Fecha actualización:
  • Fecha Última actualización: 23/03/2009
Seleccione su idioma:
imprimir enviar Aa Aa
Zaldibia
    Ayuda

Euskararen Erabileraren Sustapen eta Normalizaziorako Udal Ordenantza 1991-06-05 

EUSKARAREN ERABILERAREN SUSTAPEN ETA NORMALIZAZIORAKO UDAL ORDENANTZA

SARRERA.-

Euskarak herritar guztien elementu integratzaile izan behar du, eta Zaldibiako herritar guztientzat hala izan dadin saiatuko da Udala. Zaldibiako Udalak, Ordenantza honekin tresna egokia bereganatzen du, garatu asmoz ari den Euskararen defentsaren bidetik jarraitzeko. Ordenantza honek EUSKARAREN ERABILERAREN SUSTAPEN ETA NORMALIZAZIORAKO UDAL ORDENANTZAren forma Juridikoa hartzen du.

Bestalde, hainbat eta hainbat urtetan jasan duen zokoratze prozesuaren ondorioz, euskara normaltasun sozialaren egoeratik urrun dago. Hortaz, euskararen normalkuntza osoa lortzeko xedez, lurraldetasunezko erizpidea emango dio Zaldibiako Udalak euskararen erabilpenari, euskara Zaldibiako Udal ihardueraren eta Udalerriaren hizkuntza ofiziala bihurtuz.

Bost urtetako gehienezko epea finkatzen da Udal Administrazio honetako zerbitzuak Ordenantza honetan bertan xedatzen denari egokitzeko.

Hala ere, Euskal Herriko herritar guztiek dute euskara erabiltzeko eskubidea, nola hitzez ala idatziz. Ondorioz, Zaldibiako Udalak honako hizkuntz eskabideak aitortzen dizkie espresuki herritarrei:

a) Udalarekin eta bere menpeko Organismo ororekin ahozko edota idatzizko harremana euskaraz izateko eskubidea.

b) Udalak antolatu, jestionatu edo lagunduriko ikasketak oro euskarazko ereduetan egiteko eskubide zinezkoa.

d) Udalaren argitalpenak eta Udalak egunkari, aldizkari, irrati eta beste edozein komunikabidetan jakitera ematen dituen berri eta xedapenak oro euskaraz hartzeko eskubidea.

e) Udaleko edozein bileratan euskaraz iharduteko eskubidea.

I APLIKAZIO ESPARRUA.-

1.Art.- Zaldibiako Udal-Administrazioaren eta bere menpe dauden erakundeen euskararen erabilera Ordenantza honek ezartzen dituen xedapenek arautuko dute.

II HIZKUNTZEN ERABILPEN OROKORRA.-

2. Art.- Zaldibiako Udalak, euskara erabiliko du bere harremanetan, honako artikuluetatik ondoriozkatzen diren berezitasunez.

III BARNE ERABILPENA.-

3. Art.- Izaera Administratiboko barne iharduerak euskara burutuko ditu Udalak.

4. Art.- Zaldibiako udalgintzan erabiliko dituzten barne inprimaki guztiak, euskaraz burutuko dira.

5. Art.- 1. Bulego eta lan geletako errotuloak eta gainerako beste mota bereko adierazleak, euskara egingo dira.
2. Paperen idazpuruak, gomazko zigiluak, tinbre-zigilatuak eta antzeko beste elementuak, euskaraz egingo dira.

6. Art.- Ordenagailuen programak eta Udaleko bulegoetan erabiltzeko eskuratutako material orok, ahal den neurrian, euskaraz funtziona dezan egokituta egon beharko dute.

7. Art.- Zaldibiako Udalak, Hego Euskal Herriko esparruan, kanpoko enpresei edo antzekoei enkargatutako azterketa, projektu eta antzeko lanak, euskaraz entregatu behar dizkiote Udalari.

IV ERAKUNDEEKIKO HARREMANAK.-

8. Art.- Zaldibiako Udalak, Hego Euskal Herriko Lurralde-esparruaren barruan dauden beste Administrazio publikoei nahiz erakunde ofizialei zuzendutako dokumentazioa, euskaraz bidaliko du.

