kabezerako_irudia

Artzaintza Zaldibian

Zaldibiako historia eta xehetasunak

Goierriko eskualdean kokatua dugu herri hau, Ordiziatik 4 km.-ra, Tolosatik 20 km.ra eta Donostiatik 45 km.ra. 16’2 km2 ko hedadura du eta herriko erdigunea itsasoaren mailatik 164 metro gorago dago. Udalerrian 1.674 biztanle bizi ziren 1993an –gaur egun 1517- eta muga egiten du Arama, Altzaga, Gaintza eta Abaltzisketa, Ataun, Lazkao eta Ordizia herriekin eta bera partaide den Enirio-Aralar Mankomunitatearen lurrekin. Amundarain ibaiak, Oria ibaiaren ibai-adar denak, herria zeharkatzen du, eta bertako mendi garrantzitsuenak Intzartzuko Haitzak (565 metro), eta Auza-Gztelu (899 metro) eta Ñañarri (1.341 metro) tontorrak ditugu, azken hori Txindoki edo Larrunarri izenez ezagunagoa izanik.

Zaldibiako historia berrian inguruko herriekin hainbatean elkartu eta beste hainbatetan bereizi izana dugu aipagarri. Hiri-bildu bilakatu zen 1615eko otsailaren 13.an Felipe III.ak 3.575 dukaten truke eman zion titulu honi, baina hori baino lehen, Altzaga, Arama, Gaintza, Itsasondo eta Legorretako herriekin batera, ikusirik ezin zirela beren kabuz moldatu, Villafrancarekin bat egin beharrean topatu ziren 1399ko apirilaren 8.an Erabaki horrek Enreki III.aren errege-onespena jaso zuen Tureganon 1402ko abuztuaren 5ean. Horren ondorioz, erakunde komun bat sortu zen justiziako administrazioari eta beste premia eta obligazio orokor batzuei zegokienez, eta horien artean, leku nabarmen bat bete zuen gaizkileen aurka defenditzeko herri mailako milizia komun baten sorrerak, baita Probintziako Batzar Nagusietan eta Batzar Berezietan osotasun horren ordezkari izango litzatekeen prokuradorea edo ordezkaria aukeratzeak ere. Hala eta guztiz ere, herri bakoitzak aginteari eutsiko zion bere ogasunaren administrazioan.

1615. urtean erregearen dekretuz hiri-bildu izatea lortu ondoren, Villafrancako kontzejuaren tutoretzatik askatzea erabaki zuen, eta urte horretan bertan Oria Ibaiaren Batasunarekin bat egin zuen, besteen pareko partaaide gisa. Elkarketa hori azaroaren 23an gauzatu zen, eta gastuak gutxituz abantaila ekonomikoak lortzea zuen helburu.

1682. urtean, Zaldibiak, Aramarekin batera, bertan behera utzi zuen Batasun hori. Bera kasa zenbait urtez ibili ondoren, Oria Ibaiaren Batasun horretara itzuli zen berriro Zaldibia 1741. urtean, eta bertan jarraitu zuen 1768. urtea arte, hots, behin betiko utzi arte.

Berrogeita hamar urtez berriro bere kasa ibili ondoren, 1818. urtean Batasun berri bat osatu zuen, Atazalbea izenekoa, Ataun eta Beasainekin batera, baina hori ere desegin egin zen 1852. Urtean.

Zaldibiako ekonomiak, historian zehar, epealdi ezberdinak igaro ditu, eta egungo garaietara egokituz, horiekin bat egitea lortu du nahiz zenbait gorabehera bizitzea ere egokitu izan zaion. Abeltzainak eta nekazaritzak bidea zabaldu diote industria modernoari eta teknika aurreratuenei, eta lehendabiziko horiek, pixkanaka-pixkanaka desagertzen ari dira. Aldaketa horien guztien artean bada jarduera bat, artzaintza, aspaldiko garaietatik gaur arte gure herriko hainbat familietako ekonomiaren ardatz nagusi izaten jarraitu duena. Zalantzarik gabe antzinako garaietan baino urriagoa da, baina garai modernoetara egokitutako teknika eta bizimoduetan oinarrituz, gure arbasoek erabilitako horiekin antza badute oraindik.

aurrekoa1/11hurrengoa

artzaintzaren inguruko argazki zaharrak

artzaintzaren inguruko argazki zaharrak

artzaintzaren inguruko argazki zaharrak

© Zaldibiako Udala 2005