
Giza ezarpenaren lehen aztarnak (industria litikoaren arrastoak eta Paleolito ondoko zeramika) Koa izeneko kobazuloan aurkitu dira, udalerriaren hegoaldean eta Kobaegi baserritik ez oso urruti. Neolitoko zenbait monumentu megalitiko ere badaude, Aralarko larreetarako ardi-bideei zuzenean lotutakoak: Ausokoi I, Ausokoi II, Argarbi, Matxitxane eta Jentilarri, esaterako.
XII. mendearen erdialdean, gaur egungo Santa Fe eliza eta Saturdi ermita Iruñeko katedraleko dokumentu batzuetan aipatzen dira. Gipuzkoa 1200. urtean Gaztelako erresumari atxiki zitzaiola eta, Gaztelako Koroari Ausoko harkaitz-gaztelua eman zitzaion. Aipatutako gaztelua Aralar mendiko bideak kontrolatzen duen gailur batean dago kokatuta: gaur egun Gaztelu izenarekin ezagutzen da mendi hau. Garai bateko gotorleku honek 900 metroko garaiera du, eta harkaitz itxurako tontorra du, Pirinioetako Erdi Aroko gotorlekuen antzera. Ausoko Gazteluak behatoki funtzioa bete zuen XII eta XIII. mendeetan. Gizaldi horietan Nafarroako Erresumaren esku egon zen, baina Gaztelak mendean hartu zuenean, XIV. mendean, zeregin hori edukitzeari utzi zion. Gaur egun, Aranzadi Zientzia Elkarteko talde bat ari da bertan indusketa lanak egiten.
1399an Zaldibiak Ordiziarekin bat egin zuen, bere mugak eta nolabaiteko udal-autonomia gorde zituen arren. Egoera hori 1615 otsailaren 13an aldatu zen, udal independentzia lortu zuenean, eta hiribildu titulua lortu zuen. Titulu hori Felipe IIIa erregeak eman zion 3.575 dukaten truke. Nolanahi ere, urte horretan bertan Oria ibaiko Batasuna sortu zuen, Altzaga, Arama, Gaintza, Legorreta eta Itsasondorekin batera. Elkartze hau Gipuzkoako Batzar Nagusi eta Partikularretan ordezkari bat izateak eragiten zizkien gastuei aurre egiteko sortu zuten. 1682 eta 1714 bitartean Villafrancako Batasunaren barruan egon zen, eta 1818 eta 1852 bitartean, Ataun eta Beasainekin batera, Atazalbea Batasuna sortu zuen. 1852an, hain zuzen, bakarrik ekin zion udal-jardunari gaur arte.

Herrigunean, XIII.mendeko Santa Fe parrokia-eliza da eraikinik aipagarriena. Errekaren ondoan dago kokatuta, antzinako ubera batean buru egiten duela; Lazkaomenditik zetozen bidaiariek erabiltzeko, antza. Gurutze latiniarrezko oinplanoa du, ia osotasunean gurutzeriazko gangez estalia. Gurutzearen tartea izan ezik, kainoi gangak estaltzen baitu, gainerakoa fajoi-arkuek edertzen dute. Egungo eraikuntza XVI. mendean egin zen, aurrez zegoen eliza txiki baten egitura aldatuaz. Elizatxoak Campanynsko Santa Fe izena zuen. Korua jatorriko absidearen parean lekutzen da, eta absidetik leihate gotiko bikaina gorde da. Barruan motibo geometrikoez apainduriko bataiarri bitxia dago.
Herrigunea Parroki inguruan gorpuzten da, eta plaza inguruan sakabanaturik dauden beste eraikin aipagarri batzuk ere badira: Albisu, Zubiaurre, Kanpain, Karreranea, Bikarioetxe, Txamarretxe eta Ermentari, besteak beste.
Albisu etxea: Gaurko oinetxe eder hau 1625ean egina da. Lau teilatuzko etxe karratua da; guzia harlandu sendoz egina, bi solairu eta ganbara duena. Sarrerako atea bikaina du, eta bere gaineko balkoia ere handitsua, burnizko euskarri eta babesez egina. Edozein lekutik begiratuta ere, etxearen jauregitasuna eta harrizko arte esku txukunak nabariak dira. Orain dela gutxi arte, Vizconde de Cerro izan zen bere jabea. Gaur egun, elkarte batek eskuratu du beheko zati nagusiena.

Santa Fe parrokia
Zubiaurre etxea: bi aldeetarako teilatudun etxe zaharra da Zubiaurre. Hegoaldera eratua dauka ataria, lehengo baserrien erara. Bere hormak zurbesoekin tolestuak ditu; batzuek zuzenean eta alboka besteak. Ateburuan, leihoetan eta balkoiaren euskarrietan harlanduzko harriak nabari ditu. Etxea bera 1650. urtekoa jotzen dute, batez ere, lehiaburuetan dituen harlandu handien arabera. Etxaurreko alderdi ikusgarriena balkoi luze, patxadako eta egur egokiz taxututakoa da. Zubiaurre etxea oinezlarien aterpe izateaz gain, urte askoan eskola ospetsua izan da: bai jostun eskola bai irakurtze eskola.
Kanpain: Eliz Elkarte baten izenez gogoratzen da Kanpaingo Monastegia Zaldibian. 1027. urtean, On Santxo Handia Nafarroako Errege zenean, Zaldibia Nafarroaren menpe zegoen. 1135. urtean, Garcia Ramirez IV. Nafarroako Errege zenean, bere menpean zeuden Eliz eta baselizen izendegian agertzen da: "Chanpayngo Santa Feren Monastegia, Aralarko Mikel Goiaingeruaren Elizari Iñiguez de Tajona izenekoak eginiko opari zerrendan. 1766. urtean eraberritu egin zuten, eta errota modura urte askoan egon da martxan.

Albisu etxea
Karreranea: Herriko plazaren alde batean dago. Martin Karrera beasaindarrak eraiki zuen, eta bere egitura 1776. urtekoa da. Plazako bigarren jauregi ederrenetarikoa dugu hauxe. Hiru teilatuzko etxe karratua da. Aurrea harriz landua dauka, harlanduzko ate eta leihoz apaindurik. Garai batean, kartzela ere izan omen zen etxe dotore hau. Orain dela urte batzuk, Udalak eskuratu zuen eta oraindik zehazteke dago zer erabilpen emango zaion.

Karreranea
Ermentariko perratokia: plazatik goiko kalera bidean, kaminoaren kontra gelditzen da perratokia. Bertan garai bateko ofizio horren erakusgarri den perratoki txukun bat mantentzen da.
Larraitz bidean, Saturdi auzoan dagoen izen bereko ermita dago, agiri zaharretan aipatzen den Gipuzkoako lehen tenpluetarikoa, nahiz eta itxuraz oso xumea izan. Ermita honen eta inguruaren argazkia, Nañarriren silueta atzean duela, Gipuzkoako irudi adierazgarrienetakoa da.