9. Art.- Beste Administrazio Publikoek nahiz erakunde ofizialek Zaldibiako Udalari zuzendutako dokumentazioa, berau Hego Euskal Herriko Lurralde-esparruaren barrutik datorrenean, euskaraz iritsi dadin eskatuko du Udalak.

10. Art.- Euskara ofiziala den eremuko erakunde ofizialetik nahiz Administrazio Publikoetatik jasotzen den dokumentazioa euskaraz ez balego itzuli egingo da jatorrizko tokira, atzera berriz euskaraz idatzita bidali dezaten eskatuz, behar den eran bete edo kunplimentatu ondoren.

11. Art.- Zaldibiako Udaleko dokumentuak, Hego Euskal Herriko Lurralde-esparrutik kanpo dauden gainerako beste Administrazioetara zuzendurik daudenean, gaztelaniaz idatziko dira, edo egokitzat joko balitz, dokumentua jasoko duen Administrazioaren hizkuntza Ofizialean.

12. Art.- Zaldibiako Udalak Hego Euskalerriaren Lurralde-esparrutik kanpoko Administrazio Publikoei nahiz erakunde ofizialei zuzendutako Udalaren dokumentuen kopiak gaztelaniaz edo dagokion Administrazioaren beste hizkuntza ofizialean izapidatuko dira (jatorrizko testua euskarazkoa dela adieraziz eta, beraz, bestea honen itzulpena ) edota euskaraz, gaztelaniarako edo beste hizkuntza ofizialerako itzulpenekin batera.

13. Art.- Hego Euskal Herriko Lurralde-esparrutik kanpoko Administrazioek nahiz erakunde ofizialek Zaldibiako Udalari zuzendutako dokumentuak, lurraldeko edozein hizkuntza ofizialetan idatzirik onartuko dira.

V ADMINISTRATUEKIKO HARREMANAK.-

14. Art.- Udalerriko esparruan nahiz Hego Euskal Herrikoan kokatutako pertsona fisiko nahiz juridikoei zuzendutako komunikazio eta jakinarazpenak euskaraz egingo dira. Euskara ulertzen ez duen norbaitek gaztelaniaz eskatuko balu, euskarari lehentasuna emango liokeen forma elebidunean emango litzaioke.

15. Art.- Hego Euskalerriko esparrutik kanpo kokatutako pertsona fisiko edo juridikoei zuzendutako komunikazio eta jakinarazpenak, normalki, bi hizkuntzetan eginak, euskarari lehentasuna emango liokeen forma elebidunean eginik zuzenduko zaizkie. Pertsona fisiko edo juridiko batek euskaraz eskatuko balu, hala zuzendu beharko litzaioke.

16. Art.- Udal Administrazioak, euskaraz onartuko ditu zuzentzen zaizkion pertsona fisikoen komunikazioak, baita, hala dagokionean, berri emailearen lurraldeko beste hizkuntza ofizialean eginikoak ere.

17. Art.- Euskara hutsezko inprimakiak eskainiko zaizkie herritarrei, hala ere, beste hizkuntza ofizialean espreski eskatzen duenari, euskarari lehentasuna emango dion inprimaki elebidunean eskein dakioke.

18. Art.- Eraginak Hego Euskal Herriko esparruaren barruan izan behar dituzten dokumentu eta inprimakiak euskara egingo dira. Hego Euskal Herritik kanpoan eraginak dituztenak, euskarari lehentasuna emango dion forma elebidunean idatziko dira, hala ere, beste hizkuntza ofizialean espreski eskatzen duenari, euskarari lehentasuna emango dion inprimaki elebidunean eskein dakioke.

19. Art.- Espedienteen kopien luzapenak euskaraz luzatuko dira. Euskara ulertzen ez duen norbaitek gaztelaniaz eskatuko balitu, euskarari lehentasuna emango dion forma elebidunean idatzirikoak zuzenduko litzaizkioke.

20. Art.- Funtzionariak euskaraz zuzenduko zaizkie herritarrei beren ahozko harreman ofizialetan. Euskara ez dakitenekin bakarrik mintzatuko dira beste hizkuntza batetan.

