Fecha actualización:
  • Fecha Última actualización: 10/02/2010
Seleccione su idioma:
imprimir enviar Aa Aa
Zaldibia
    Ayuda

Geología y clima 

Aralar mendiaren ipar-mendebaldeko egitura geologikoetan barrena zabaltzen da Zaldibiako lurraldea. Udalerriaren gune garaienean azaleratzen dira, Aralarko goi-larreetan, hain zuen, materialik zaharrenak (Dogger-ko kareharriak, orain 165 milioi urtekoak) ipar-ekialde/hego-mendebalde lerrokadurari jarraituz. Elkarren hurrengo litologiak, antolatze-modu paralelo nabarmenean daude ezarrita: Goi Jurasikoa (140 milioi urte) eta fazies urgoniarra (Kretazeoa, 115 m.u.).

Osinberdeko kanalaren gainean, kareharrizko lentejoi bat dago. Kareharri horiek Behe Kretazeoan guztiz ohikoak diren fazies urgoniarraren bereizgarri dira. Zabalguneak dituzten elkarren segidako bandetan antolatuta daude eta lurkaragoak diren beste material batzuekin tartekaturik agertzen dira. Guztiak Ausoko Gaztelu mendiaren iparralderantz zabaltzen dira. Konplexu Supraurgoniarra (110 milioi urte), hau da, Urgoniarraren gainean ezarri ziren materialak (ez hain karaitzatsuak), iparralderago azaleratzen da.

Erliebeari dagokionez, bi eremu nagusi bereiz ditzakegu Zaldibian; batetik, udalerriaren iparraldean Goi-Kretazeoko flyscha (80 m.u.) azaltzen da eta honek ematen dizkio bere forma tipikoak: gailur lau samarrak batez ere (horietako batzuk baserri-kontzentrazio txikiak ezartzeko aprobetxatuak, Saturdikoa esaterako). Hegoaldean, bestetik, ingurune karstikoari lotutako zenbait fenomeno antzematen da, kareharri urgoniarrez estalitako eremu zabal baten ondorioz: lapiazak, inguruko materialen higadura diferentzialaren eraginak osatutako kareharrizko gailurrak, dolinizazio-prozesuak, uren lurpeko zirkulazioa eta iturburu karstikoak.

Aralarko sistema karstiko nagusietariko batzuek herri honetan isurtzen dituzte beren urak. Iturburu garrantzitsuenak hiru dira, guztiak Aiestaranerrekako haranean kokatuak. Osinberde dago alderik garaienean kokatuta, Andurio eta Martxabaleta mendien oinean. Urtean 480 l/s-ko batez besteko emaria azaleratzen du, eta bilketa-arroa Aralarko lur jurasikoetan zehar zabaltzen du: Alotza, Ganboa, Gañeta, eta abar. Lurpeko ibaia ederki ikus daiteke Ondarreko zuloa izenaz ezagutzen den leizea jaitsi ondoren, 260 m-ko sakonean.

Bonbatxulo iturburu txiki bat da, aurrekotik oso gertu dagoena. Arroa Jurasikoaren iparraldeko hegalera zabaltzen du. Osinbeltzek, haranaren hondoan, Gazteluko ekialdeko eta mendebaldeko isurialdeetan ditugun kareharri urgoniarretatik jasotzen duen 32 l/s-ko emaria husten du. Honetan ere, lurpeko ibaia ezagutzen da: Errekontaerrekako leizetik jaitsiz, 230 m-ko sakonean ikus daitekeena, hain zuzen ere.
Aipatutako iturburu karstikoek Zaldibiako herrigunetik bertatik igarotzen den Aiestaran edo Amondarain erreka hornitzen dute. Iturburu hauez gain, Oria ibaira isuri aurretik, erreka txikien urak jasotzen ditu. Horien artean, Urtsuerreka da nagusiena.

Landazabalean baserria eta larre zein labore atlantikoak dira nagusi, behe-lurretan gehien bat, haran-hondoetan eta garaiera ertaineko hainbat eremutan. Tartekaturik, aldapa handiagoko lekuetan eta, garai bateko basoen lekuko, harizti azidofiloko eta harizti-baso misto atlantikoko lursailak daude. Zuhaitz-landaketak (Pinus radiata -intsinis pinua- gehienbat, nahiz eta Fagus sylvatica -pagoa- espeziea duen lursailen bat ere badagoen) goialdeetan daude ezarrita eta Gazteluko ipar-mendebaldeko hegaletan nagusitzen dira. Altuera handiagoan, aipatutako sail landatuen ordez txilardi-otadi-garosail atlantikoa, albiztegi eta larre mesofiloak, mendi-belardiak, larre harritsu kaltzikolak eta, orientazio hoberena duten guneetan, pagadiak ageri dira.


| C/ Santa Fe , 18 - (20247). Teléfono: 943 880357, Fax: 943 885043 | © Ayuntamiento de Zaldibia. CIF P2008400J