Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2011/09/23
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa
Zaldibia

?

UDALBILTZA auzia: BAI UDALBILTZARI BAI EUSKAL HERRIARI 

BAI UDALBILTZARI BAI EUSKAL HERRIARI

“UDALBILTZA, Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarra”, nazio-instituzioa, zazpi lurraldeetako ia 1.800 udal hautetsik sortu zuten, 1.999ko irailaren 18an Bilboko Euskalduna Jauregian. Honako printzipio eta helburuekin sortu zuten:

1.    Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea.

2.    Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea, lurraldetasuna lekuko izanik eta zazpi euskal lurraldeetako udal ordezkariak esparru erkidean batzeko asmoz.

3.    Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratikotzat harturik eta euskal herritar guztien erabakimen eta parte hartze askean oinarriturik.

4.    Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, hizkuntzaren, kulturaren, kirolaren, ingurumenaren, lurralde antolaketaren, ekonomiaren garapenaren eta ongizatearen alorrean eta beste esparru batzuetan, udal ordezkarien ekintza bateratuei bide emanez.

5.    Nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea, baita Euskal Herriak nazio gisa jardun nahi duela ere Europako etorkizuneko egituraketan eta erakundeetan.

Helburu hauek gauzatze aldera hamaika ekimen bultzatu, sendotu, babestu eta aurrera atera izan ditu UDALBILTZAk azkeneko ia hamaika urte hauetan.

Oztopoz jositako ibilbidea izan du. Horien artean, nabarmena 2.003ko udaberrian Madrileko Auzitegi Nazionalak aginduta erakunde nazionalaren aurkako polizia operazioa dugu.

Operazio honen ondorioz UDALBILTZAko hainbat hautetsi eta langile atxilotu, bulego publikoak itxi, udaletxeak erregistratu, materiala eraman, Zuberoan hainbat enpresa egitasmo laguntzeko herritarrek emandako dirua konfiskatu eta UDALBILTZAri suspentsioa ezarri zioten.

Operazio honen aurrean, udal hautetsi, ordezkari politiko, sindikal, kultural eta sozial ugari eta anitzek eta milaka eta milaka herritarrek erasoa salatu zuten Bilboko kaleetan, “Bai Udalbiltzari, Bai Euskal Herriari” lelopean.

Orain, zazpi urte beranduago, UDALBILTZAren aurkako epaiketa dator. Fiskalaren zein herri-akusazioaren eskaerak ezagutu ditugu, hautetsi eta langile izan diren 22 pertsonentzako 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak hain zuzen. Nabarmentzekoa da UDALBILTZA erakundearen beraren behin betiko ilegalizazioa eskatzen dela.

Honen aurrean, ZALDIBIAko udalbatzarrak honako puntu hauek onartzen ditu:

1. ALDARRIKATZEA: 1999ko irailean Euskalduna jauregian egindako batzar sortzailean onartu ziren bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa eta zilegi dela eta ezin dela delitutzat jo. Helburu eta lan-ildo horietan aurrera egiteagatik hautetsi eta alkateak kriminalizatzea demokraziaren aurkako ekimena da, are gehiago kontuan hartuta epaituak sufragio unibertsalez aukeratutako herri-ordezkariak direla

2. KONPROMISO HARTZEA, edozein arlo instituzionaletan, demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko.

3. Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langile ohien aurka Madrileko Auzitegi Nazionalean eramaten ari den auzibidea irmoki salatzea eta Estatuko Gobernuari eskatzea Estatuko fiskal nagusiak gaur egun mantentzen duen akusazio publikoa erretira dezala.

4. Epaiketa gertatu bitartean, EKAINAren 13an ZALDIBIAKO UDALETXEAREN AURREAN 13:00etan kontzentratzera deitzen ditugu herritarrak, era isilean elkartasuna adierazteko.

Euskal Herrian, 2.010ko ekainaren 10ean

2010eko ekainaren 13ko irudia.
2010eko ekainaren 13ko irudia.

| Santa Fe Kalea , 18 - (20247). Telefonoa: 943 880357, Faxa: 943 885043 | © Zaldibiako Udala. IFK P2008400J