21. Art.- Udalak izenpentzen duen kontratazio dokumentu oro euskaraz idatzita egongo da.

VI OHAR, ARGITALPEN ETA IHARDUERA PUBLIKOAK.-

22. Art.- Udal Administrazioaren eta bere menpe dauden erakundeen xedapenak euskaraz argitaratuko dira, hala ere, euskara ulertzen ez duenarentzat euskarari lehentasuna emango dion era elebidunean idatziko dira.

23. Art.- 1. Aldizkariak, txartelak eta bere menpe dauden erakundeetatik datozen oharrak, iragarki publikoak eta era guztietako publizitatea, euskaraz argitaratuko dira, eraginak Euskal Herriko esparruaren barruan izan behar dituztenean.
2. Eraginak Hego Euskal Herriko esparrutik kanpo izan behar dituztenean, lurraldeari dagokion hizkuntza ofizialean egingo da, ala bi hizkuntzetan hala egoki denean.

24. Art.- 1. Udal Administraziotik eta bere menpe dauden erakundeetatik datozen oharrak, iragarki publikoak eta era guztietako publizitatea, euskaraz argitaratuko dira, eraginak Euskal Herriko esparruaren barruan izan behar dituztenean.
2. Eraginak Hego Euskal Herriko esparrutik kanpo izan behar dituztenean, lurraldeari dagokion hizkuntza ofizialean egingo da, ala bi hizkuntzetan hala egoki denean.

25. Art.- Administrazioko kargudunen iharduera publikoan euskara erabiliko da, iharduera hori karguaren eginkizunen alorrekoa denean.

VII ERREGISTROAK.-

26. Art.- Udalaren bulegoetako erregistro Administratiboetan, inskripzioak euskaraz egingo dira.

27. Art.- Erregistrotik luzatutako ziurtapenak euskaraz idatziko dira, bere destinoa euskara ofiziala den eremu barruan denean, hala ere, euskara ulertzen ez duenarentzat euskarari lehentasuna emango dion era elebidunean idatziko dira.

VIII PERTSONALAREN BIRZIKLAIA.-

28. Art.- Udalak helburutzat hartu du, bere iharduera ofiziala oso osorik euskaraz burutzea, eta ofizialki erabiliko den hizkuntza bakarra euskara izatea.

29. Art..- Aurreko Artikuluan markaturiko helburu hau lortzeak eskatzen du aurretik, Udaleko lanpostuen hizkuntz eskakizunak zehaztea. Beraz, Zaldibiako euskara Zerbitzuak proposatu eta Euskararen Batzorde Informatiboak jasoko ditu hizkuntz eskakizunok Udal Plenora, beronek onar ditzan eta indarrean egongo dira ordenantza honen legezko onespena egiten denetik bost urtetako epea amaitu arte. Hizkuntz eskakizunok onartutakoan, eranskin gisa gaineratuko zaizkio ordenantza honi.

30. Art.- Aurreko Artikuluan aipatu helburua betetzeaz gain, ordenantza honetan herritarrei aitortutako eskubideak benetakoak eta iragankorrak izan daitezen, beharrezko neurriak hartuko ditu Udalak. Horretarako beste zenbait neurriren artean, euskarazko ikastaro trinkoetara joateko baimena emango die Zaldibiako Udalak, Administrazio atal bakoitzarekin adostasunean, beren eginbeharrak betetzeko behar dituzten euskarazko ezagupenak ez dauzkaten langile funtzionari guztiei.

31. Art.- Ordenantza honen arauera, Euskara Zaldibiako Udaleko eta bere menpeko erekundeetako hizkuntza ofiziala denez, iharduera osoa euskaraz burutu behar da; beraz, euskara zerbitzu hizkuntza izan ez ezik laneko hizkuntza izango da. Horrexegatik, lanpostuei dagozkien hizkuntz eskakizunak jadanik betetzen dituzten enplegatuek, euskaraz burutuko dute beren lana, eta gainontzekoek, euskalduntze plangintzaren barruan, euskaldunduz doazen heinean, beren lana apurka apurka euskaraz burutzeari ekingo diote, dagozkien hizkuntz eskakizunak eskuratzean, erabat euskaraz ihardungo dutelarik.

32. Art.- Zaldibiako Udalean eta bere menpeko erekundeetan edozein bidez lanpostu berri batetara heltzeko, ezinbesteko baldintza da lanpostuari dagozkion hizkuntz eskakizunak betetzea. Horretarako, Udaleko lanpostu guztien zerrendak berak jasoko ditu lanpostu bakoitzari dagozkion hizkuntz eskakizunak. Eta urteko aurrekontuek lanpostuen erlazioa jaso dezaten, urte horretan Udalean egingo den lanpostu eskaintza epe barruan aurkeztuko da Udalbatza plenoak onar dezan.

33. Art.- Udal Administrazioak, aurrikusitako helburuak lortzeko iharduera plangintzak egingo ditu.


IX. PERTSONAL BERRIAREN HAUTESPENA.-

34. Art.- Era berean, Zaldibiako Udalak etorkizunean kontratatuko dituen langile funtzionariek lanpostu elebidunetan lan egiteko bada, beren iharduera euskaraz burutzeko gai izan beharko dute. Beraz, Udalean eta Udalaren menpeko organismoetako lanpostuetan definitutako hizkuntz eskakizunak bete beharko dituzte, lanpostuetan ihardun ahal izateko.

35. Art.- Zaldibiako Udaleko lanpostuez funtzionari nahiz lan eraintzapean jabetu ahal izateko derrigorrezkoa izango da lanpostuari dagozkion hizkuntz eskakizunak egiaztatzea.

36. Art.- Hizkuntz eskakizunak betetzen dituen pertsonarik ez balego, hutsik utziko da plaza, berriro deialdia egiteko, lanpostuaren perfila betetzen duen pertsona eskuratu arte, plaza bete gabe utziko delarik.


X. EUSKARAREN ERABILERA UDALERRIAN.-

37. Art.- Euskara gizarte esparru guztietan erabil dadin eta, oro har, gizarte bizitzan euskararen presentzia gehi dadin, neurri egokiak hartuko ditu Udalak, ildo horretan, hiru dira euskararen erabilera Zaldibiako Udalerrian normalizatzeari dagozkionez Udalak bere gain hartzen dituen bitarteko nagusiak:

a) Zabalpen funtzionala: Euskara gizarte-bizitzan gero eta presenteago egon dadin, planak bideratzea.

b) Zabalpen demografikoa: elebidunen kopurua haunditzea edo hobetzea, euskaraz ez dakitenek ikas dezaten bideak jarriz, eta dakitenak alfabetatu daitezen bitarteko egokiak bideratuz.

d) Zabalpen geografikoa: Euskara Zaldibiako herriko auzo eta auzune guztietara zabaltzea.

Beraz, euskararen erabilera ziurtatu, bultzatu eta gizartearen erabilpen esparru guztietan orokortzeko xedez, ahalegin berezia egingo du Zaldibiako Udalak.

38. Art.- Zaldibiako Udalerriko kale, bide, auzo, auzune, mendi, ibai eta erreken izendegi Ofiziala eta oro har, leku izenak Zaldibiako Udalak finkatuko ditu, errespetatuz kasu guztietan, euskal erromantze edo gaztelaniazko jatorria, hizkuntza bakoitzaren grafia propioarekin.

Aurreko paragrafoan aipatu izendegi ofizialei buruz gatazka sortuz gero, korporazio lokalak, Euskaltzaindiarekin harremanetan jarri ondoren, beharrezko den erabakia hartuko du.

39. Art.- Herribideetako eta kalebideetako trafiko seinale eta iragarpenak oro euskaraz jarriko dira.

40. Art.- Zaldibiako Udal garraio publikoetako inprimaki, abisu eta aiderazpenak oro euskaraz egin daitezen, neurri eraginkorrak hartuko ditu Udalak. Batez ere, pertsonalaren, errotulazioaren eta publizitatearen alorretan bereziki eraginez. Era berean, Zaldibiako Udalerrian abiapuntua edo geralekua duten garraio publikoetako arduradunei ere gauza bera egin dezaten eskatuko zaie.

41. Art.- Herriko bizitza sozial eta kulturalaren eremu guztietan euskararen sustaketa eta erabilera, merkatal, kultur, gizarte, kirol, erlijio eta beste zeinnahi motatako entitatetan gehitu dadin ahalegin berezia egingo du Udalak, honako helburuei arreta berezia jarriz:

1.- Urtean zehar egiten dituzten erabilera publikoko idatzizko iharduerak, idazki, iragarki, txartel, ohar eta abarren testua euskaraz idatzi ditzaten.

2.- Urtean zehar egiten dituzten erabilera publikoko ahozko iharduerak, jakinarazpenak, propaganda, abisuak, e.a., euskaraz adierazi ditzaten.

42. Art.- Udal instalazioak erabiltzeko edota zerbitzu prestakuntzarako (oholtzak, hesiak,...) Udal baimena emateak Udal ordenantza honetan bertan jasotako bete beharrak kontutan hartuko ditu.

43. Art.- Udalak bere Udal Ordenantzetan dirulaguntzak emateko arauak egingo ditu, izaera ez ofizialeko elkarteak, merkatal, aisia eta kultur entitateak subentzionatzeko, hurrengo erizpide hauei jarraituz:

1.- Euskara hutsez idatzitako errotuloek, Udalari ordaindu behar zaion tasaren %60ko subentzio ekonomikoa izango dute.

2.- Errotuloetan izen eta deiturak besterik agertzen ez direnean, ez da inolako subentziorik eizango.

44. Art.- Obra baimenen eskaera herritarrek euskaraz egin ditzaten saiatuko da Udala eta ondorengo tramitazio osoa euskaraz egiten.

45. Art.- Zaldibian ematen den irakaskuntza ez unibertsitarian, euskarazko irakaskuntza bakarrik bideratuko da. Guzti hori ikastetxeekin elkarlanean burutuko da.

46. Art.- Irakaskuntza unibertsitariari dagokionez, euskarazko sailak bultzatzeko eta bereziki Zaldibiako herriko ikasleek unibertsitatean euskarazko sailetan matrikula daitezen ahalegin berezia egingo du Udalak.

47. Art.- Hizkuntz normalizazioaren esparruan Udal honen xede nagusietarikoa euskaraz hitzegiten dakitenen kopurua gehitzea eta hitzegiteko prest daudenak alfabetatzea denez, lan horretan dabiltzan eta izaera publikoa duten ente edo erakundeak lagunduko ditu Udalak, bai diruz bai azpiegituraz, jadanik martxan daudenei konpetentziarik egin gabe.

48. Art.- Euskaraz dakitenak euskaraz bizi ahal izan daitezen bultzatzeko asmoz, saio bereziak egingo ditu Udalak, haur, gazte eta helduentzat kultur eta aisia ospakizun bereziak euskaraz antolatuz.

Era berean, euskarazko kreazioa indartu eta euskaraz idatzi eta irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko xedez, herritarrek euskaraz idatzitako lanak argitaratzeko laguntzak emango ditu, horretarako ipuin, literaturaren inguruko eta bidezko erizten diren zenbait ekintza burutuko dituelarik.

49. Art.- Euskararen presentzia komunikabideetan indartzeko, Zaldibiako Udalak komunikabideei bidaliko dizkien oharrak, jakinarazpenak, e.a., euskaraz bidaliko ditu. Halaber, harremanetan jarriko da komunikabide horien arduradunekin, Zaldibiako Udalari buruzko informazio osoa, euskaraz atera dezaten.

Bestetik, euskal komunikabideak bultzatzeko asmotan, Zaldibiako Udalak ateratzen duen publizitatea euskal komunikabideetan, euskaraz argitaratzeko erabakia hartzen du.

