-esola hartu nituen herenegun.
Bekatu bera hainbeste aldiz barkatzen edo aditzen aspertuta, eta hala esan zion:
- Begira, andrea; edo ez ezazu gehiago esolarik lapugrtu, edo ez ezazu gehiago
konfesatu.