kabezerako_irudia

Kokapena eta demografia

Zaldibia Aralar mendiaren oinean dago, Oriarantz isurtzen duen haran batean, Gipuzkoako Goierrin hain zuzen. Barruti judiziala duen Tolosatik 20 kilometrora dago eta Donostiatik 42ra. Iparraldean Arama eta Gaintza ditu mugakide, ekialdean Abaltzisketa eta Aralarko Enirio, hegoaldean Aralarko Enirio eta Ataun, eta mendebaldean Ataun, Lazkao eta Ordizia. Hiru dira Zaldibiak Aralarren dituen enklabeak: Martxabaleta, Matxitxane eta Atxuripea.

Udal-barrutiak 16,2 km koadroko azalera du eta estuki uztartuta biltzen ditu ingurune landatarra eta hiritarra. Herri gunea 165 metroko garaieran dago kokaturik eta bertan bizi dira 1.517 biztanleetatik gehienak (zaldibiarrak). Gutxi asko 100 biztanle bizi dira km koadroko, eta biztanleriaren %90-a euskalduna da.

Azken ehun urteetako bilakaeraren lehen fasean biztanle-kopurua arian-arian areagotu egin da, batez ere 1950az geroztik. Horren arrazoia, eskualdeko herri-gune nagusietatik hurbil egoteak eta komunikabide egokiek eskainitako erraztasunen ondorioz industri lantegiak ezarri izanean datza.

Prozesuak alderantzizko joera hartu zuen 1970 aldean, inguruko beste herri askotan baino hamarkada bat lehenago. Harrezkero, biztanle-kopuruak gutxitzera jo du gaur arte. Egun, 1925. urtearen antzeko mailan paratu da. Azken beherakada hori krisialdi industrialak eta bere ondorengo lanpostu-galerak sorrarazi dute; baina, badu beste eragile bat ere: neurri batean, bertako biztanleek, zenbaitetan familia osoek, pixkanaka baserria utzi izanaren ondorio ere bada.

aurrekoa1/2hurrengoa

Zaldibiko ikuspegi orokorra

Zaldibiko ikuspegi orokorra

 

© Zaldibiako Udala 2005