Ongi etorri eta mila esker Zaldibiko Udalaren webgunera gerturatzeagatik.
Lehenik eta behin aitormen txiki bat egin behar dizuegu, ziur aski gaur egun udal kudeaketarako batzordea osatzen dugun askok, ez genuen udaletxean egongo ginela amestu ere egin.
Askotan gauzak ez dira nahi bezala ateratzen eta beste askotan, ateratzen diren modura egin beste erremediorik ez da izaten.
Hau honela izanik ere, ilusioa eta gauzak ondo egiteko gogorik ez zaigu falta. Azkar eta ondo usoak bakarrik egiten omen du hegan eta Zaldibiko Udalaren kudeaketa gure esku dagoen heinean usoak bezala hegan egiten saiatuko gara.
Gure herriak ez du horrelakorik merezi. Inork baztertua izatea merezi ez duen bezala, inork ez du merezi atea ixterik. Udal kudeaketa txukun, argi eta herritar bat egin asmo dugu. Udaleko ateak parez pare irekirik izango ditugu eta horri eskerrak gure eguneroko ekintzak izango dira epaituko gaituztenak eta ez gure hitzak.
Bide horretara herri guztia bildu nahi dugu. Guztion ardura da Euskal Herriko sukaldean fundamentua egitea.
Herriarekin eta herriarentzat eltzea sutan jarriaz probatzea erabaki dugu.
