Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
127. zenbakia Data 2008-07-03 20932 orria
--------------------------------------------------------------------------------
7 UDAL ADMINISTRAZIOA
ZALDIBIAKO UDALA
Larratzeak arautzeko ordenantza.
--------------------------------------------------------------------------------
ZALDIBIAKO UDALA
Iragarkia
Zaldibiako udalbatzak, 2005eko maiatzaren 26an egindako bileran, hasierako izaeraz onetsi zuen Zaldibiako Udalaren onura publikoko 2.078.1 zk. mendian, Igirua izenekoan, larratzeak arautzeko ordenantza.
Indarrean dagoen legediak ezarritako erakusketa publikoko izapidea egin ondoren, udal organu berdinak, 2008ko maiatzaren 7ko bileran, erabaki zuen, behin-betiko izaeraz onestea, aldaketekin, Zaldibiako Udalaren onura publikoko 2.078.1 zk. mendian, Igirua izenekoan, larratzeak arautzeko ordenantza.
Iragarki honen eranskinean, aipatu dokumentuaren testu osoa argitara ematen da, indarrean dagoen legediak ezarritako betebeharren arabera.
Eta horren berri ematen da dagokion ondorioetarako. Bestetik administrazio-bidea amaitzen duen egintza horren aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako epaitegi egokian bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita, administrazioarekiko auziak arautzen dituen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8. eta 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 109.c) artikuluarekin bat etorriz.
Nolanahi ere, nahi ezanez gero, aurreko idatz-zatian adierazitako administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aurretik, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke ebazpena eman zuen organoari hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hori guztia, aurretik adierazitako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 116. eta 117. artikulu eta kidekoetan ezarritakoarekin bat etorriz, norbere eskubideak babesteko egoki irizten diren egintza edo errekurtsoak aurkezteari kalterik egin gabe.
Zaldibia, 2008ko maiatzaren 16a.—Fr.º M.ª Aierbe, Alkatea.
(272) (7150)
ERANSKINA
Zaldibiako Udalaren onura publikoko 2.078.1 zk. mendian, Igirua izenekoan, larratzeak arautzeko ordenantza.
Azken hamahiru urte hauetan, Zaldibiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Igiruan larreak hobetu eta ustiatzen eduki duten esperientzia ona izan denez, orain beharrezko dela uste dugu larratze horiek baimentzeko mekanismoak eta erabiltzeko erak ordenantza baten bidez arautzea.
Horregatik, Zaldibiako Udalak bere mendiak antolatu eta ustiatzeko duen eskumenaren indarrez, Baso Administrazioak emandako arauak betez, ekainaren 13ko 1.372/1986 Errege Dekretuak onartutako Udalen Ondasunen Erregelamenduko 39, 42 eta 101. artikuluetan ezarri bezala,
XEDATZEN DU
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Zera da ordenantza honen xedea Gipuzkoako lurralde historikoko Onura Publikoko Mendien Katalogoko 2.078.1 zk. mendian, Igirua izenekoan, larreak ustiatzeko arauak ematea.
Larratzea, mendi horrek izan ditzakeen ustiapenetako bat, mendia zaindu eta hobetzearekin bat datorren eran egin behar da, uztailaren 8an emandako Gipuzkoako Mendien 6/1994 Foru Arauari, indarrean dagoen Zaldibiako Onura Publikoko Zelaiak Antolatzeko Planari eta, batez ere, Larreak Ustiatzeko Urteko Planetan ezarritakoari jarraituz.
2. artikulua. Larratze gaietan Zaldibiako Udalak eman ditzakeen baimenak bertako herritarren edo udal barrutian dauden nekazaritzako ustialeku edo finken titularren ganaduarentzat izango dira batez ere, behi, behor edo latxa mutur gorria arrazako ardi espezieak izan eta umedun edo umerik gabeko abere emeak edota azienda berritzeko abereak badira.
Zentzu horretan, larratzeko orduan lehentasuna izango dute artikulu honen aurreko parrafoan ezarritakoa betez, Igiruako auzo larreak, antolamendu baten barruan, ustiatzen ibili ziren titularren aziendek.
3. artikulua. Zaldibiako Udalak, larreak ustiatzeko Urteko Planen bidez, zehatz ditzake zeintzuk diren larreratzeko tokiak eta denborak eta, era berean, espezieka larra dezaketen kantitatea ere. Ezarri eta arautu ditzake, era berean, aldi baterako edo iraunkorki aziendentzat sartzea debekatuta egongo diren larre tokiak, eta «hobetutzat» hartzen diren larre tokietarako baldintza espezifikoak jarri ere.
II. TITULUA
LARRATZEA BAIMENTZEKO BALDINTZAK
4. artikulua. Ordenantza honek hartzen duen eremuan, oro har, larratzeko baimena eman daiteke behi, latxa arrazako ardi mutur gorriak eta behor aziendak dituzten abeltzainek ordenantzan dauden baldintza objektibo eta subjektiboak bete eta jarriko diren ustiatzeko kuotak ordaintzen badituzte.
5. artikulua. Auzo larreak ustiatzeko udal baimena eska dezakete I. tituluko 2. artikuluaren barruan egon eta zerga eta auzo betebeharretan eguneratuta badaude.
6. artikulua. Zaldibiako herri lurretako larreak eta Enirio-Aralar Mankomunitatekoak elkarren artean osagarriak behar dute izan.
Bata bestearen hurbiltasunagatik, Zaldibiako herri lurretako larreak ezin dute izan Enirio-Aralar Mankomunitateko larreen erabiltzaileen gehigarri baizik osagarri. Aldiz Enirio-Aralar Mankomunitateko larreak erabil ezin ditzakeen edo erabiltzen ez dituen abeltzainei Zaldibiako herri lurretako larreak erabiltzeko aukera emanaz.
Honek ez du esan nahi Enirio-Aralar Mankomunitateko larreak erabiltzen dituzten abeltzainak Zaldibiako herri lurretako larreak ezin dituztenik erabili.
Enirio-Aralargo erabiltzaileen kasurako, Aralarren duten gehiengo kopuruaren erdia larratu dezakete gehienez ere Igirua mendian, beti ere zama ganaderoa errespetatzen badu, eta beti ere lanpostu bat baino gehiago dagoen ustialekuentzat edo elkarteen kasuetan. Pertsona fisiko bakarreko kasuak direnean, osagarri eta bateragarri izango da Igirua mendiko larretzea Enirio-Aralarko erabiltzaileentzat.
Aldiz, abeltzain batek, aipatu gehienezko abere kopuru horretatik abelburu batzuekin Zaldibiako herri lurretako larreak erabili ahal izango lituzke, beti ere araudiaren irizpidearen arabera adostutako abelburu kopuruarekin.
Adibidez: Suposa dezagun Enirio-Aralar Mankomunitatean ezin duela larratu 60 behi baino gehiagok abeltzaineko.
Zaldibiako abeltzain batek, 60 behien baimena izan arren, 40 bidaltzen ditu larratzera Enirio-Aralar Mankomunitateko larreetara. Honek, Zaldibiako herri lurretako larreetan falta diren 20 behietatik tokatzen zaizkionaren larratzeko baimena izango luke.
7. artikulua. Abeltzainen artean bereizketa batzuk egin beharra daude, ez baita berdina abeltzantza ogibide duena (profesionala) edo afizioz dabilena eta ogibide bezala beste ofizio bat duena. Modu berean ez da berdina larretokietan txabola duen abeltzaina edo ez duena.
Arrazoi hauengatik, larratzeko ganadu kopuruaren baimena ondorengo lehentasunaren arabera sailkatzen da:
1) Txabolak dituzten abeltzain profesionalak. Atal honetan adierazi beharra dago epe baterako Txabolen erabilpen kontzesioa artzainei bakarrik ematen zaiela. Beraz, «artzain profesionalak» lirateke. Hau da; artzantza ogibide izateaz gain Gizarte Segurantzako Nekazaritza Erregimen Bereziko kotizazioan altan daudenak.
2) Txabolarik ez duten profesionalak. Talde honetan txabolarik ez duten artzain eta behizale profesionalak egongo lirateke.
3) Profesionalak ez diren abeltzainak. Talde honetan abeltzantza ogibide bezala ez duten artzain, behizale eta behorzaleak egongo lirateke.
8. artikulua. Ustiapen bakar bat kontsideratuko da Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza Erroldan ustiapen zenbaki bakarrarekin altan dagoen ustialekua.
9. artikulua. Larratze erregimenean eduki nahi den aziendak behar bezala identifikatuta eta Nekazaritza Ustialekuen Erregistroan izena emanda egon behar du eta, saneamenduari eta abereen mugimenduari buruz dagoen arautegia betetzeaz gain, Gipuzkoako lurralde historikoan, eta udalerri mailan udal agintariek, sortzear dagoen abeltzainen elkartearekin adostuta, ezar ditzaketen derrigorrezko betebeharreko guztiak bete beharko ditu.
10. artikulua. Erabat debekatuta dago ahuntzak eta txerriak larreratzea ordenantza honek hartzen dituen mendietan. behi, latxa arrazako ardi mutur gorriei eta behor aziendei bakarrik utz dakieke larratzen, umedun edo umerik gabeko abere emeak badira, eta/edo azienda berritzeko abereak.
11. artikulua. Larrea erabili dezaketen abere mota ezberdinen artean latxa arrazako ardi mutur gorriak izan behar du lehentasuna, bai larratu dezaketen abelburu kopuru aldetik eta sor litekeen edozein arazoren aurrean.
12. artikulua. Kamazaien artean pottoka-zaldiek bakarrik larratu dezakete. Ikusirik abere mota ezberdinak eta hauen artean arraza barietatea egon litekeela, nolabait ere arautu beharra dago, galtzeko arriskuan egon litekeen bertako arrazei lehentasuna emanaz.
Arrazoi hau dela medio, pottoka zein haragitako behorretan larreak banatzeko ez dago arrazoirik, baina bai ordea zaldien kasuan. Esperientziak erakutsi duenez bi espezien artean borrokak eta liskarrak maiz sortzen dira, honek ekarri ditzakeen ondorioekin, elkarren artean min egin, hesiak hautsi Horrez gain bi espezien arteko nahasketa gerta liteke, pottoka-zaldiak haragitako behorra estaltzen badu edo alderantziz.
Arazo hauek ikusirik eta pottoka arraza berreskuratzeko gure herrian egiten ari den ahalegina dela medio, pottoka-zaldiak edo kamazaiak soilik larratu dezake, haragitako behorrak zaldituta igo beharko dituztelarik.
13. artikulua. Zaldibiako Udalak emandako larratzeko baimenetik kanpo geratzen dira zehatz-mehatz, eskaera aurkezteko egunean, eskaera egin duen pertsona fisiko edo entitate juridikoaren izenean ez dagoenean azienda inskribatuta Ustialekuen Erroldan.
Baimenetik kanpo geratzen da, era berean, merkatura doan pasadizoko azienda.
14. artikulua. Ordenantza honek aipatzen dituen baimenak erreboka daitezke, emateko bete behar ziren baldintzak ez badira bete, alde batera utzi gabe zigorrak ere ezar daitezkeela, horrela bada.
III. TITULUA
BAIMENTZEKO PROZEDURA
15. artikulua. Ordenantza honek aipatzen dituen larratzeko eskaerak larratu aurreko urteko otsailak 28 aldera egin behar dira Udal Erregistroan eta eskaeretan adierazi behar da, espezien arabera, zenbat buru larratu nahi den. Eskaera orriarekin batera abere bakoitzaren jabearen eta identitatearen ziurtagiri egiaztagarriak aurkeztu behar dira eta eskatzen diren osasun betebeharrak betetzen direla ere egiaztatu.
Horiez gain, larratzeko baimena emateko beharrezko derizkion datu osagarriak eska ditzazke Udalak.
16. artikulua. Eskaerak, egin beharreko kontsiderazio, erregulazio eta/edo mugaketekin batera, Larreak Ustiatzeko Urteko Planean sartu eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaritzara bidali behar dira, onar ditzan.
Tramite hori bete ondoren, eskaera bakoitzaren behin-behineko ebazpena jakinaraziko die Udalak eskatzaileei. Eskaera hori behin betikoa izango da eskatzaileak ezarrita dauden udal tasak, baimendutako abereen kopuruari bakarrik dagozkionak, ordaintzen dituenean.
17. artikulua. Larreak preferenteki herriko abeltzainentzat izango dira. Udalak antola ditzake ustiapen horiek ondoko irizpide hauei jarraituz:
1) Larreratzeko baimenak, hasiera batean, I. tituluko 2. artikuluaren barruan egon eta Igiruako larreak, eraldatu eta hobetzeko lanen hasieratik, antolamendu baten barruan, ustiatzen ibili direnei emango zaizkie.
2) Baimen horiek beste ustiapen batzuekin bat etorriko liratekeenean, larratzeko baimena eman daiteke Zaldibiako auzotarrei edota udalerriko ustialeku edo etxaldeen jabeei aurreko apartaduan ez badaude sartuta.
3) Mendiaren baliabide naturalak gutxitzeko arriskurik gabe, oraindik beste larratze batzuk ere baimentzeko aukera badago, larratzeko baimena eman dezake Udalak Zaldibian bizi ez arren eskaera egin duten abeltzainei.
Udalak eman ditzake baimenak denbora, espazio edo abelburu kopuruari begiratuta. Aurreko apartaduetako edozeinen barruan, gertatzen bada larre eskaerek mendiaren ustiapen normala gainditu egiten dutela, Udalak abelburuen kopuruaren arabera eman ditzake baimenak.
18. artikulua. Zaldibiako Udalak emandako larratzeko baimenak urtebeterako izango dira, hau da, eskaera aurkeztutako egunaren ondoko urte natural osorako.
Baimena ematen den kasuetan zigilu edo identifikatzeko udal adierazle batez markatu behar dira abereak.
19. artikulua. Egoerak horrela eskatuko balu, guztia araudiaren arira datorrela ziurtatzeko, aurrez agindutako baldintzetan, ikuskari bat bidal daiteke.
20. artikulua. Egin behar duten ustiapenaren ordain gisa, abelburuko (edo artaldeko) abeltzainek ordaindu behar dituzten gutxieneko kuotak jarriko ditu Udalak. Hasiera batean Udalak jarriko dituen kuotak larre horiek zaintzeak (ustiatzearen ondorioz) ekarriko dituen gastuak ordaintzeko izango dira soilik.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena. Ordenantza honetan aurreikusitakoa urratuz gero, zigortzeko ahalmena Gipuzkoako lurralde historikoko Baso Administrazioari dagokio, Mendien Foru Arauean ezarritakoari jarraituz.
Bigarrena. Ordenantza honetan eta Larreak Ustiatzeko Urteko Planetan erabakitakoa hobeto betetzeko, Zaldibiako Abeltzainen Batzordea edo Elkartea eratu eta abian jartzen saiatuko da herriko udala.
AMAIERAKO XEDAPENA
Ordenantza hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo 15 egun barru sartuko da indarrean.