• Baserri eremuko landa paisaia atlantikoen balioa aldarrikatzeko proiektua antolatu du Goimenek

    Eskualdeko paisaien etorkizuna interesatzen al zaizu? Galdera horretatik hasita, lehenengo parte-hartze saioan herritarrek beren irudipenak eta iritziak eman ahalko dituzte: Goierrin bizi-kalitatea bermatzeko paisaietan zer aldatu edo mantendu beharko litzatekeen, paisaien balioak zein diren, babesteko proposamenak… jaso nahi ditu Goimenek.

    Gipuzkoako eta Bizkaiko bederatzi landa garapen elkartek baserri inguruetako paisaiak balio handia duela eta, horiek mantentzeko beharrak bultzatuta, Baserri-paisaiak proiektua antolatu dute. Tartean da Goierriko Goimen landa garapen elkartea ere.

    Klima atlantikoaren eremuko landa eremuen paisaiari erreparatuko diote proiektuan. Bi parte-hartze saio egingo dituzte, Goierriri dagozkionak Zaldibiako Goizane etxaldean. Ondoren, Goimenek jasotako emaitzak txostenean borobilduko ditu, eta jendeak aurkezten dituen gaietan sakonduko du. Eskualdeko administrazioei eta eragile ekonomiko zein sozialei aurkeztu ondoren, hurrengo urteetan ekimenak gauzatzea da asmoa.

    Baserriak eta lehen sektoreak ondu, zaindu eta iraunarazten dituen paisaien balioaz gizartea jabetzea da helburu bat. Bien bitartean, nekazarien alderdira begira, baserriko produktuei «beste balio erantsi bat» gehitzeko aukera aurkeztuko dute, «herritarrek baserri-paisaietan gehien baloratzen dituzten elementuak zeintzuk diren azalduz».

    Herritarren gogoeta paisaiaz

    Eskualdeko paisaien etorkizuna interesatzen al zaizu? Galdera horretatik hasita, lehenengo parte-hartze saioan herritarrek beren irudipenak eta iritziak eman ahalko dituzte: Goierrin bizi-kalitatea bermatzeko paisaietan zer aldatu edo mantendu beharko litzatekeen, paisaien balioak zein diren, babesteko proposamenak… jaso nahi ditu Goimenek.

    Aurreneko fase horretan eskualdeko landa paisaiaren «altxorrak ezagutu, zaindu eta ezagutarazi» nahi dira. Ondoren, horiek balioan jartzeko ekintzak proposatuko ditu agentziak, bigarren batzarrean.

    Goimenek esan du «oso garrantzitsua» dela bi saioetara joatea.

    Saio irekiak 

        Gaia. Goierriko baserri-paisaien balioak ezagutzea eta horien garrantzia agerian jartzea.
        Lehen bilera. Azaroak 28, asteazkena. 17:00-19:00.
        Bigarren bilera. Abenduak 19, asteazkena. 17:00-19:30.
        Tokia. Goizane etxea, Zaldibia.
        Izena. Aldez aurretik hots egin: 943 33 50 48 / 686 73 81 52.  aisaia.atl@paisaia.com

     

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /