• Lardizabal herri eskola

    Eskolako gaiak denontzat garrantzitsua izan den bizitzako zati hori eta oroimen bat baino gehiago ekartzen digu. Lantxo honetan gaiaren inguruko zertzelada batzuk besterik ez ditugu emango eta etorkizunean gehiago lantzeko interesantea izan daitekeen gaia da hau. Modu azkarrean egin bada ere herritarrek eskainitako informazioari esker izan da eta ezer baino lehen, lan honen bukaeran aipatuko diren herritarrei eskertu nahi diegu eskainitako laguntza. webgunea

    100 urteko historia laburra

    Zaldibian Euskal Herriko beste herrietan gertatzen den moduan eskolako antolakuntza Estatutik dator eta honek hainbat aldaketa izan ditu, gobernu, adina, eta era ezberdinean antolatua izan da Errepublikan, Diktaduran, gaur egungo Autonomien Estatuan. Legeak hizkiz edo izenez ezagutzen dira eta horietako asko ezagunak egingo zaizkizue, besteak beste, Moyano, Romanones, Cánovas, Garcia Alix, Silio, Calleja, "Libro Blanco", Villar Palasí, LOECE, LODE, LOGSE. Guztiek gure herriko eskolako antolakuntzan eragin zuzena izan dute.

    Baina noiz sortu zen herrian eskola?

    Noiztik dagoen ez dakigu baina udaletxean gordetzen diren akten arabera Zaldibian eskolaren aztarnak XIX. mendearen erdialdetik daude. Akta horietan ez ditugu datu asko baina beraien bitartez jakin dugu gutxi gora behera eskolako antolakuntza nolakoa zen eta hainbat herritarrei eginiko elkarrizketen bitartez, gaur arte eskola nola antolatu den azalduko dugu hurrengo puntuan.

    Lardizabal Herri Eskolaren izena noiztik datorren ez badakigu ere, esan daiteke XX. mendearen erdialdean Lardizabal herritarraren izena hartu zuela, eta 80.hamarkadan gaur egun ezagutzen dugun euskal izenarekin definitzen hasi zela.

    Herriko lokal askotan eman da eskola, eta ez beti behar ziren baldintza egokietan. 1895.urtean mutilak alondegiaren goikaldera pasa ziren eta aldaketa hau aurreko lokalaren higiene baldintzek behartutakoa izan zen. Esan digutenez eskola publikoa lokal ezberdinetan zegoen kokaturik, udaletxeko goikaldean, gaur egun Udalaren almazena den Gure Ametsako lokalean, desagerturik dagoen ostatuan, Estanko gaineko eskolan, orain kultur etxea den lokalean, ...

    Irakaslegoaren inguruko datuak.

    Irakaslegoa lehenengo urteetan legeak horrela adierazten zuelako, Valladolid-eko Unibertsitatetik izendatzen zen eta batzuk euskaraz hitz egiten bazekiten nahiz eta klaseak erderaz eman horrela agintzen zelako. Diputaziotik irakaslegoari buruzko datuak eskatzen ziren eta datu horietako bat euskaraz hitz egiten bazekiten ala ez zen. II Errepublika garaian Katalunian eskoletan katalana ere sartu zuten eta urte horietan bi hizkuntzek zuten lekua irakaskuntzan. Euskal Herrian berriz ez zen horrelakorik izan. Irakaskuntzako hizkuntza 80.hamarkadara arte gaztelera izan zen eta nahiz eta ikasleek gaztelera ez jakin, ikasgelako azalpen guztiak gazteleraz ziren eta memoriz ikasi behar zuten, zer zen ulertu gabe.

    Pasarte honetan Juan Ignacio Iztuetak, mende bat lehenago, gabezi horien berri ematen du, penaz eta amorruz: "Ez da lotsagrri ez ecic, mingarri ere, Gipuzkoaco erri leialetan gazteria escolatceco, itzcho bat bakarra ere euscaraz ez daquiten maisu erdaldunac ifintea? Eta oraindik are illgarriago baicic ez da, ecolaco aur gaishoari itz bat euscaraz erortzen zaiotelako, beraren etsai azagutuak dauden guizon erbesteko oek ematen diezaten azote gogorrac ontzat erametea, cer bada! ¿Ain becatu andia da euscaldunai euscarazko itza jalquitzea? ¿Há euscara maitagarri bicicor guishaishoa! Ez dira, ez campotarrac bacarrik zu icusi nai etzaituztenac..." ‘Vocabulario del vascuence’ Juan Inazio Iztueta

    Herrian ematen zen "Enseñanza Primaria"-ko irakaslegoaren prestakuntza hasierako urte horietan ez dakigu nolakoa zen, baina bai erlijioarekin erlazionatutako ikasketak kontuan hartzen zirela, adibidez, ordezkoak izendatzeko garaian. Kontuan hartzekoa da, baita ere, Estatu osoan 36ko gerraren ondoren 50.hamarkadara arte estatuak irakaskuntzaren ardura elizarengan utzi zuela, beraien ustez irakasle funtzioa bereganatzeko gai zen giza talde bakarra baitzen. Garai horietan irakasle guztiei erlijio eta patriotismo azterketak egin zizkieten eta sistemarekin bat ez zetozenak baztertu zituzten.