50. Art.- Zaldibiako Udalak, instituzioek egin behar duten euskara normaltzeko lana ezinbestekotzat jotzen badu ere, derrigorrezkotzat jotzen du, era berean, Udalerrian eta Euskal Herri osoan euskararen normalkuntzarako zer esana duten pertsona eta erakundeekin harremanetan lan egitea. Euskara Zaldibiako Udalean eta Udalerrian normaltzen bada, denon elkarlanaren fruitu besterik ezin bait daiteke izan. Horrexegatik, Zaldibiako Udalak, pertsona eta erakunde hauen lana eta berea koordinatu asmoz, Euskararen Batzorde Informatibo zabal bat antolatu du.


XI. EUSKARAREN MODERNIZAZIOA, BATASUNA ETA NORMALKUNTZARAKO AZPIEGITURA.


51. Art.- Ordenantza honen aplikazio eta garapenerako etorkizunean har daitezkeen neurri teknikoen zuzendaritza eta jarraipenaz Udaleko nahiz Eskualdeko Euskara-Zerbitzu Teknikoa arduratuko da, Udaleko Euskararen Batzorde Informatiboak esandakoa kontutan hartu ondoren eta jasotako erizpideen arauera, markatutako ildotik.

Udaleko Euskararen Batzorde Informatiboari eta Udaleko gainerako organo politikoei dagokie, beraz, Udalaren hizkuntz normalizariorako erabakiak, proposatu eta eztabaidatu ondoren, onartzea. Hitz batez, Udalaren hizkuntz politika definitzea. Euskara-Zerbitzu Teknikoaren zeregina da, aldiz, erabaki eta programa horiek hezurmamitu eta beroien zuzendaritzaz eta jarraipenaz arduratzea.

Era berean, Euskararen Batzorde Informatiboa, Zaldibiako udalerrian euskara normaltzeko lanetan diharduten pertsona, erakunde eta gizarte-esparru ezberdinen eztabaidarako elkargunea izango da. Udalaren hizkuntz normalizaziorako ihardunaren ardatzak finkatu eta berrikusteko erizpideak emateaz arduratuko da. Bestalde, Euskara-Zerbitzu Teknikoa saiatuko da, era berean, Euskararen Batzorde Informatiboko partaideek behar duten laguntza teknikoa eta azpiegiturazkoa ematen.

Zaldibiako Euskararen Batzorde Informatiboak markatutako ildotik, Euskara-Zerbitzu Teknikoa eta Udaleko nahiz Eskualdeko Itzultzailetza-Zerbitzua izango dira euskaraz egindako lanaren prestaketaz, idazkeraz eta gainbegiraketaz arduratuko direnak, hala nola pertsonaleko lankideei jatorrizko dokumentuak euskaraz idazten lagunduko dietenak.

52. Art.- Zaldibiako Udalak, Ordenantza honetan xedatzen dena bideratzeko, ezinbestekotzat jotzen du aurreko artikuluan aipatu azpiegituraz jabetzea, eta ildo horretan, bere buruari sei hilabetetako epea jartzen dio azpiegitura hori bideratzeko.


XEDAPEN GEHIGARRIAK.-

LEHENA.- Zaldibiako Udalak sortu edota bultzatzen dituen programa guztietan hizkuntz erabileraren normalizazioaren ikuspegia kontutan hartu beharko da, eta Udaleko Euskara-Zerbitzua izango da, beti ere Ordenantza honen ildotik, hizkuntz normalizaziorako ikuspegiaren presentzia berma dadin, Udaleko Zerbitzu eta Departamendu guztiak informatuko dituena. Guzti hori, erabakia dagokion Udal organoak hartzearen kalterik gabe.

BIGARRENA.- Udalak onartutako gainontzeko Ordenantza eta xedapenek, Ordenantza honetan jasotakoak bereganatu egin beharko dituzte.

XEDAPEN DEROGATZAILEA.-

Baliorik gabe geratzen dira Ordenantza honen maila berekoak edo ttikiagoak izanik, Ordenantza honetan xedatuarekin bat ez datozen edo kontrajarrita dauden erabaki guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honen aplikazio eta garapenerako beharrezkoak diren xedapen eta programa berezi xehetuak erabaki eta bultzatuko dituzte Udaleko Organo Exekutiboek.


| C/ Santa Fe , 18 - (20247). Teléfono: 943 880357, Fax: 943 885043 | © Ayuntamiento de Zaldibia. CIF P2008400J