• Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna
    Deialdiaren kartela

    Beste urte batez, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Zaldibiako Udalak biolentzia matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, gure Udalerrian ere irauten duen gaitza baita.

    2012a hasi zenetik 5 emakume erail dituzte Euskal Herrian eta milaka dira komunikabideen bitartez jasotzen ditugun kasuen berri . Eraso sexisten inguruko gertakariak eta salaketak egunero entzun ohi ditugun elementuak dira. Herriko jaietan edota jai eremuetan emakumeon askatasuna baldintzatu eta eraso sexisten areagotzea ematen da. Lan eremuan ematen diren sexu jazarpenen datuak kezkatzekoak dira. Gazteriaren artean sexuen arteko botere harremanak eta balore patriarkalak iraunarazteaz gain, mutil askok nesken kontrako indarkeria ere baliatzen dute…

    Emakumeen aurkako biolentziak, izaera fisikoa, sexuala edo psikologikotik haratago, ekonomiko eta sozial izaera ere ba du. Horregatik Udal gisa emakumeen aurkako biolentziaren aurrean dugun jarrera, bikote edo bikote ohi eremuan ematen den biolentziatik haratagokoa izango da.

    Aurten, bizi dugun egoeraren aurrean ezin dugu bestaldera begiratu; are gutxiago gure eskubideak egunetik egunera murrizten ari direnean:

     
    Bikote edo bikote ohi eremuan ematen diren etengabeko tratu txar fisiko eta psikologiko adierazpenak SALATZEN DITUGU. Emakume izate hutsagatik kolpeak, jipoiak eta heriotzak gertatzea onartezina iruditzen zaigu.

    Hainbat ordezkari politiko, agente sozial, judizial eta komunikabideren aldetik egindako adierazpenak SALATZEN DITUGU, emakumeak herritar tutelatu gisa eta norbere bizitzaz erabakitzeko ahalmenik gabe kokatzen direlako.

    Krisian baitan, zerbitzu publikoen murrizketek -bereziki zaintzari dagozkionak-, biolentzia arriskua handitu dezaketen bulnerabilitate egoerak sortzen dituztela SALATZEN DUGU.  Obedientzia eta sumisioan oinarritutako harremanetan hain zuzen ere.

    Hori guztiagatik, Zaldibiako Udalak, ekitatea eta emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna oinarri izango dituen beste eredu sozial baten eraikuntzan aurrera egiteko konpromisoa hartzen du. Emakumeenganako biolentzia bukatzeko bide bakarra izanik eta bide honetan mugimendu feministari entzun eta berarekin parte hartuz, norabide honetan egindako ibilbideagatik eta helburu hori lortzeko duen lidergo historikoagatik.

    Horren guztiaren jakitun, Zaldibiako Udalak:

    KONPROMISOA HARTZEN DU indarkeria aurre egiteko politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak hartu beharko ditugu kontutan, besteak beste heziketan oinarritutako prebentzio neurriak, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak edota erantzun soziala artikulatzeari begirakoak.

    KONPROMISOA HARTZEN DU, bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko, hitzetik ekintzetara pasatuz.

    KONPROMISOA HARTZEN DU, autodefentsa feministaren beharra transmititu eta emakumeak animatu lanketa berezia egin dezaten eta bitartekoak jarri

    GONBITEA EGITEN DIE herritar guztiei,  azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, herri edo eskualde mailan antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko.

    Bide beretik, Berdintasunari buruzko diagnostikoa egin ondotik, berdintasunerako funtsezkoak diren bost esparru lantzeko, formakuntza tailerrak antolatu ditu Zaldibiako Udalak:

    1.BERDINTASUNA ULERTZEN: 2012ko azaroaren 6an.
    2.EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA: 2012ko azaroaren 27an, 18:30etan Karrerane kultur etxean.
    3.ZAINTZA: GUZTION BEHARRA, GUZTION ARDURA: 2013ko urtarrilean.
    4.HEZKIDETZA: BERDINTASUNEZKO ETORKIZUN BATERAKO GILTZA: 2013ko otsailean
    5.GURE GORPUTZAK, GURE BIZIPENAK, GURE ERABAKIAK: 2012ko martxoan.
    * Gainerako datak, gerturatu hala jakinaraziko dira.

    ZALDIBIAKO UDALAK DEI EGITEN DIE herritarrei antolaturiko formakuntza tailer hauetan parte hartzera.

    Zaldibiako Udalak, 2012ko azaroaren 5ean. aho batez onartua

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /