Azken garaian arazo bihurtzen ari da zaldibitarrok gure autoaz egiten dugun erabilera.
Ez da gauza berria, lehen ere bazen horrelakorik. kontua da lehen ez bezala, orain bi kotxe baino gehiago aurki ditzakegula etxe askotan.
Halere, arazo nagusia ez dira autoak, haien gidariak baizik. Badirudi, etxetik ateratzeko autoa behar dugula eta bide honetatik jarraituz gero, laster kalea autoena izango da.
Kanpaina honekin herritarron kontzientzia astindu nahi dugu.
Eguneroko joan etorrian, presak agintzen duen garaian, une batez egiten duguna eta horrek sortzen dituen arazoez ohartu behar dugu.
Aparkatzeko guneak eta lekuak maiz hutsik geratzen dira, baina halere, espaloiak eta kaleak autoz gainezka ditugu.
Gure buruari neurria hartzeko garaia da.
Ez inork hala agintzen digulako baizik eta gure herriak behar duelako, zure herriak behar duelako. Gizalegezko jarrera eta joera da arazo honen konponbidea ekarriko duen bidea.
Guk udaletxetik bidea argitu eta erakutsi dezakegu, baina ibilbidea denon artean egin behar dugu.