    Zaldibiako eskolan irakasle asko ibili da eta horietako batzuk urte askoz aritu dira lanean, beste batzuk beharren arabera urte beterako etortzen ziren. Guztien izenak ez ditugu bildu eta horregatik ez dira azalduko. Irakasle batzuk udaletxeko pisuetan bizi izan ziren.

    Derrrigorrezko irakaskuntza herrian.

    Gobernu guztiek lehenengo irakaskuntza hau, 6-12 urte bitartekoa, dohainik eskaini duten arren eta derrigorrezkotzat jo duten arren, herritarren erantzuna askotan ez zen erabat bat etortzen. Batez ere mendearen hasieran, etxeko beharrek agintzen zuten eta eskola bigarren maila batean geratzen zen. Bestalde, kontuan hartu behar da, eskolara etortzeko garraiorik ez zegoela eta joan-etorri horietan denbora asko pasatzen zutela. Gai honek arazo bat baino gehiago sortu zuen eta neurri bat baino gehiago hartu izan zuten gurasoei zigorren bat, asistentzia zutenei sariak eman... 1903ko maiatzararen 20an "Junta Local de 1ª Enseñanza" deituriko taldeak eginiko bileraren aktan azaltzen den moduan.

    Eskolako gaiak eztabaidatzeko Junta bat zegoen eta hauek urtean gutxienez bi aldiz biltzen ziren, kurtso hasieran eta ikasturte bukaeran. Bilera horietan eskolako aurrekontuak onartzen ziren, irakasleen izendapenak jakinarazten ziren, eskolako arazoei buruzko argibideak ematen ziren (haurren disziplina, irakasleen jarrera,...), eskolako ordutegiak finkatzen ziren (1900. urte inguruan ordutegia goizeko 8etatik 11ak arte eta arratsaldeko 2etatik 5ak arte izaten zen) , higiene kontuak eta abar, hau da, eskolako antolakuntzarako beharrezkoak ziren hainbat puntu finkatzen ziren. Junta horietako kideak honako hauek ziren: alkatea (lehendakaria) eta batzordekideak (gurasoak, irakaslea, medikua, apaiza,...) Gaur egun ere eskoletako gaietan udalek badute zer esana baina noski eskoletako antolakuntza asko aldatu da eta baita partaideak izendatzeko modua ere.Lehen haurrek 14 urtera artee herrian ikasten zuten eta gero ondoko herrietara joaten ziren. Betidanik herrian oinarrizko ikasketak egin izan dira, baina 1995.urtean izan zen berrantolaketaren ondorioz, herriko eskolan 12 urtera arte aritzen dira eta gero Ordizian, Beasainen edo ingurutako eskoletan bukatzen dituzte derrigorrezko ikasketak.

    Ikasketak eta azterketak

    Eskolako gaiei buruz ere badago zer esanik. Esan daiteke 70.hamarkadara arte landu diren gaiak erlijioa, irakurketa, gramatika, ortografia eta aritmetika izan direla. Prestakuntza horri sexuen araberako etxeko lanak ere gehitu izan zaizkio eta prestakuntza politikoa ere bai, himnoa adibidez. 80. hamarkadan gaien antolakuntza aldatu zen eta prestakuntza orokorretik abiatuta zientzia, humanistika eta hizkuntza arloko gaiak finkatu ziren. Gaur egun, noski, askoz ere espezifikatuago daude landu behar diren gaiak eta hizkuntza arloak arrakasta handia du. Oraingo Zaldibiako haur eta gazteek euskara eta gazteleraz gain ingelesa eta beste hizkuntzak ere ikasten dituzte. Gaien azalpenak asko landu dira eta haurren adinetara egokitu dira. Bestealde, aipatzekoa da gaur egun gizarteak izan dituen aldaketak medio, gero eta formazio gehiago eskatzen dela eta hezkuntza sistema ere horretara egokitu behar dela. Euskal Herrian edo estatuan ikasketak bukatu ondoren, atzerrira prestakuntza akademikoa hobetu nahian gero eta jende gehiago doa eta horren adibidea Zaldibian ere badugu. Neska-mutil asko dira kanpora joan direnak. 60. eta 80. hamarkadetan jaiotakoen artean badira hogeitik gora herritar atzerriko herrialdeetara ikastera joan direnak.
    Harremanetarako:

    Santa FE, z/g
    ZALDIBIA
    Gipuzkoa
    20247

    Telefonoa: 943 884251

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /