• Zaldibian, ondo egitera goaz
    Etxez etxe banatu den orria

    Azken hilabeteetan hondakinen arazoaren inguruan informatzeko aukera izan dugu. Aukera baino beharra izan dugu.

    Hondakinen kudeaketaren inguruan piztu den eztabaida interesatuaren aurrean, arazoari muinetik heldu behar zaiola uste dugu.

    Batetik, Zubietan eraiki nahi duten Errauskailuaren mehatxua mahai gainean dagoelako eta berarekin Mutiloan hondakin kutsakorrentzako zabortegi berezia eraiki nahi dutelako.

    Eta bestetik, gaur egungo kuntsomo ereduak sortzen duen hondakin kopuruak, gure lehengai eta ama lurraren agorpena dakarrelako berarekin.

    2010eko apirilaren 16an, Goierriko 7 Alkate eta 62 zinegotzik (tartean Zaldibiakoak) publikoki eskatu zioten Sasietari, Atez ateko bilketa sistemaren inguruko azterketa burutu zezan.

    Garai hartan, Usurbilen abian zen bilketa sistemaren bidez, Gipuzkoan 5. kontenedorearen bidez 8 herritan  bildutako organikoaren bikoitza bildu bai zuten Usurbilen bakarrik.

    Sasietako lehendakaria zuen EAJ-k, inolako azterketarik egin gabe nahiago izan zuen 5. kontenedorea bezala ezaguturiko bilketa sistema abian jarri eta errauskailuaren proiektua azkartzea.

    Gure ustez bilketa sistema, ez da arazoa eta konponbidea ere ez, ez behintzat bere horretan bakarrik hartuta.

    Arazo nagusia sortzen dugun hondakin kopuruan dago eta ondoren hondakin hauen inguruan egiten dugun gestioan.

    Lehentasunetako bat hondakinak gutxitzea da, bertziklatu beharrik ez izateko. Behin hondakina gutxituta ahalik eta bizi gehien izan behar du materialak. Beraz ezin daiteke hondakin guztiak zabor gisara tratatu.

    Gipuzkoan hondakin organikoa tratatzeko gune bakarra dago, gune honek 2.500 tona organiko tratatzen ditu urtean. 2011 urtean bakarrik 6.000 tona organiko bildu ziren, nora bideratu zuten bildutako materia organikoa?

    Gaur egun, organikoa tratatzeko gune berriak eraiki bitartean, organikoa Euskal Herriko beste herrialdetako tratamendu gunetara bideratzen delako kexu diren horiek, nahiago zuten materia organikoa zabortegira botatzen jarraitzea eta errauskailua eraikitzea.

    Gure ustez helburua zero zabor lortzea izan behar du: Hondakinak gutxitzea, Birziklatzea eta Bilketa sistema eraginkorrena izatea.

    Bide horretan Zaldibiako Udalak 2012ko apirilaren 24ean, bere egindako konpromisoak helarazten dizkizuegu.

    ARAZO BAT DUGU ZABORRAREKIN

    Udalon helburu nagusietako bat herritarren ongizatea zaintzea da, eta Zaldibiako Udala, zerbitzu publikoa den aldetik, herritarron bizi kalitatea zaindu nahi du, zalantzarik gabe.

    Hau honela, eta hiri hondakinei lotzen bagatzaizkio, Sasietako Mankomunitatean urteak daramatzagu gure hiri hondakinak bildu eta Sasietako zabortegira jaurtitzen, eta ondorioz gure hondakinek eragiten dituzten kalteak gure bizilagunek pairatzen    dituzte. Eta hori ez da zuzena. Ez da zuzena ere, birziklatzeko saioa guztiak baztertu eta gure hondakinak erraustera bidaltzeko asmoa, arazo bati arazo handiago batekin erantzutea arriskutsua izateaz gain antzua baita

    Zaldibitarrok arazo bat dugu hondakinekin. Urteak daramatzagu edukiontzien sistemarekin birziklatzeko asmotan, baina urratsak eman baditugu ere, sistema ahitua dago.

    Gaur egungo gure birziklatze maila ez da %30era iristen, %90 birziklagarria denean. Denok birziklatzen dugula esaten dugu baina datuak gordinak dira, hondakinen %70 baino gehiago zabortegietara botatzen ari gara. Ez dugu organiko gramo bakar bat ere biltzen modu bereizian. Eta errealitatea are gordinagoa da: gaur egun papera, beira, ontziak eta organikoa nahastuta botatzen ari gara, balio handia duten eta lehengai diren hondakinak zabor kutsatzaile bihurtzen ari gara eta hori onartezina da.

    Arazoa dugu bai, baina konponbidea ere bai. Guk Gipuzkoa garbia nahi dugu, Zaldibiako airea, mendiak eta errekak garbiak nahi ditugu. Horregatik, eta Zaldibian gauzak ongi egiten dakigulako arazoari muinetik helduko diogu.

    Zaldibiarrok hondakinen murrizketari, berrerabiltzeari eta birziklatzeari ekingo diogu. Zaldibian gauzak ongi egiten ditugulako zero zabor politikarantz abiatuko gara, pausu txiki batekin emaitza ezin hobeagoak lortuko ditugu.

    Hau nola, udalbatzak zera onartzen du:

    1.- Zaldibiako Udalak ahalik eta hondakin gutxien sortzeko azterketa abiatuko du Sasietako Mankomunitatearekin.

    2.- Zaldibiako Udalak Mankomunitatearekin batera adostuko du konpostatze kanpaina zabala egitea herriko familien artean.

    3.- Zaldibiako Udalak ahalik eta gehien birziklatze aldera, emaitza onenak lortzen dituen hiri hondakinen bilketaren alde egiteko konpromisoa hartzen du, eta %80ko birziklatze maila lortzen ari den sistema bakarra atez ateko bilketa da gaur egun.

    4.- Udalak etengabeko urratsak emango ditu Zaldibia zero zabor lurraldea  bihurtzeko bidean.

    5.- Hau guztia burutzeko, Sasietako Mankomunitatearekin lan-batzorde bat osatzeko eskaera egingo du.

    2012ko apirilaren 24ean onartua: BILDUko aldeko botuekin eta Zaldibia Herrigintzanen aurkako botuekin.

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /