Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2009/03/23
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa
Zaldibia
    Laguntza

Baso pisten eta bideen erabilera berezia arautzeko ordenantza 1997-01-28 

Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

17. zenbakia Data 1997-01-28 1019 orria

--------------------------------------------------------------------------------
7 UDAL ADMINISTRAZIOA
ZALDIBIAKO UDALA
Baso pisten eta bideen erabilera berezia arautzeko ordenantza
--------------------------------------------------------------------------------
ZALDIBIKO UDALA Iragarkia

Jendeaurreko erakusketaldian egon den epean bere aurka erreklamaziorik jaso ez duenez, behin-betiko onartua gertatu da udalerri honetako erabilera publikoko baso pista eta bideen erabilera berezia arautzen duen ordenantza.

Eta indarreko legeak agintzen duena betez, bere testua argitara ematen da. «Erabilera Publikoko Baso Pista eta Bideen erabilera berezia arautzen duen Ordenantza. HITZAURREA

Azken urteotan baso pista eta baserri bideak egokitzeko udalerrian egin izan diren inbertsioen multzo garrantzitsuak arautegi bat ezartzeko premia eragiten du, guztiok bertatik ibiltzeko dugun eskubidea murriztu gabe, berauen erabilpen desegokia edo neurriz kanpokoa eta zoruaren ondoriozko hondamena gutxitu dadin.

Bide hauek egokitu zirenetik igarotako denboraldiak Korporazioari erakutsi dio ondasun publiko hauen erabilpen indiskriminatu eta arduragabea galaraziko lukeen araudi ezak zer nolako ondorioak dakartzan.

Piskanaka egoera hau konpontzeko asmoz, eta Erregimen Lokaleko Oinarrien Legean eta berau garatzen duten Ondasun eta Zerbitzuen Erregelamenduan bildutako aurreikuspenen babesean, honako araudi hau ezartzen da.

1. Artikulua.

Honako ordenantza honen xedea Udal titulartasuneko nahiz erabilera publikoko bideen erabilpen bereziaren arauketa da, domeinu publikoko ondasunekin zerikusia duten gaietan Udalari dagozkion konpetentziak erabiliz.

Nahiz Udal titularitatekoak ez izan, azken urteotan administrazio publikoak emandako laguntza garrantzitsuari esker konpondu eta hobeagotu diren bide eta pistak erabilera publikokoak izanik, Udalak badu gaitasuna erabilera hori arautzeko. Bide eta pista hauek Zadibiko Udalaren Ondasun-Zerrendan «Benetako Eskubideak» deituriko sailean jasotakoak dira.

2. Artikulua.

Udal jabetzakoak diren era eta maila guztietako pista eta bideek, herri- erabilpeneko ondasuna osatzen dute.

3. Artikulua.

Berauen titularra edo Benetako Eskubidea duen heinean, Udalari dagokio domeinu publikoko erabilpenen plangintza eta arauketa Ondasunen Erregelamenduaren 75. artikuluak aurrikusten duenaren arabera.

4. Artikulua.

Erabilera publikoa izanik, landabideek nolako ezaugarriak dituzten ikusita eta ingurunea babeste arren, ibilgailuekin erabili ahal izateko hurrengo arau orokorrak ezartzen dira:

4.1. Debekatuta dago ibilgailu hauek pasatzea: Oruga ibilgailuak, gurpiletan kateak eta antzekoak dituztenak, arrastrekoak zoruaren gainetik edota errodadura bandakoak, 20 Tm.tik gorakoak eta hiru ardatz baino gehiagoko kamioiak.

4.2. Landa kamioiaren erabilera orokorrerako hurrengo mugapenak ezartzen dira: Gehienezko abiadura 30 Km/ordukoa eta gehienezko zama 26 Tm.takoa.

4.3. Debekatuta dago bidean dagoen azken baserritik aurrera motoredun ibilgailuekin denbora pasakoetan ibiltzea, hala nola; Ehizera, motorrean edo autoan ibiltzera, perretxiku biltzera eta abarrera.

4.4. Salbuespena dago iharduera berezi eta puntualeko ezinbesteko kasuetarako, horretarako behar bezala eta espreski baimenduak izango direnak.

5. Artikulua.

Lehen esandakoaz gain, Udalak baimena eman dezake landabidearen erabilera berezirako, 20 eta 26 Tm. bitarteko zama duten ibilgailuekin egur ateraketa edo lantegietako materialen garraioetarako, hala nola, motoredun ibilgailuekin azken baserritik aurrera pasatzeko ere kasu berezi batzuetan.

-LIZENTZIA ESKURATZEKO OBLIGAZIOA

6. Artikulua.

Derrigorrezkoa da Lizentzia eskuratzea aurreko artikuluan ikusitako erabileretarako ihardunean hasi aurretik.

7. Artikulua.

Lizentzia Udalari zuzendutako idazkiaren bitartez eskatuko da. Bertan, ibilbide nagusia eta beste aukera batzu, kasua balitz, argi eta garbi adieraziko dira, hala nola, ekintzaren erabilera, zenbatekoa, garrantzia, iraupena eta orohar beharrezko informaziorako funtsezkotzat jotzen diren argibide guztiak, promotoreak edo ordezkariak behar bezala sinatuta.

8. Artikulua.

Eskaria beharrezko baldintzekin aurkezturik, tramitera onarturik eta, kasua batitz, kasuaz ari den batzorde berriemailearen informea entzunik, lizentzia eman edo ukatu egingo da aurkezten denetik luze jota ere hilabeteko epean.

9. Artikulua.

Lizentziarekin batera erabilpenerako baldintza orokorrak eta kasu bakoitzari dagozkionak adieraziko dira, guzti horiek nahitaez betebeharrekoak izango direlarik. Lizentziarekin hirugarrengo bat kaltetzen ez dela ulertuko da eta lizentzia berak ez du kasu bakoitzean arauzko beste baimenak lortu beharraz salbuesten.

10. Artikulua.

Lizentziaren eskatzaileak berme fidantza bat utziko du derrigorrez, iharduera bitartean sor litezkeen kalteez erantzungo duena.

- FIDANTZA UZTEA

11. Artikulua.

Lizentziari atxikitako egungo iharduera nagusia egur ateratzea denez gero, lizentzia eskariarekin batera Baso eta Izadiaren Kontserbaziorako SEFOCONA zerbitzuak burututako baimen eta neurketa orria joango da, eta egingo diren joan-etorrien gutxi gora beherako kalkulua.

12. Artilulua.

1996rako fiantzaren zenbatekoa hurrengo eskala honen arabera zehaztuko da:

Bidearen luzeera Fidantza

Km. bateraino. 240 pzta./est. edo 360 pzta./tona.

Km. batetik bi Km.raino 340 pzta./est. edo 515 pzta./tona.

Bi Km. baino gehiago 395 pzta./est. edo 600 pzta./tona.

Gutxiengo fidantza, edozein kasutan 100.000 pezetatakoa izango da.

Kopuru hau urtero, «I.P.K.» delakoaren arabera eguneratuko da. Eguneratze hori egiteko ahalmena ematen zaio Alkate Jaunari urte bakoitzaren hasieran Dekretu bidez egin dezan.

13. Artikulua.

Fidantzaren kopurua ezarri ondoren eta iharduerari ekin aurretik, Udaletxeko kutxan sartuko da eskudirutan edo abal, titulu edo indarrean dagoen araudiak onartzen duen beste edozein bide erabiliz.

-FIDANTZAREN ITZULKETA

14. Artikulua.

Ordaindutako fidantzaren itzulketa eskatzeko Udalari idazki bat bidali beharko zaio, lanak burutu direla eta hala bada, sortutako kalteak adieraziz.

15. Artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako idazkia aurkezten denetik hilabeteko epean, batzorde berriemailearen informea ikusirik, Alkateak erabakiko du fidantzaren itzulketa, hala badagokio, edo lizentziaren jabeari jakineraziko zaio zer konponketa burutu behar duen. Jakinarazpena egin eta hilabeteko epean beharrezko konponketak burutu ez badira, Udalak, indarrean dagoen Prozedura Administratiboaren Legeak, exekuzio subsidiarioari buruz dionaren arabera ekingo du (Udalak konponketa exekutatu eta gero kaltea sortu duenari kobratuko dio).

16. Artikulua.

Badin eta utzitako fidantza, zuzenean edota zeharka sortutako kalteen konponketa gastuak estaltzeko lain ez balitz, Udalak ondoriozko erantzukizunak eskatuko ditu, lizentziaren jabearen aurka beharrezko lege-neurriak hartuz.

-PREZIO PUBLIKOA (Tona.ko hainbeste)

17. Artikulua.

Ordainarazteko gai izango da Udal-Titularitate Publikoko Mendibideak, egur ateraketa eta beste edozein garraio mota, bai harrobietarako, buztin, meategietakoa, e.a. erabiliak direnean.

18. Artikulua.

Prezio publikoa ordaintzera behartuta dago, erabilera amankomun bereziko Udal-lizentzia eskatzen duena eta, nolanahi ere, erabilera amankomun berezia egiten duena.

19. Artikulua.

Prezio publikoa ordaintzeak ez du fidantzak edo abalak ezartzeko obligaziotik libratzen, Ordenantza honen 12. artikuluan espreski erregulatuta dagoen moduan.

-BIDEEN GARBIKETA

20. artikulua.

Aprobetxamenduaz baliatzen direnek, edozein kasutan ere, bermatu egin beharko dute bideok edozein erabilgarritasunerako prest izango direla, aprobetxamenduak irauten duen bitartean beharrezkoak izan litezkeen garbiketak eta konponketak eginez. Hala egiten ez bada, zeregin honetaz udala bera arduratuko da, baina kostua haien kontura izanik.

Dena dela, aprobetxamenduaz baliatu dinerek, ahal duten guztia egin beharko dute bideotatiko zirkulazioarengan inolako kalterik ez eragiteko. Bideotan ezin izango da enborrik ez adarrik utzi. Gainera, ibilgailuek bideotan utzitako lurrak, harriak, e.a. ere baztertu egin beharko dituzte.

-BIDEEN KONTSERBAZIOA

21. Artikulua.

Udalak urtero ikustatuko du bidea zein egoeratan dagoen, eta doakionen utzikeria eta arduragabekeriaren ondorioz narriadurarik antzemango balu, konponketarako laguntzarik ez ematea ebatzi ahal izango du, baldin eta bidea lehengo egoera normalean jartzen ez den.

22. Artikulua.

Bideen kontserbaziorako udalak beharrezko materiala jarri beharko du (harri, hormigoi, hodi, todo-uno eta antzekoak) edo horren baliokidea dirutan, hori izanik gutxigorabehera kostu osoaren %80a eta erabiltzaile onuradunek lan amankomuna edo horren baliokidea dirutan %20a.

Norbaitek ezingo balu auzolanean parte hartu, ordezkatzaileren bat jarri beharko luke, edo bestela egun bakoitzeko 3.000 pzta. ordaindu. Modu honetan bildutako diruak, bideak sortarazten dituen gastuak ordaintzeko fondo amankomuna osatuko du.

23. Artikulua.

Udalak, bidearen erabiltzaile onuradunen artean eta Udalaren artean bitartekari lana egingo duen pertsona bat izendatuko du.

24. Artikulu.

Aurrez erabakitzen den hilean, erabiltzaile onuradunek, urtero, beraien hiru ordezkari izango direnak izendatuko dituzte. Gertatutako guztia eta sortzen diren arazoak udal bitartekariari jakineraztea dagokie ordezkari hauei, beste zenbait funtzioren artean.

-HAUSTEAK ETA ZIGORRAK

25. Artikulua.

Erantzunkizun akministratiboa izango dute ondorengo ataletan sailkaturiko hausteak egiten dituztenek:

1. Hauste arinak:

a) Erregelamendu honen 4. et 5. artikuluak jarraituz, baserri bideen erabilera berezia behar den baimenik gabe egitea.

b) Iharduera hasi aurretik fidantza ez uztea.

2. Hauste larriak:

Aurreko ataletakoak eta gainera kalteak eragin badira.

26. Artikulua.

Udalak ordenantza honetako aginduekiko hausteak zigortzeko prozedurari hasiera emango dio ofizioz edo partikularrek egindako salaketaren ondorioz.

Errepidearen eta bertako osagaien aurka burututako agintzak delitu edo falta izan zitezkeenean eskumena duen Agente Judizialari dagokion txostena igorriko zaio eta honek ebazpena ematen ez duen bitartean ez da salaketa prozedurarekin jarraituko.

27. Artikulua.

25. artikuluan aipaturiko hausteak eragindako kalte edo hondaketak, kasua balitz, ondorengo isun hauekin zigortuko dira:

Hauste Arinak: 5.000 pztako isuna.

Hauste Larriak: 5.000-50.000 pzta bitarteko isuna.

Lehen aurrikusitako isunez aparte, arau-hausleak Udalari errepidean eragindako kalteen eta bideetan egindako matxurengatik erabiltzaileei sortutako istripu edo bestelako eraginen zenbatekoaren kalte-ordaina emango dio.

-BUKAERAKO XEDAPENAK

28. Artikulua.

Udalak ahalmena du erregelamendu hau interpretatzerakoan sor litezkeen edozein arazo konpontzeko.

29. Artikulua.

Bide eta pista bakoitzaren historioa errespetatuz, Ordenantza honek ez ditu bide bakoitzeko aspaldidaniko ohiturak estaliko.

30. Artikulua.

Ordenantza hau, Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN bere testu osoa argitaratzen denetik kontatzen hasi eta hamabost egunetako epean indarrean sartuko da, bere aldaketa edo derogazioa erabakitzen ez den bitartean indarrean jarraituko duelarik.

Zeina jendearen jakinaren gainean jartzen da, adieraziz, administrazio bidean behin-betikoa den erabaki honekin ados ez dagoenak, bere aurka Administraziokiko Auzi Helegitea aurkeztu ahal izango duela, Euskal Herriko Goi Mailako Epaitegiaren aurrean, bera jaso ondorengo 2 hilabete barru, aldez aurretik, horren berri udal honi eman beharko zaiolarik.

Guzti hori egoki deritzan bestelako edozein errekurtso jarri ahal izatearen kalterik gabe.

Zaldibi, 1997ko urtarrilak 10.-Alkateak. (5)(293)


| Santa Fe Kalea , 18 - (20247). Telefonoa: 943 880357, Faxa: 943 885043 | © Zaldibiako Udala. IFK P2008400J