• Hemen duzue jaietako egitaraua eta agurra.

    Zaldibiako festak ate joka ditugu!

    AGURRA

    2012 urtea berezia dugu Euskal Herri osoan. Batetik faxista espainiarrek 1937an Gernika, Durango eta Euskal Herriko beste hainbat udalerri bonbardatu zituzteneko 75. urteurrena betetzen da, eta bestetik, Gaztelak  Nafarroa konkistatu zuenetik 500 urte betetzen dira. Urtemuga hauetan ez dugu ezer ospatzeko eta asko dugu gogoratzeko eta gogorarazteko.

    Azken urteari begira jarrita, egindako bideaz ohartu gara: hitzaldiak, Beti Gazte elkartearen berpiztea, tabernaren berrikuntza, herriko artisten erakusketa, Aberri egunerako Ikurriña banaketa, osasun zirkuitoa, Txondorraren ekimena, argi sarearen inguruko berrikuntzak, Berdintasun diagnostikoa, Olaldeko jolasleku berria eta zaldibia.org webgune berria besteak beste.

    Herri bizia da gurea eta horren erakusle dira Zaldibiako Gazte Festen 15 urteurrena eta Beti Gazte elkartearen berpizkundearen ondotik piztutako dinamikak ere. Hau dela eta bi talde hauek izango dira jaiei hasiera emateko ardura izango dutenak.

    Eskerrak eman nahi dizkizuegu jaien antolakuntzan parte hartu duzuen herritar guztioi, bai aurre prestaketan eta baita, nola ez, jaien antolakuntzan bertan ere. Bide beretik, egitarauan antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia egin nahi dizuegu, jaiak herritik eta herriarentzat antolatzen direlako!

    Herriaren zaintza auzolanean antolatu dugu azken bi urtetako herriko jaietan, eskola eta parte inguruan gertaturikoa errepikatu ez dadin. Gauzain lanean arituko zaretenoi, aurrez esker mila.

    Ondo pasa, pasatu gabe! Ez dago erraza gaur egungo gizarteari neurri hartzen eta bereziki festetan. Horregatik, jaietan bereziki pasatu gabe, ongi pasatzeko deia egiten dizuegu. Festari duen zuku guztia atera eta ito gabe ibiltzeko gomendioa egin nahi dizuegu Udaletik.

    Falta direnak gogoan! Herriko festek, maite ditugunak bildu eta ospakizunetarako aukera paregabea eskaintzen dute. Bide horretan ezin ditugu ahaztu gure artetik joan diren zaldibitarrak, ezta eraman zituztenak edo bidean geratu zaizkigunak ere. Ospatu ditzagun jaiak beraien oroimenez eta beraien oroimenarekin!

    Jaietan zintzilikatu Ikurriña balkoian!

    Zaldibian, 2012ako urrian

    ZALDIBIAKO UDALA

    OHARRA: Aberri egunerako abian jarririko ekimenaren harira, Ikurrinak eskura dituzue Udaletxean eta Kultur etxean euro baten truke. (Etxeko Ikurriña bat)

     

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /